Unai Zubeldia
Tabernaz taberna baxoerdiak hartzen ibiltzen den pertsona. Horixe da txikiteroa, Euskaltzaindiaren definizioaren arabera. Beste herri askotan bezala, 1970eko hamarkadan Arrasaten ere oso zabalduta zegoen txikiteoa; hain zabalduta, gaur 45. aldiz ospatuko dute txikiteroen patroiaren omenez egiten duten Maritxu Kajoi festa. Dotore jantzita, 06:00etan hasiko da jaia, eta 24 orduz ez da atsedenik izango herrian.
Pepe Mercader Txantxote zena dauka oinarrian Maritxu Kajoik. Lekukoen arabera, beste hainbat bezala, tabernaz taberna ibiltzen zen Mercader, makuluekin, eta, ikusten zuten bakoitzean, txikito bat hartzera gonbidatzen zuten kuadrillek. “Maritxurengatik!”, topa egiten zuen hark, basoa altxatuta. Maritxu delakoa Mercaderren emaztea-edo zela uste izan zuten gehienek denbora askoan, baina egun batean parrokiara begira jarri, eta “han Maritxu, Maritxu Kajoi, txikiteroen patroia!”, esan zien Mercaderrek berak gazteei.
Gertakari harekin txundituta, zerbait antolatu beharra zeukatela pentsatu, eta 1977an eman zuten pausoa Arrasaten. Ordutik, urriko lehenengo ostiralean ospatzen dute txikiteroen patroiaren omenez egiten duten jaia. “Bi hilabete luzeko lanaren emaitza da Maritxu Kajoi; prestaketa lan handia eskatzen du egunak, eta Nobenaixua ere ospatzen dugu egun handiaren aurreko ostiralean”, azaldu du Ander Zeziaga Arrasateko Maritxu Kajoi Komisiñoko kideak. Joan den ostiralean ospatu zuten Nobenaixua, eta Arrasateko gaztetxea omendu zuten —urtero omentzen dute herriko kolektibo bat—; nahi adina ogi eta ardo eskaintzen diete herritarrei.
Norbanakoen ekarpena
Berezitik asko dauka Maritxu Kajoik, besteak beste ez duelako jasotzen ez udalaren eta ez bestelako erakunderen diru laguntzarik. “Taberna askok egiten dute diru ekarpena, eta eskapularioak salduta lortzen dugun diruarekin aurre egiten diegu gainerako gastuei; bi euroan saltzen dugu eskapulario bakoitza, eta jende askok erosten du. Herritik eta herriarentzako egindako jai bat da, eta jendeak oso barneratuta dauka hori”.
Horrez gain, mirari bat ere izaten da urtero, herriko plazan. Gaur 20:30ean hasiko da Maritxuri egingo dioten lore eskaintza, eta ondoren argituko dute aurtengo miraria zein den —su artifizialak ere izango dira—. 1981ean, esaterako, plazako iturritik ardoa ateratzen hasi zela gogoratu du Zeziagak. “Erokeria moduan hasi ziren mirariaren kontuarekin, eta urteroko ohitura bihurtu da azkenerako”; 2018an, Hondarribiko Jaizkibel konpainia eraman zuen Maritxuk Arrasatera; “beste urte batean, oposizioekin arazoak izan zirenean, azterketako erantzunak banatu zituzten”… Zeziagak esan du “aldarrikapen moduko bat” izaten dela urteroko miraria.
Maritxu Kajoi Komisiñoko kidearen hitzetan, euren jaia ez da gainerakoen tankerakoa. “Gurean ez da izaten kontzertu handirik edo gainerakorik. Elegante irten, txarangekin gozatu, mirariaren zain egon… Ez daukagu egitarau berezirik, baina ederra izaten da eguna”. Kalea bihurtzen da festarako gunea. “Jendea eta eskapularioa, hori da jaiaren funtsa”.
Urriko lehen ostiraleko jai eredua aldatuz joan dela ere aitortu du Zeziagak. “Lehen, arratsalde-gau parteko kontua izaten zen dena, baina urtetik urtera bazkariak antolatzen hasi ziren kuadrillak, eta, gaur egun, jendeak gosaritik ekiten dio, ia-ia, Maritxu Kajoi festari; egun bat bakarrik denez, goiz-goizetik aprobetxatzeko”. Gaur egungo festa ereduarekin “gustura” daude antolatzaileak. “Oso modu onean ospatzen dugu eguna, eta polita litzateke urtez urte honi eustea”.
Bisitariei gonbita
Batean eta bestean kexaren bat edo beste izan da azken urteotan Arrasatetik kanpotik jende gehitxo joaten ez ote den festara. “Baina ongi etorriak dira bisitari guztiak. Arrasaten jende gehien mugitzen duen eguna da Maritxu Kajoi, eta, urtero, jende mordoa pilatzen da egun honetan. Baina, errespetuz jokatuz gero, ez daukagu inolako arazorik”.
Erasoen aurkako protokoloa ere aktibatuta edukiko dute gaur. “Erdigunean egongo da puntu morea, eta laguntza eta arreta zerbitzua eskainiko du”.
Leave a Reply