‘Guggenheim sindromea’ gurean

Sasoi baten Ikearen katalogoa buzoneatzen zutenean, atsegin handia izaten nuen hura postontzitik jasotzean, banekielako zein ondo pasatuko nuen bertako argazkiak ikusten, gela konposizioa aztertzen, konbinazioak behatzen… Gozatua. Nire eskuetan jausten ziren dekorazio aldizkariekin ere asko disfrutatzen nuen, goitik behera aztertuta, plazerez. Orain ez dakit existitzen diren ere, paperaren gainbehera dela eta. Ikeak ere ez ditu nobedadeak papereratzen, eta ez dut gozatu hori hartzen, lastima. Telebistan erreforma saio ugari daude, eta horiekin konformatu behar, nahiz eta iparramerikarrak izan, eta hango joerak ez izan hain gustukoak.

Etxe aldaketa bat zela eta, Interneteko denda birtualetan ere ibili nintzen kuxkuxeatzen. Aldaketa gauzatu bitartean, web zenbaitetako buletinean izena eman nuen, eta denboratxoa pasatu arren, segitzen dut posta elektronikoan nobedadeak jasotzen.

Beti agertzen zait begi-bistan ikaragarri gustuko dudan piezaren bat, egokia litzatekeena gela konkretu baterako. Eta ametsetan hasten naiz, zer egingo nukeen berarekin etxean. Jakina, altzari egokiak botatzea ekarriko luke, eta goitik behera aldatu orain dagoena. Gordezalea naiz, eta ez dut egingo estetika edo kapritxo hutsagatik halakorik, beti etorriko delako zerbait berriagoa, ederragoa, egokiagoa, badakidalako hurrengo nobedadeekin isiotuko litzaidakeela atzera ere etxea aldatzeko nahia. Ez luke akaburik!

Agian horregatik ez dut ulertzen aitatutako erreforma saio horietan batzuetan egiten dutena: ondo eta egoki erreformatutako etxea hautatu, eta osorik desegin barrutik, gurari estetikoak betetzeko.

Gure agintariak ere iparramerikar horiek bezalakoak dira askotan. Ez dute inongo erreparorik eraikin zaharrak desegin eta modernoak eta diseinuzkoak egiteko, botatakoek diseinurik ez balute bezala. Ez nago ziur zerk mugitzen dituen. Baliteke espekulazioak, edo desarrollismo itsuak mugitzea. Beharbada, porlangintzak, edota Guggenheim sindromeak, zeinak eraikin ikusgarriak altxatzea eragiten duen, erabilgarritasuna eta praktikotasuna alde batera lagata. Edo guztia batera den. Ez dakit, baina aspaldian besterik ez dugu ikusten gure herrietan. Eibarren, esate baterako, Alfaren fundizioa erauzi zutenean, bulegoen eraikin ederra, marmolez betea, liburutegi eta aretoduna deuseztatu zuten, kontserbatu beharrean, zer eta etxeak egiteko! Baina Donostia da, azken aldian, hamaika adibide duena, atzena edo aitatuena Atotxako tren geltoki eraitsia. Ez ote dago modurik antzinakoa berriarekin uztartzeko? Beti ezereztatu behar ote dira eraikinak handikeria apetak betetzeko? Ez ote da ezer gorde behar?

Murriztu, berrerabil eta birzikla dezagun etengabeko publizitate kanpainak egiten dituzte gobernuek. Agintariek, ostera, jaramonik ere ez diete egiten euren kabineteek emandako aholkuei. Klima larrialdiaren sasoian zutik dauden eraikinekin ere bete beharko lituzkete gomendiook, etengabeko bota eta berria egin leloa baztertu, erraldoikeriak berraztertu, eta ikusgarri hutsak diren eraikuntzak, alegia, Guggenheim sindromearen eraginpean sortutakoak, neurriratu, eta zaharrak zaindu, egoki birgaitu, eta kontserbatu, egun baten antzinakoak bihur daitezen.

Guk gure etxeetan berrizte kapritxosoei eusten diegun moduan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.