Herri guztia bihurtuko dute kuartel

Herri guztia bihurtuko dute kuartel

Unai Zubeldia

“Herri guztia kuartelera eraman beharrean, kuartela bera herrira gerturatzea erabaki dugu azkenean”, azaldu du Beñat Abasolo Aretxabaletako Kuartela kultur elkarteko kideak. Hausnarketa prozesu baten ondoren, norabidea aldatuta dator aurten Aretxabaletako Kuartela Herrira jaialdia, hurrengo hiru larunbatetan. 2019an sortu zuten ekinbidea —baita Kuartela kultur elkartea ere—, Aretxabaletako kuartel zaharreko sormen lana jendaurrean erakusteko; Kuartel zaharra sekula baino gazteago jaialdia antolatu zuten urte hartan bertan, baina, beste hainbat txokotan bezala, urtebete geroago COVID-19aren pandemiak hankaz gora jarri zuen dena Aretxabaletan ere.

Bi urteko etenaren ondoren —2020koa eta 2021ekoa—, Kuartela Fest egin zuten iaz, bi eguneko festa. “Kuartelean egindakoak izan ziren lehen bi jaialdiak; aurten, ordea, asteburu bakarrerako kontzertu gehitxo zirela iritzita, hiru asteburutara igarotzea erabaki genuen azkenean”, esan du Abasolok. Gaur, hurrengo larunbatean eta urriaren 28an izango dira saioak.

Bost saio, bost tokitan

Bazkariaz gain, bost kontzertu izango dituzte gaur, bost taberna eta lokaletan. “Talde akustikoa da Jo Ta Be, gitarra bat eta kaxoi bat”, zehaztu du Abasolok —hura da partaideetako bat—; “punk eta oi! estilokoa” da Youth United; “eurena runba abstraktua dela esaten du Kaparrak taldeak, eta rock and roll gitarreroa da Los del Garajekoena”; DJ Karapaixok itxiko du biharko jaialdia, “euskal abestien remixarekin”.

BENAT ABASOLO

Biharko bost kontzertuei lekukoa hartuta, hiru emanaldi izango dira urriaren 21ean eta beste lau hilaren 28an. Egun horretan aurkeztuko dute Kuartela kultur elkartearen diskoa —Kuartela, hemeretzi piezakoa, nahiz eta salgai dagoen jada, 10 euroren truke —kamisetak ere egin dituzte, eta 15 euroan eros daitezke; diskoa eta kamiseta, berriz, 20 euroren truke eskura daitezke—.

Espainiako Bigarren Errepublika garaian eraikitakoa da Aretxabaletako kuartela, eta Guardia Zibila egon zen bertan 1936tik 1989ra. “Errepublikako armarria hor dago oraindik; bitxia da guardia zibilak armarri horrekin egon izana”, esan du Abasolok. Guardia zibilek eraikina hustu eta hurrengo egunean gazteek okupatu zutela gogoratu du Kuartela kultur elkarteko kideak. “Hainbat urtez funtzionatu zuen gaztetxe moduan —2003an hustu zuten—, eta, eraikina bitan zatituta, gaztetxearekin batera haur eskola ere egon zen bertan”. Leizarra musika eskola ere pasatu zen kuarteletik —kultur etxean dauka gunea orain—, baina gaur egun, bereziki, entseguetarako lokalak daude kuartelean.

Aretxabaletako ehun sortzailek baino gehiagok baliatzen dute gunea. “Estilo guztietako musikariak joaten gara: rap kantariak, DJak, bakarlariak, punkak… Serigrafia egin izan dute beste batzuek, margotu ere bai, txalaparta, dantza tailerra… Denetik egon izan da eta dago”, kontatu du Abasolok. “Oso gune garrantzitsua da Aretxabaletarentzat, mugimendu handia dagoelako”.

Koadro elektrikoan, sua

Eraikina “oso gaizki” dago, ordea. Hala ziurtatu du Abasolok. “Koadro elektrikoak su hartu digu jada pare bat aldiz. Aldatuko dutela esaten digute beti, baina ez dute aldatzen. Komunak ere ez daude beren onenean, eskailerak ere sitsarekin daude… Egitura bera ere ez omen dago ondo, hainbat lokaletan hezetasun handia dago…”. EH Bildu dago orain agintean Aretxabaletako Udalean —2011-2015eko legealdian ere egon zen—, zazpi hautetsirekin —sei dauzka EAJk—. 2015etik joan den ekainera, berriz, EAJ egon zen agintean, zazpi hautetsirekin.

“Udalarena da eraikina”, argitu du Abasolok. “Baina Kuartela kultur elkarteak kudeatzen du”, zehaztu du Ibai Zangitu Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotziak. “Badakigu ez dagoela egoera onean, eta neurriak hartzen hasita gaude, baina guk lau hilabete bakarrik daramatzagu karguan”. Guztiek argi daukate argindarraren sistemak daukala lehentasuna une honetan. “Eta dagoeneko onartu dugu 40.000 euro inguruko proiektu bat. Argindar sistema guztia berritzea da asmoa. Konpromiso hori hartuta daukagu, eta, laster, lehenbailehen, jarriko dugu martxan. EAJk ere esan zuen eurentzat lehentasuna izango zuela kuartelak, baina gu iritsi aurretik ezer ez zegoen martxan jarrita, tamalez”.

IBAI ZANGITU

Berritu, eraikina bota gabe

Eraikinaren egoera aztertzeko txosten bat ere eskatuko du udalak. “Horren arabera hartuko ditugu erabakiak gero”, esan du Zangituk. “Gu prest gaude kultur elkartearekin batera lan egiteko”. Gauza bat daukate argi alde guztiek: eraikina bota gabe lor daitekeela “duin” egotea. Udaleko Kultura zinegotziak aitortu du “azken urteotan Aretxabaletan kulturaren arloan sortu den egitasmorik garrantzitsuenetako bat” dela kuartelarena. “Eta babestu egingo dugu guk. Sortzaileei lagunduko diegu. Mimatu egin behar dugu kuartela; altxor bat da. Urtea amaitzerako hitzarmen bat sinatuko dugu Kuartela kultur elkartearekin”. Zangituk kontatu du alkatea bera, Garikoitz Iturbe, kuartelaren erabiltzailea dela. “Bi taldetan aritzen da gaur egun. Hark ere interes pixka bat badauka, beraz”.

Hitzak ekintza bihurtzeko eskatu du Kuartela kultur elkarteak. “Kuartelak beharrezkoa duen arreta jaso dezan nahi dugu”, esan du Abasolok. “Beste edozein eraikin izan balitz, ziur gaude ez zela horrela egongo. Baina udalak, tamalez, azken urteotan ez du inbertsiorik egin”.

Berrikuntza lanek sortutako krisiaz gain, pandemiaren eragina ere bizi izan zuen kuartelak. 2020ko itxialdiaren ondoren, ordurako batean eta bestean mugimendua hasita zegoenean, itxita mantendu zuten kuartela, eta egoera hori salatzeko manifestazio bat egin zuten 2021eko otsailean. “Arrakastatsua izan zen. Nik ez nuen uste hainbeste jende etorriko zenik”, kontatu du Abasolok. “Herrikoez bertakoez gain, Eskoriatzatik, Arrasatetik, Oñatitik… etorri zen jendea. Protesta egin eta astebetera desblokeatu zuten sarrerako atea”.

ARETXABALETAKO MANIFESTAZIOA, KUARTELAREN ALDE

Egun bakarrarekin hasi, pandemiak gelditu, berriz ere egun bateko jaialdi moduan abiatu, hiru egunera igaro… Saltoka bada ere, bidea egiten ari da jaialdia. “Datorren urtean are jaialdi handiagoa egingo dugu”, ziurtatu du Abasolok. “Kultura bultzatzeko” eskatu die Kuartela kultur elkarteko kideak herritarrei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.