Kontziliazioa eta zaintza

Irailaren hondarrean, Anton Arriola Kutxabankeko presidente jaunak topaketa bat izan zuen Bilboko Carlton hotelean: El papel de la banca en el crecimiento y consolidación del tejido empresarial. Entzuleen %80 inguru gizonak ziren, foro horietan ohikoa. Gorbatadun publikoaren aurrean adierazi omen zuen berak zuzentzen duen bankuan enplegatuen %64 emakumeak direla, eta kontziliazioarekin eroso egotea nahi dutela.

Seguru nago Arriola jaunak bihotzez esan zuela, benetan aurrerapauso ederra eman gura duela euren entitateak, ahalegin feminista egiten dihardutela sinistuta. Baina ideia sortzez okerra da. Izan ere, kontziliazioa ez litzateke izan beharko plantillaren %64 horrena soilik, plantillaren %100 sentitu beharko litzateke eroso kontziliatzen, kontziliazioa ez litzatekeelako emakumeen gain bakarrik jausi behar, denen ardura izan behar litzatekeelako.

Bestalde, kontziliazio berba gero eta gutxiago gustatzen zait, emakume estresatuaren irudia datorkidalako burura: lana, trafikoa, umeak, eskolaz kanpoko ekintzak, afaria, bainuak, etxeko eginkizunak…, arrapataka ibiltzea, dena erdizka edo ganora barik egiteko. Kontziliazioa beharrean zaintza hitza nahiago dut, imajina zabalagoa ematen duelako. Halere, zaintza diogunean, lehen esan bezala, umeen zaintza imajinatzen dugu, baina zaintza —eta kontziliazioa— kontu handiagoa da.

Umeen zaintza marrazten zaigu burmuinean, baina behin edade batera iritsita, zaintza zaharren jagoletza bihurtzen da. Umeena gaitza eta astuna izan liteke, baina jakinekoa da urte batzuen buruan haur horiek koskortu eta nagusituko direla. Bai, beti arduratuko gaituzte, baina pertsona helduak bihurtutakoan, gure hegalpetik ihes egingo dute. Zaharren eta desgaitasuna duten pertsonen zaintza, ostera, buelta bako bidea izaten da, beherantz doan aldapa, batzuetan pikoa, besteetan leunagoa, beti akabera eskasekoa. Alegrantza gutxi dauzka bigarren horrek, zoritxarrez.

Gizartean ez dago nahikoa baliabide beharrizan hauei aurre egiteko. Itxaron-zerrendak luzeegiak dira, bai eguneko-zentroetakoak, bai egoitzetakoak. Zahar batzuk hil egiten dira zain. Diputazioak ezgaitasunagatik ematen duen dirua ez da behar bestekoa izaten ondo atenditu ditzaten. Burokrazia handia da, balorazioen denborak eternoak bihurtzen dira zain dagoenarendako… Edozer gertatuz gero, familiak arduratu behar du edozein laguntza publiko eskuratu aurretik hileetan. Medikuarenera eroan lan orduetan auto partikularretan askotan. Dena da geldoa, motela, baina gure zaharrak ezin dira laguntzak etorri arte begira egon. Beharrak dituzte gaur, bihar, etzi, etzidamu, etzidamu atzetik…

Zaintzaileek ere badute zeresana. Gutxi ordainduta eta askotan esplotatuta, halabeharrez esleitu zaien lana emakume eta atzerritar izateak langintza horretarako “gaituko” balitu bezala. Familiako zaintzaileak ere erreta eta bizitzeko denbora barik…

Zaintza besteak zaintzea ez ezik, geure burua zaintzea ere bada. Ingurukoak jagoteaz gain, geuretako astia izatea ere bada, kirolerako, irakurtzeko, deskantsatzeko, militatzeko, boluntario lanak egiteko, lagunekin asaskatzeko pote baten aurrean… Hori ere bada zaintza.

Dirua badago, borondatea falta da. Hori alda dadin azaroaren 30ean greba feministan denok eskatu beharko dugu, Kutxabankeko presidenteak eta gorbatadunek ere entzun diezaguten!

Leave a Reply

Your email address will not be published.