Unai Zubeldia
Hirugarren kolpea izango du bihar Irungo Gazteartean Fest musika jaialdiak. 2021ean sortu zuten, “gazteenei oholtza bat eskaintzeko”, eta egitarau osoa daukate prest aurten ere. Tokiko artistak eta dagoeneko sona handia daukatenak oholtza berean elkartuta, egun guztiko jaialdia egingo dute Irungo Zabaltza plazan —bi eguneko jaialdia izan zen lehen bi aldietan—. 11:00etan hasiko dira, Daniela Blasco dantzariaren eskola magistralarekin, eta zazpi kontzertu izango dira arratsaldean, 18:15etik 22:30 arte. Ez da sarrerarik ordaindu beharko. “Haien gustu eta kezketatik abiatuta”, 16 eta 25 urte arteko gazteei begirako jaialdia da berez. “Baina edonorentzat da egokia”, zehaztu du Nuria Alzaga Irungo Udaleko Gazteria arloko ordezkariak.
Jaialdiaren antolatzaileak “oso gustura” daude biharko lotuta daukatenarekin. “Erritmo handikoa da kartela bera, eta denetariko musikariekin gozatzeko aukera izango dugu plazan”. Bai estreinako urtean eta bai iaz “jende asko” elkartu zela azpimarratu du Alzagak. “Goizean klase magistrala izaten dugu beti, hori da jaialdi honen berezitasunetako bat, eta giro ona sortzen da ekitaldi horretan. Ondoren, jada, kontzertuen txanda izaten da arratsaldetik gauera arte”.
Artistei dagokienez, Mallorcakoa (Herrialde Katalanak) da Daniela Blasco dantzari profesionala, eta hip hop, reggaeton eta dantza komertziala uztartzen ditu bere emanaldietan. Hainbat dantza eskolatan ibilia da 13 urte zituenetik, eta Justin Bieber musikari kanadarraren dantza taldeko kidea ere izan zen 12-13 urte zituela. “Gazteen artean influencer ezaguna da”. Klase magistralean parte hartzeko ez da izenik eman beharko.
Arratsaldean, berriz, Eusko Alberdi eta Amane Area gitarra jotzaileak ariko dira lehenik eta behin, eta STR, Unai Ribera DJa, J Martina eta Nikone ondoren. “STR taldeari dagokionez, bizkaitarrak dira gehienak, baina Danae Riaño irundarra daukate buru. Trap estilotik gertu dauden pop doinuak lantzen dituzte”. Unai Ribera DJaren kasuan, oholtzan “jai seguru eta erosoak” aldarrikatzen dituela azpimarratu du Alzagak. “Eta, talde guztien artetik, J Martina da artistarik ezagunena, agian. Pop elektronikoa lantzen du talde horrek”. Kattalin eta Ane Barcena, eta Javier Jorajuria dira taldekideak.
Taberna askoko gunea
Klase magistralez eta kontzertuez gain, bihar ez da egongo jan-edanerako gune edo txosna berezirik. “Baina taberna eta jatetxe asko daude Zabaltza plazaren inguruan”, zehaztu du Alzagak. “Oso giro berezia sortuko da, ziur. Jan-edanerako aukera faltarik, behintzat, ez da izango”. Jaialdia plaza ireki batean izanik, eguraldiak baldintza dezake pixka bat eguna. “Baina alde horretatik ere ez da arazorik izango”. Euria egingo balu ere, beharrezkoak diren neurriak hartuta, baina bere horretan eutsiko liokete jaialdiari.
Alzagaren hitzetan, gaur egun musika jaialdi asko izaten da batean eta bestean, baina artista gazteenei, normalean, “kosta” egiten zaie euren tokia egitea. “Horregatik saiatzen gara beti oholtzan lehen urratsak egiten ari direnei laguntzen, gazte horiei aukera bat ematen, ondoan askoz ezagunagoak diren artista batzuk programatuta. Etorkizunerako oso garrantzitsua da etxeko artista gazteei aukerak ematea”. Adibide modura, Danae Riaño irundarra izan zen aurkezpenean, astelehenean. “Hunkituta eta ilusioz gainezka zegoen. Irunen da, Zabaltza plazan, jende asko egongo da begira… Asko eskertu digute aukera hau eman izana”. Riañok berak aitortu zuen “oso berezia” izango dela “etxean” kontzertu bat eman ahal izatea.
“Hazten” jarraitu nahi du
Proiektu jaioberria izanik ere, “hazten eta sendotzen jarraitzeko helburu argia” dauka Irungo Gazteartean Fest jaialdiak. “Zoragarria litzateke urtez urte pausoak ematen jarraitzea, unean uneko apustuak egitea, nahiz eta ideiak argi dauzkagun, eta, ahal dugun neurrian, egitura honi eutsiko diogun”. Mark Tore —klase magistrala—, Iune Bermejo, Anne Lukin, Bulego, DJ Artie Escolar, Laina, Kepa, Kai Nakai, Santa Salut eta Hens aritu ziren 2021eko jaialdian, estreinako urtean; iaz, berriz, Monica Peña —klase magistrala—, Aitana Grandes eta Izaro DJak, Kitzika, Xsakara, Janus Lester eta Tremenda Jauria.
Joan, ez joan, zalantzan dauden guztiei “animatzeko” gonbita egin die Alzagak. “Jaialdi desberdina da gurea, eta merezi du ezagutzea”.
Leave a Reply