Kerman Garralda Zubimendi
Hondakinak hitza ez du gustuko Mirari Errondosoro ekoizleak. Elikagaien soberakinetatik biomaterialak sortzen ditu, eta askotariko produktuak ekoizten ditu horrekin. Horregatik, nahiago du altxorra hitza erabiltzea. Bihartik aurrera, Ezkio-Itsasoko, Zeraingo, Leintz Gatzagako eta Bidania-Goiazko herritarrei erakutsiko die bere jakinduria, azaroaren 26an, Zeraingo kultur etxean, denek batera instalazio artistiko bat sor dezaten. Hondakinak kultur sareak sortzeko aitzakia izena jarri diote proiektu sortu berriari. Bost ikastaro emango ditu Errondosorok, hondakinekin eta naturan bilaturiko elementuekin artelanak egiteko eman beharreko pausoak azaltzeko. Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da biharko lehen saioa.
Zeraingo Zerainlab elkartea da proiektuaren antolatzailea. Taldearen helburua da herria esperimentazio gune bilakatzea, herri txikietan landu daitezkeen proiektuak probatzeko. Kultur arloko proiektuak lantzen dituzte, besteak beste, Aitziber Makazaga Zerainlabeko kideak azaldu bezala: “Herri txikiak asko arduratzen gara zerbitzuekin: ostatua irekita egon dadila, denda izan dezagula, medikua, garraio publikoa… Baina kultura ahaztuta gelditzen da. Barneratuta daukagu kultura kontsumitzeko hiri handietara joan behar dugula. Baina zergatik ez jarri Zerainen eskultura bat? Zergatik ez eskaini zinema emanaldiak?”.
Hala, Zerainlabek eta Ezkioko Igartubeiti baserri museoak Ars Natura egoitza artistikoa jarri zuten martxan iaz, elkarlanean, Europako Next Generation funtsa baliatuta. Gari Aranberri azkoitiarraren proiektuak jaso zuen beka, baina Errondosororen proposamena asko gustatu zitzaion epaimahaiari. Aurten jarraipena eman diote elkarlanari; Villabona-Amasako sortzailearengana jo dute, eta handitu egin dute sarea, Leintz Gatzaga eta Bidania-Goiatz ere proiektuan sartuta.
Hitzalditik, kontzientzia
Errondosoro ia oharkabean hasi zen hondakin biodegradagarriak lantzen. “Duela hiruzpalau urte hitzaldi batera joan nintzen eta begiak zabaldu zitzaizkidan han. ‘Zer egiten ari gara gure hondakinekin?’, pentsatu nuen”. Bigarren erabilera bat emateko helburuarekin, soberakinak lantzen hasi zen. Zabor organikoekin ez ezik, era guztietako hondakinekin sor daitekeela azpimarratu du. “Zenbat plastiko sortzen dugu? Nora doa hori guztia?”, galdetu du. Kontzientzia piztu nahi du, eta sormena bultzatu. “Gainera, bat egiten dut Zerainlabek herri txikietan kultura bultzatzeko duen grinarekin. Horregatik aurkeztu nuen neure burua iaz”.
Bihartik aurrera, sagar patsa erabiliko dute biomaterialak sortzeko. 3.150 kilo, zehazki. Aste honetan Igartubeiti baserrian egin duten Sagardo Astean erabilitako sagarren patsa izango da: XVI. mendeko dolarea martxan jarri dute zikloan, aurretik kirikoketan txikituta. Dolareak prentsatu egin ditu sagar pusketak eta mamia eta zukua bereizi egiten dira hor. Zukua barriketan jaso dute, denboraren poderioz fermentatu eta sagardo bihurtu dadin. Negurako prest egongo da. Mamia, iragan urteetan, inguruko baserrietan banatzen zuten, baina aurten sormenera bideratuko dute. Prozesu guztian erabilitako sagarrak Ezkiokoak bertakoak dira, gainera, Endaiene baserrikoak.
Bigarren ikastaroa, azaroaren 2koa, ikasleentzakoa izango da. “Zerain bezalako herri txiki batentzat oso garrantzitsua da eskola izatea. Horregatik, proiektu guztietan aintzat hartzen dugu eskola”, nabarmendu du Makazagak. Zeraingo herri eskolako ikasleak eta Seguran ikasten ari diren zeraindarrak gonbidatu dituzte. “Haiek dira etorkizuna eta herri txikietako nortasuna, kultura, jasangarritasuna… barneratu ditzaten nahi dugu”.
Etxerako lanak
Errondosorok parte hartzaileei eskatu die norberak etxean hondakin organikoak pilatzeko, saioetan lantzeko lehengai nahikoa izateko. Plastikoa ere bildu daitekeela zehaztu du, biomaterialak egiteko balio ez duen arren, sormenerako “balekoa” delako. Halaber, norbaitek arte plastikoak garatzeko abilezia badu, uztartzeko deia egin du.
Bakoitzak aurrez ikasitakoarekin, azaroaren 26ko instalazio bakarrarekin bukatuko dute proiektua. Errondosorok badauzka ideia batzuk buruan, baina egunean bertan erabakiko dute sortu beharko duten horrek nolako itxura izango duen, une horretan duten materialaren arabera.
Leave a Reply