Baserritik kanpo, baserria barruan

Sakabi, Egañazpi, Laja, Landakanda, Maltzeta, Gelatxo, Imuntzo, Epelde, Iturbide, Montte… Garai bateko trikitilariek baserri-izenez ematen zuten ezagutzera beren burua. Desohorea omen zen, kategoria gutxi izatea, baserri-izenik izan ez eta izen-abizen arruntez agertu beharra plazara. Aizkolari, harri-jasotzaile, arraunlari eta probalarien artean, antzera: Endañeta, Urtain, Gibitegi, Iruntxiberri, Belarreta… Bertsolarien artean ere ez ziren gutxi izaten baserriak emandako izenari eusten ziotenak: Xenpelar, Txirrita, Zepai, Txapel, Uztapide, Euzkitze, Lizarreta, Loidisaletxe, Olaso…

Plazetatik eta hedabideetatik aparte ere aski ohitura zabaldua zen, lehen, baserriaren izenez izendatzea pertsonak, horretarako derrigorrez baserritar izan edo baserrian bizi beharrik gabe, bereziki —ñabartu beharra dago hau—, gizonezkoak. Emakumeak baserri-izenez aipatzean, baserriaren izenarekin batera ponteko izena ere aipatzea izan da usadiorik zabalduena.

Euzkitze da, nik uste, gaur egun baserri-izenez ezagutzen ditugun pertsonaia publikoen artean ezagunena, edo telebistan gehien agertzen dena behintzat, lanean bada ere. Badugu besterik ere: Izeta, Goenatxo, Basozabal, Izer eta Alabier… Aparteko kasua dugu Anjel Andu Lertxundirena, baserri-izenez ere ezaguna, baina abizenaren laguntzaz ia-ia beti.

Argi dago, ordea, pertsonak baserriaren izenez izendatu eta ezagutzeko ohitura hori erremediorik gabeko gainbeheran sartua dugula azken hamarkadetan, ez galzorian oraindik, baina bai luze gabe galzorian izateko bidean.

Apategi, Aportategi, Igartubeiti I.a (zendu berria, gugan dago) eta Igartubeiti II.a, Oxanguren, Ustatxo, Zabale eta Zabaleta aipatzen baldin baditut —Gipuzkoatik irten gabe— euskal kulturaren munduan ezagunak diren pertsonei lotutako baserriak aipatzen ari naiz, baina pertsona horiek ez ditugu baserri-izenez ezagutzen. Asmatuko al zenuke, irakurle, nor izan dudan buruan izen horiek aipatzean? Bat edo beste bai akaso, baina denak asmatzen lanak izango dituzu.

Neuk ere har nezakeen baserri-izenik plazarako, Etxesa, Txerren edo Erratzu. Arbaso urrunen baserriak baino ez dira horiek, ordea, nire kasuan, ez dut inoiz horiekin harreman zuzenik izan. Izatekotan, Xestero izan nintekeen, aita zenak familiarentzat irabazitako ezizena, otargilea baitzen, Koldo Mitxelenaren aita bezala.

Ez naiz arbasoak eta baserria mitifikatzearen aldekoa, eta ez dut uste baserritar izatea kaletar edo kalekume izatea baino hobea edo txarragoa denik, eta jakin ere ez dakit zein diren baserritar izaeraren funtsezko ezaugarriak, halakorik baldin bada. Baina iruditzen zait kalean jaio eta beti kalean bizitakoa izan arren, eta baserriko bizimoduaz ezer gutxi jakin arren —beren baserrian artajorran jartzeko deskuidua izan zuten lagunek ondo dakitenez—, badudala oraindik ere zerbait baserritarretik. Eta nire kasua ez da bakana, beste kalekume askorengan ere sumatu uste izan dut baserritartasun latente eta definitzen zail hori. Hori ere galduko da, plazan baserri-izenez agertzeko ohitura bezala, euri tantak itsasoan bezala. Baina hemen horren lekukotasuna utzi nahi izan dut, bide batez, plazer handiz, berrogei baserri-izen idatzita eta, hala, Gipuzkoako beste hainbeste baserri omenduta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.