Beste zineklub bat, Hernanin

Beste zineklub bat, Hernanin

Jone Arruabarrena

Zinekluben loraldia 1960ko hamarkadan hasi zen Euskal Herrian: orduan sortu ziren zinemaren inguruko espazio horiek elkarte, eskola zein parrokietan. 1980ko hamarkadan, ordea, kluben beherakada nabarmena izan zen, telebista kateak etengabe hazten ari baitziren. Gaur egun dozena bat talde daude Gipuzkoan; batzuk besteak baino jarduera handiagoarekin. Beste bat gehitu zaie udazken honetan: Hernaniko zinekluba.

Urriaren 3an aurkeztu zuten Hernaniko taldea Gaizka Izagirre kazetariak eta Andres Daniel Sainz zinemagileak. “Duela bi urte baino gehiago” hasi ziren proiektua irudikatzen, Izagirrek azaldu duenez: “Zinema kritikari lana egiten dut nik, eta pelikulei buruz idazten dut, besteak beste, eta Andres zinemagilea eta gidoilaria da. Uste genuen bi arloak ondo etor daitezkeela proiekturako, eta erabaki genuen aurrera jarraitzea”.

Donostiako Kresala zinekluba, Bergarakoa eta Errenteriakoa izan dituzte erreferentzia, baina bestelako zineklub bat sortu nahi izan dute, Izagirreren esanetan: “Sentsazioa daukagu horrelako proposamenak egiten direnean badagoela nahi gabe egiten den bazterketa bat. Leku batzuetan, soilik egile zinema ematen dute, eta zinema mota hori gustatzen ez zaiona ez da agertzen. Aldiz, beste leku batzuetan oso film komertzialak ematen dituzte, eta bestelako zinema atsegin dutenak uxatu egiten dituzte”.

HERNANIKO ZINEKLUBA

Erdibideko zerbait egin nahi izan dute Hernanin, publiko mota guztiak ekartzeko asmoz. “Barbie edo Transformers gustatzen zaiona etortzea nahi dugu, baina baita publiko horri berari gonbita egitea ere zinema klasikoagoa ikus dezan”, dio Izagirrek. Guztira, lau azpitaldetan banatu daitezke emango dituzten filmak: zinema klasikoa, euskal zinema, egile zinema eta komertziala. Besteak beste, gazteak erakarri nahi ditu egitasmoak. Izan ere, Izagirrek adierazi du gaur egun “etxetik mugitu gabe” telesailak eta filmak kontsumitzeko joera handia dagoela, baina, haren ustez, zinema “kontsumitu eta ulertzeko modua” zinema aretoak dira: “Helburu nagusietako bat da gazteak berriro zinema aretoetara joatea”.

Euskara zineklubera

Beste ezaugarri berezi batzuk ere baditu zineklub berriak. Batetik, emakume zuzendarien filmei “bultzada bat” ematen saiatuko dira, eta, bestetik, garrantzia emango diete euskarazko azpidatziei. “Denok dakigu zer zailtasun dauden pantailetan euskara kontsumitzeko. Emango ditugun filmen erdiek, gutxienez, euskarazko azpidatziak izateko konpromisoa hartu dugu. Gustatuko litzaiguke gehiago izatea, baina ez daude, eta guk ez dugu aurrekonturik euskarara itzultzeko”, azaldu du Izagirrek.

Irizpide horiek guztiak kontuan hartuta egiten dute Hernaniko proiektuaren sortzaileek emanaldi bakoitzerako filmen aukeraketa: “Hain zuzen, hautaketa da zailena, eta baita inportanteena ere. Gure irizpideak betetzen dituzten filmak edukita hasten gara geure artean eztabaidatzen. Guretzat garrantzitsua da pelikulek aktualitatearekin ere lotura izatea. Esaterako, Martxoaren 8a hurreratzen denean, saiakera berezia egingo dugu feminismoaren inguruko film bat emateko”.

Oraingoz, doako lehen saio bat egin dute, eta pozik daude harrerarekin: “Uste baino oihartzun handiagoa izan du proiektuak. Orain, gure asmoa da jendea agertzea eta fidelizatzea”, adierazi du Izagirrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.