Jone Arruabarrena
Hilabetez, elur artean, haizearen kontra eta bakarrik, inor gutxik zapaldu dituen Islandiako paisaia polarretan. Horrela ibili zen han Igone Mariezkurrena (Pasaia, 1985) kazetaria iazko apirila eta maiatza bitartean, bizikleta gainean. Inor gutxirekin egin zuen topo, herrialdeko lekurik ezezagunenean ibili baitzen, gizakiak apenas eraginik izan duen Westfjords eskualdean. Han bizi izan zituenak kontatu zituen atzo, Donostiako Okendo kultur etxean egindako solasaldian.
Bizikletan bidaiatzen dutenentzat sortutako webgune batean ikusi zuen Mariezkurrenak hilabete batzuk lehenago erabiltzaile batek Westfjordsen bizikletaz egindako ibilbidea, eta orduantxe erabaki zuen Islandiara abiatzea. “Autonomo eran joan nintzen, kanpatzeko ekipamendua eta janaria gainean neramatzala. Nahiz eta udaberria izan han, neguko klima zegoen oraindik, eta kanpinak eta jateko lekuak itxita zeuden. Abeltzain gutxi batzuk baino ez ziren geratzen eremu horretan”, azaldu du. Pertsona batentzako kanpin denda bat hartuta, bidean egiten zuen lo, eta putzu bero naturaletan hartzen zituen bainuak. “Beti saiatzen nintzen haizetik babestuta lo egiten. Behin, aldagela txiki batzuekin prestatuta zegoen putzu horietako bat aurkitu nuen, eta aldagelen barruan egin nuen lo, hotzetik babestuta”. Bizpahiru egun behar izan zituen Islandiako klimara egokitzeko; batez ere, jakiteko laino grisek ez zekartela ekaitzik Islandian. “Lehenengo egunak alertan pasatu nituen, pentsatzen nuelako hodeiek ekaitza zekartela, baina gero jakin nuen normalak zirela han, eta lainoekin bizitzen ikasi behar nuela”.
Haizea ere ez zuen lagun izan Mariezkurrenak; ufada gogorrak egiten ditu, baina ez dira modu jarraian izaten. Lehenengo egunean, aireportutik Reykjavik hiriburura bidean autopistatik zihoala ohartu zen horren arriskuaz: “Haizeak ez botatzeko, okertuta eman behar izan nien pedalei, baina ufadak gelditzean lurrera erortzen nintzen kamioiak joan-etorrian zebiltzan autopistara. Negar egin nuen egun hartan, baita botaka ere”.
Dena den, bidaietan ikasi du Mariezkurrenak gorabehera emozional horiek “defentsa mekanismoak” direla: “Gorputzean zerbait aktibatzen zait konfort eremutik ateratzen naizenean, eta etxera itzultzeko esaten dit. Horren ondoren, ingurunera ohitzean hasten da benetako bidaia”.
“Eraldatu gabeko paisaiaz” gozatu zuen gehien: “Pribilegio handia sentitu nuen paisaia basati eta ikusgarri horretan egotearren, ni bakarrik, horretaz guztiaz gozatzen”. Dena den, “oso abentura bakartia” izan zela aitortu du: “Gozatu nuen, baina banekielako bukatuko zela eta hilabete barru etxera bueltatuko nintzela. Beraz, neure buruarekin egoteko eta gauzak ordenatzeko probestu nuen”. Jende gutxi aurkitu zuen bidean, eta aurkitu zituenak iparraldeko fiordoetako arrantzaleak ziren. “Euskalduna nintzela esaten nienean, bi hitzekin erantzuten zidaten: whaler eta killer [baleazalea eta hiltzailea]. Lehena, euskaldunak baleak ehizatzera joaten zirelako hara, eta bigarrena, balea bila egiten zituzten espedizio haietan izugarrizko liskarrak eduki zituztelako bertakoekin, eta hiltzaile fama hartu zutelako”, esan du. Gehitu duenez, 2015. urtera arte indarrean egon da euskaldunak hiltzea baimentzen zuen lege bat.
Bakarrik, hautatuta
“Badirudi horrelako bidaia bat egiteko sekulako bizikleta behar duzula, denbora asko edo aurrekontu handia. Baina ni transmititzen saiatzen naiz ez dela horrela. Ez naiz puntako kirolaria, eta denok egin dezakegu horrelako bidaia bat”, esan du Mariezkurrenak. Horrez gain, adierazi du bakarrik bidaiatzeak “aberastu” egiten duela norbera: “Zoritxarrez, oraindik batzuek ez dute ulertzen bakarrik bidaiatzea modu kontzientean eta nahita bilatzen dugun zerbait dela, benetan nahi duguna hori dela. Ez dut beti bakarrik bidaiatzen, baina noizean behin gustatzen zait halako esperientziak neure kasa bizitzea”. Emakumezkoa izateagatik horrelako bidaietan dauden oztopoez ere jardun da Donostian: “Bakarrik bidaiatzean beldurra sentitzea normala da, eta beharrezkoa, gainera, adi mantentzen gaituelako. Baina iruditzen zait emakumeok, beldur arrazional horretaz gain, induzitutako beldur batekin bidaiatzen dugula, eta ez dela erreala”.
Leave a Reply