Unai Zubeldia
Pandemiak erdi-erdian harrapatu zuen Pello Errota bertso sariketa. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak 2019an antolatu zuen lehen aldiz sariketa —Eneko Lazkoz izan zen txapeldun, urriaren 20an, Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean—, eta abenduaren 27ra arte atzeratu behar izan zuten 2020koa, bigarrena, COVID-19aren pandemiaren eraginez; pilotalekura lekualdatu zuten saioa, segurtasun neurriak bermatzeko —Amaia Iturriotz nagusitu zen—. Gaur izango du finala hirugarren aldiak, Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean, 20:30ean, bertso afari egituran. Jexux Mari Irazu (Larraul, 1972), Iñaki Gurrutxaga (Orio, 1981), Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992) eta Eñaut Martikorena (Hernani, 1995) ariko dira kantuan, Imanol Artola Felix-en aginduetara. Sarrerak salgai daude oraindik, Iturri-Ondon bertan edo 679-62 89 14 zenbakian —bizum bidez—, 25 euroren truke.
Zortziko handian eta txikian hiruna bertso bota beharko dituzte finalistek lehenengo; puntuari erantzunez, beste hiru bertso osatu beharko dituzte ondoren; eta sei puntuko motzean ariko dira ganbarako lanaren aurretik. Puntu gehien pilatzen duten bi bertsolariek buruz burukoa izango dute azkenik; Iparragirre abila dela doinuarekin ofizioka ariko dira lehenengo, hitza emanda hamarreko txikian bertso bat osatu beharko dute ondoren, eta puntuka ariko dira azkenik. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzen den epaile taldeak emango du azken epaia.
Emakumezkorik ez finalean
Desorekatua gelditu da Pello Errota sariketako aurtengo finala, gizonezkoak direlako lau finalistak —sei emakumezko eta beste sei gizonezko aritu dira bi kanporaketetan, Berrobin eta Ikaztegietan—. Eli Pagola, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Maddi Ane Txoperena, Maialen Akizu eta Sarai Robles izan dira aurtengo sariketako emakumezko bertsolariak. Antolatzaileek jakinarazi dute aurten bereziki kostatu egin zaiela adin batetik aurrerako emakumezko parte hartzaileen baiezkoak lortzea.
Hasieran, dagoeneko sariketetan ez dabiltzan bertsolariek eta maila onekoak izanda ere plaza gehiegi ez daukatenek parte hartzea zen asmoa, baina aurten aldatu egin dituzte irizpideak. 18 urte inguruko bertsolariek parte hartu dute, batetik, sariketetan dabiltzanek; 25 urte ingurukoek, bestetik, sariketen zirkuitutik kanpo daudenek; eta bertsolari bezala urte dezente daramatzatenek ere bai.
Leave a Reply