Hirurogei urte Urbia garbitzen hasi zirela

Hirurogei urte Urbia garbitzen hasi zirela

Tere Madinabeitia

Gaur egun pentsaezina da mendira joan eta hamaiketakoa egitean sortzen den zaborra bertan uztea. Baina garai batean “normala” zen hori, Juankar Agirre mendizale legazpiarrak gogoratu duenez, eta gordeta dituen datuetan eta argazkietan ikusten denez.

Agirrek 14 urte besterik ez zituen Legazpiko Izadi Zaleak mendi elkartearekin lehen aldiz Urbiako zelaiak garbitzera joan zenean. 1972a zen, Urbiako zelaien garbiketa egin zuten bederatzigarren aldia. Handik aurrera, Euskal Herritik kanpo egin zituen hiru urteak kenduta, legazpiarrak urtero parte hartu zuen auzolan hartan, baita haren testigantza jaso ere, diapositibekin eta datuekin. Aurten hirurogei urte bete dira garbiketa lan haiek hasi zituztenetik, eta jasota dituen informazioa eta oroitzapenak trukatu nahi ditu Agirrek, Urbia garbi mantentzeko egiten zuten lana aitortzeko, eta mendian gauzak “asko” aldatu direla erakusteko.

Agirrek azaldu duenez, 1963ko apirileko igande batean Legazpiko Oargi elkarteko Periko Gabiria eta Anjel Belda Urbiara joan zirenean, bi donostiar ikusi zituzten zelaiak garbitzen, eta laguntzea erabaki zuten. Bost igandetan aritu ziren zaborra biltzen, “eta dena garbi-garbi utzi zuten”.

Handik aurrera, Oargik eta haren ondoren sortu zuten Izadi Zaleak elkarteak hartu zuten Urbiako zelaiak garbitzeko ardura. “Izadik deia egiten zuen urtero, eta mendizale ugari joaten ginen. Urte askoan joandakoa naiz ni ere”, gogoratu du Agirrek. “Mutikoak ginen hasieran, eta trenez joaten ginen Zegamako geralekuraino, eta handik Urbiara, oinez, Andraiztik barrena. Geroago, autoetan joaten ginen Arantzazura, eta handik igotzen ginen, haur, gazte eta heldu”.

Ez ziren legazpiarrak auzolanera joaten ziren bakarrak. “Leku askotatik joaten zen jendea; Gipuzkoako mendi elkarte guztietako kideak elkartzen ginen. 1977an, adibidez, oñatiarrak ere izan ziren, eta argazki bat atera genuen denok”.

Fonda aurreko itxitura

Biltzen zuten zaborra “fonda aurrean zegoen itxitura itsusi batera” botatzen zuten, eta han uzten zuten. “Noizean behin, zabor asko pilatzen zenean, Arabatik edo Oñatitik kamioiak igotzen ziren, eta behera jaisten zuten zaborra. Behin, lau kamioikada behar izan zituzten hura husteko”, gogoratu du Agirrek. Aluminiozko papera, plastikozko poltsak, pilak, edari latak, kristalezko botilak… “Denetik aurkitzen genuen Urbian, zabor artean. Behin, Land Rover baten bateria bat ere bai, errekan. Zuloetan sartuta eta harri azpietan gordeta egoten zen zabor asko. Jendeak barre egiten zigun, gainera!”.

URBIAKO GARBIKETA

Zaborra botatzeko itxitura hark “eztabaida handia” eragin zuela dio Agirrek. Itxitura kentzearen alde zeuden batzuk, “zaborra norbera behera jaisten hasteko garaia zela esanez”. Agirreren hitzetan, beste batzuek zioten itxitura kenduta zaborra Urbia osoan zabalduko zela.

Itxitura hartara, baina, ez zuten botatzen mendizaleen zaborra bakarrik. Lorentxa Etxezarreta Urbiako garai bateko kontuak ondo ezagutzen dituen herritarrak azaldu duenez, bere osaba Martin Etxezarretak fondaren ardura izan zuenean, han sortutako zaborra ere botatzen zuten itxiturara, eta gasoilarekin erretzen zuten gero. 1993an Urbia S.L. enpresari saldu zioten fonda. “Eta jabe berriek kenduko zuten, seguruenik, itxitura, eta praktika hura alboratu, eraikina eraberritzeaz gain”.

Mendizaleen artean ere kontzientzia aldatuz joan zen urte haietan, eta Izadik ere auzolanerako deialdia egiteari utzi zion. Azken urteetan, Land Rover batean jaisten zituzten zabor poltsak. Agirrek ez daki noiz joan ziren azkenekoz Urbia garbitzera. “Baina Izadiko garai hartako zuzendaritzako kideek esan didate 1997an izan zitekeela azken urtea, eta ondoren kendu zutela zabortegia”.

Lehenago, 1982an, Agote donostiarrari, urtero hutsik egin gabe garbiketa lanetan aritu zenari, omenaldia egin zion Izadi Zaleak elkarteak. “Mariano Guerreiro presidenteak eta Euskal Herriko Mendi Federazioko lehendakaria zen Batis Maiz legazpiarrak eskertza plaka bana eman zioten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.