Mikel del Val
Mariño Real Union. Hori da datozen lau denboraldietan, gutxienez, Irungo eta Bidasoa eskualdeko emakumeen futbolari bultzada eta hauspoa emango dion proiektua. Mariñok hogei urte baino gehiago daramatza emakumeen futbolari ahotsa ematen, eta Real Union erreferentziazko taldea da Irungo eta Gipuzkoako futbolean. Irungo bi klubek, euren esperientzia baliatuz, indarrak batu dituzte emakumeen futbola indartu, bultzatu eta ikusgarri bihurtzeko, eta eskualdeko emakumeek futbolean jokatzeko aukera izateko.
Alberto Mancebo Mariño Real Unioneko koordinatzaile eta emakumeen lehen taldeko entrenatzaileak azaldu du Irunen emakumeen futbola sustatzea dela proiektuaren helburu nagusia: “Mariñok ibilbide luzea egin du jada emakumeen futbolean, aitzindarietako bat da, eta Real Unionek urteak zeramatzan halako proiektu bat sortzeko ideiarekin. Proiektu paralelo bat sortu beharrean, bi klubek indarrak batu dituzte, eta, hala, eskualdeko emakumeen alde apustu egingo duen proiektu bat sortu dute”.
Aurkezpena, martxoan
Martxoan hasi zuen bidea 2023-2024ko denboraldian martxan jarri duten proiektuak; Igor Emery Real Unioneko presidenteak eta Javier Mariño Mariñokoak orduan aurkeztu zituzten akordioaren ildo nagusiak. Bi presidenteek jakinarazi zuten lau urteko hitzarmena sinatu dutela, baina ez zuten ezkutatu “proiektuak irautea” gustatuko litzaiekeela, eta ez hitzartutako lau urte horietan bakarrik. Bide beretik, Mancebok berak ere onartu du “proiektuak luzaroan irautea” dela ideia. Hori dela eta, koordinatzaileak argi du “oinarriak eta zimenduak” jarri behar dituztela orain, “proiektuak aurrera egin dezan”.
Emakumeen sei talde eta futbol eskola bat dauzka Mariño Real Unionek, eta 160-180 jokalari joaten dira astero klubaren instalazioetara. Talde horiek Irungo Ugalde-Bentak, Gal eta Artia futbol zelaietan entrenatzen dira, aste barruan; partidak Ugalde-Bentetan eta Galen jokatzen dituzte.
Irungo futbol eskolan emakumezko benjamin eta kimuak dituzte egun, Lehen Hezkuntzan ikasten ari direnak: haur kategorian, bi talde daude, zortziko futbolean aritzen direnak eta hamaikakoan aritzen direnak; kadeteetan, beste bi: bigarren taldea —sortu berria— eta ohorezko mailako kadeteen taldea; eta, azkenik, beste bi talde dituzte seniorretan: gorengo mailarako taldea —sortu berria— eta eskualdeko ohorezko mailako taldea.
Futbol eskolari dagokionez, aurreko denboraldiarekin alderatuta, bi talde berri dituzte sasoi honetan: kadete mailako bigarren taldea eta senior mailako bigarrena. Hortaz, bi talde horiek sortuta, emakumeek “aukera gehiago” izango dute futbolean aritzeko eta kirol horretan hasi ahal izateko.
Horrez gain, Mancebo ziur da Mariñok eta Real Unionek bat egin izanak emakume gehiago erakarri dituela klubera. “Aurrez, emakume mordo bat zuen Mariñok, eta, Real Unionek izenagatik eta egituragatik Mariñori emango dion indarrarekin, ikaragarri hobetuko da dena”. Mancebok gaineratu du Irungo klubeko jokalariak “motibazio eta interes handiarekin” ari direla futbolean jokatzen. “Ikusten dute gure klubak besteek eskaini ezin ditzaketen baliabideak dituela eskura”, ziurtatu du.
Dani del Val prestatzaile fisiko eta emakumeen lehen taldeko bigarren entrenatzailearen ustez, hobekuntzarako bide horretan funtsezkoa izan da bi proiektuak elkartzea: “Mariñok orain arte ez zituen zerbitzuez hornitu du Real Unionek kluba; esaterako, Galen entrenatzeko aukera eman digu, bideoak ikusteko gelak eskaini ditu, gimnasioa, medikuak eta fisioterapia zerbitzua…”.
Hasiera “ezin hobea”
Kirol arloari helduta, denboraldiaren hasiera “ezin hobea” izan dela adierazi du Mancebok, talde gehienak “partidak irabaziz edo neurketarik galdu gabe” hasi baitira lehian. Haur mailako lehen taldea da irabazi gabe dagoen bakarra; gainontzekoak olatuaren gainean dira. Mancebok zalantzarik gabe esan du “lan onaren fruituak” direla “emaitza onak”.
Leave a Reply