Jone Arruabarrena
Goitik behera ezagutzen ditu Joxe Mari Mitxelenak (Oiartzun, 1958) Euskal Herriko trinket gehienak. Baita pilota joko mota guztiak ere. Oiartzunen antzinako pilota jokoetan trebatuta dagoen Txost pilota eskolaren sortzailea da, eta euskal selekzioko prestatzaile eta hautatzailea ere bada. Antzinako pilota jokoak eta bitxikeriak solasaldia eman zuen atzo, Segurako kultur etxean.
Nola sortu zen pilota?
Pilota hitza latinetik dator. Pelota deitzen zioten, ilez beteta zegoelako [gaztelaniazko pelo hitzagatik]. Giza ilearekin betetzen ziren, eta ilea biltzeko gaur egun ahuntz larrua erabiltzen den arren, garai hartan txakur larrua erabiltzen zen, iragazgaitzagoa delako, poro gutxiago dituelako. Garai hartan mendian ibiltzen ziren pilota jokoan, eta bertako hezetasuna ondo jasateko erabiltzen zuten larru hori. XIII. mendekoak dira lehenengo pilotak.
Nola heldu zen Euskal Herrira?
Frantzian sortu zen jeu de paume [pala jokoa], bi modalitatetan: long paume eta court paume; gure bote luzea eta pasaka. Paris inguruan hasi zen. Hain zuzen, Eliseoko Zelaietako Antzokian badago court bond-a jokatzeko trinket bat, garai hartakoa. Gaur egun, arte galeria bat da.
Han ez da paretaren kontra jokatzen?
Frantzian izan gara duela gutxi txapelketa bat jokatzen, eta han esaten dute paretaren kontra jokatzea ez dela pilotan aritzea, pilota zuzenekoa edo aurrez aurrekoa dela. Eta adibide bat jarri ziguten: txokolate tableta bat ematen badizute, hori txokolatea da benetan? Ez, hori txokolatearen suzedaneo bat da. Pilotarekin berdin: paretaren aurka jokatzen dena benetako pilota da? Ez, benetako pilotaren suzedaneo bat da. Benetakoa zein da? Aurrez aurre jokatzen dena. Ia Europa guztian, eta Amerikan ere bai, leku gehienetan aurrez aurre jokatzen dute.
Noiz hasi zen Euskal Herrian pareta kontra pilotan jokatzen?
Zortzi mende daramatzagu zuzeneko jokora jokatzen; azken bietan baita paretaren kontra ere.
Zer aldaera daude aurrez aurreko pilota jokoen barruan?
Alde batetik, bote luzea dago, euskal pilotaren aldaerarik zaharrena. Frontoi arrunt batek baino hiru aldiz gehiago dituen eremua behar da jokatzeko. Pasaka ere badago; Oiartzunen hori da gehien jokatzen den aldaera, eta udaletxeko arkupean jokatzen dugu. Pasaka laxoarekin ere joka daiteke, baina horrela gehiago jokatzen da Nafarroan zein Iparraldean. Eta, azkenik, errebotea. XIX. mendean gehien nagusitu zen kirola izan zen, gaur egun futbolarekin gertatzen den bezala.
Zer ezberdintasun dago aurrez aurreko jokoaren eta paretako pilotaren artean?
Zuzenekoan, talde jokoa denez, erabiltzen diren estrategiak askoz aberatsagoak dira. Esaterako, helburua ez da soilik tantoa markatzea, paretaren kontrakoan bezala; eremua ere irabazi behar duzu, errugbiaren antzera. Paretaren aurkako jokoan asko sinplifikatzen dira estrategia horiek guztiak, baina horixe saltzen da. Gauza sinplifikatuago bat da, guztiok ulertzen duguna, eta ez joko zuzenetan bezala, inork ulertzen ez dituen estrategiak.
Betidanik izan da horrela?
Ez. Garai batean hemen guztiek ezagutzen zituzten zuzeneko jokoaren taktikak. Egun ere, Europako beste herrialde batzuetan edo Amerikan —Kolonbian, adibidez—, guztiek ezagutzen dituzte. Euskal Herrira ekarriz gero, ordea, jendeak ez du tutik ere ulertzen. Bestalde, Europako eta Amerikako jendeak leporatu izan digute euskaldunok pilota talde kiroletik indibidualizaziora eraman dugula.
Jatorrizkoa aurrez aurrekoa bazen, zergatik nagusitu da Euskal Herrian paretaren kontrakoa?
Esku pilotari profesionalen mundua enpresarien esku dago; negozio bat da kirol bat baino gehiago. Enpresek ikusten dute askoz errazagoa dela eremu itxi batean antolatutako kirol batetik errentagarritasuna ateratzea aurrez aurrekorako behar den eremu zabala baino, eta, gainera, lau pilotariri ordainduta eta ez, aurrez aurreko pilotan bezala, hamar laguneko talde bati.
Frontoian jokatu izan da beti?
Ez. Bote luzea artzainak hasi ziren jokatzen, mendian, eta horregatik deitzen zaio pilota soro. Normalean, 60 metro luze eta 15 zabal zituen eremu batean jokatzen zuten. Gero, pilota plaza zegoen, belarretan izan beharrean, lurrean jokatzen zena. Zergatik lurrean? Ikazkinek txondorren artean uzten zutelako lurrezko eremu bat, bertan jokatzeko. Herrietan jokatzen hasi zirenean, plazetan ez zegoen belarrik, eta, beraz, pilota plaza jokatzen zen. Askok esaten dute hortik datorrela plaza izena.
Esan duzu: udaletxe azpian ere jokatzen duzue Oiartzunen.
Bai. XVII. mendean hasi ziren herri guztietan udaletxeak egiten, eta garai horretan mugimendu bat sortu zen udaletxeen azpian arkupeak egiteko eskatzen zuena. Bertan pilotan jokatu nahi zuen jendeak, pasakan, aurrez aurre. Erdian jartzen zen sare bat, tenisaren antzera. Kontua da pilota jokoak laurehun urte dituela, eta tenisak, 150. Tenisa edo padela pasakatik eratorritakoak dira.
Emakumeek jokatzen zuten antzinako pilota jokoetan?
Normalean, desafioak egiten zituzten. Mutilek jokatzen zuten, eta neskak ikustera joaten ziren, baina askotan, azkenean, neskek ere jokatzen zuten. Neskek jokatzen zutenean, mutilak joaten ziren ikustera.
Zer ohitura sortu dira pilotaren inguruan?
Mutil zein neskek pilotan jokatu ostean, dantza egiten zen. Dantza soroak deitzen ziren, eta hor hasi ziren erromeriak. Jendea bertan biltzen zenez, baserritarrek aukera ikusi zuten etxeko salgaiak bertara eraman eta saltzeko, eta azoka egiten hasi ziren. Apaizak haserre zeuden, jendea erromeria horietara joaten zelako mezara joan beharrean, eta, orduan, ermitak egiten hasi ziren erromeriak egiten ziren lekuetan. Ermita asko garai hartakoak dira.
Apaizek ere jokatzen zuten pilotan?
Bai. Bada 1540ko epaiketa baten dokumentu bat, non azaltzen den lau apaizi egin zitzaiena meza eman beharrean pilotan aritu zirelako. Hala ere, abantaila zeukaten, euria egiten zutenean bazeuzkatelako klaustroak pilotan jokatzeko.
Hainbat bitxikeria ere badaude pilota jokoen inguruan.
Bai. Esaterako, zaldi gainean jokatu izan da aurrez aurreko esku pilotan, Oiartzungoa bezalako plaza batean.
Leave a Reply