Erik Gartzia Egaña
Alternatiben Oihartzuna duela zazpi urte antolatu zuten estreinakoz, Oiartzunen. Eten baten ondoren, iaz berreskuratu zuten egitasmoa, eta aurten ere egingo dute: urriaren 21ean izango da ekitaldi nagusia, Oiartzungo plaza nagusiaren inguruan. Egitarauaren barruan, bi film ere emango dituzte, hilaren 19an eta 30ean.
“Burujabetzaren eta eraldaketaren bidean lanean ari diren egitasmoen topagune izatea” da helburua. Hainbat jatorritako herritarrak daude antolakuntza taldean, ekonomia sozialaren esparruan lanean ari direnak guztiak. “Bakoitzak bere komunitatea dauka, baina denok ortzi-muga berbera dugu azkenean. Egun bat hartu, elkartu eta eztabaidatu, eta eztabaida berriak sortu nahi ditugu”, adierazi du Iker Zabalak, antolakuntza lanetan dabiltzan kideetako batek.
Iazko urrian azoka bat egin zuten Oiartzunen, eta hainbat hitzaldi antolatu zituzten; musika ere izan zuten. “Aldaketa txikiren bat eginda”, baina iazko ildoari eustea erabaki dute aurten ere, Ioana Iñigez antolakuntza taldeko kideak zehaztu duenez. “Iaz arreta handiagoa jarri genuen hemengo ekoizleengan. Aukera eman zitzaien hemen egoteko, eta erakuts zezaten zer ekoizten duten hemen, betiere elikadura burujabetza-eta oinarri hartuta”.
Solasaldietan, lau gai
Aurten eztabaida sustatu nahi izan dute egitasmoko kideen artean, bakoitzaren ezaugarriak kontrastatuta; Oiartzungoak bertakoak eta herritik kanpokoak gonbidatuko dituzte. Azoka bat ere egongo da urriaren 21ean, “ezohikoa”; proiektuek erakusmahaiak izango dituzte, euren lanaren berri emateko. Solasaldi horietan lau gai jorratuko dituzte, Zabalaren arabera: zaintza, energia eta ekonomia soziala, eta burujabetza helburu duten proiektuak finantzatzeko moduak izango dira lehen hirurak. Laugarrena, berriz, Oiartzungo Udalaren parte hartzea izango da. “Horrelako proiektuak udalgintzak nola bultza ditzakeen aztertu nahi dugu”, zehaztu du Zabalak. 11:00etan hasiko dira solasaldiak, eta 14:15 inguruan bukatu. Ordu erdikoak izango dira saioak, nahiz eta antolatzaileak ohartu denbora tarte horrek ez duela “askorako” emango.
Oiartzungo eta kanpoko eragileak parez pare jarriko dituzte, beraz, euren esperientziaren berri emateko. Herrikoen artean, Labore Oarso eta Elika kooperatibak, Argitturri energia komunitatea eta Abaraxka ludoteka izango dira. Oiartzundik kanpokoen artean, berriz, Irungo Harrera Sarea, Herrerako (Donostia) Sukalde Kolektiboa, Coop57, Goiener, Izarkom, Euskal Herria Burujabe eta Basoa Defendatzaileen Etxea.
Beste eragile batzuk “lotzeko” dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. “Egitasmo horiek guztiek urteak daramatzate martxan, baina orain arte ez dituzte ikusarazi. Jendeak ez ditu asko ezagutzen, edo, izena entzuna eduki arren, ez dakite zertan ari diren. Proiektuak erakusteko modu bat ere bada ekinaldia; erakutsi nahi dugu badirela bizitzeko beste modu batzuk, egingarria dela alternatiba hori, ez dela lelo huts bat”. Herritarrei gogorarazi nahi diete aukera dagoela zer nahi duten erabakitzeko, eta tokikoa “hobea” izango dela, “gizartearentzat eta naturarentzat onuragarriagoa” delako.
Herri bazkaria eta musika
Urriaren 21ean, goizeko ekitaldiak bukatzean, taldeko argazkia aterako dute, eta herri bazkaria egingo dute gero, tokiko produktuekin osatutako menuarekin —sarrerak salgai daude Oiartzunen, Miren tabernan eta txokolategian, 10 euroren truke—. Bazkariaren ondoren hasiko da festa giroa, Doike taldearen dantzaldiarekin. Gauean, berriz, kontzertuak izango dituzte. Astelehen Goizak, Zilibito Records eta Dantzall Sound taldeak gonbidatu dituzte, Biyurrienea Oiartzungo gazteen aisia taldearekin elkarlanean. Adin guztietako jendea erakarri nahi dute.
Urriaren 21eko ekitaldi nagusiaz gain, beste bi adar ere izango ditu aurtengo ekitaldiak. Lehenengoa, hilaren 19an, datorren ostegunean. Zure platerean hasten da mundua dokumentala emango dute, Oiartzungo Landetxen, 19:00etan. “Elikadura burujabetzari buruzkoa da dokumentala, eta nahikoa lotura dauka Alternatiben Oihartzunarekin”, azaldu du Iñigezek.
Hilaren 30ean, berriz, Fermin Muguruzak zuzendutako Bidasoa 2018-2023 dokumentala emango dute, auditoriumean, 19:30ean. Muguruzak berak hitzaurrea egingo du filma hasi aurretik. Sarrerak.oiartzun.eus webgunean eskuratu daitezke bi emanaldietarako txartelak.
Leave a Reply