Mugako adimena, bazterrean

Mugako adimena, bazterrean

Jone Arruabarrena

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, normaltasunaren barruan sartzen den adimen koefizientea 85 eta 115 artean dago. Ez daude tarte horretan, ordea, mugako adimena daukaten pertsonak. 70 eta 85 arteko batezbestekoa eduki ohi dute, eta, beraz, haien koefizientea “normal baxutzat” jotzen da, Maider Briten arabera (Donostia, 1991). Mugako adimena dutenekin lan egiten duen Donostiako Ortzadar elkarteko kidea da Brit, eta esan du “ezezaguna” dela oraindik funtzionamendu intelektual hori.

Mugako adimena dutenek badituzte ezaugarri komun batzuk, “talde hetereogeneoa” diren arren; hau da, bakoitzak ez ditu berdin betetzen ezaugarriok. Batetik, adimen koefizientea neurtuta, aipatutako tarte “normal baxuan” egon behar dute. Bestetik, Britek azaldu duenez, bizitzako bi arlotan baino gehiagotan nolabaiteko defizit bat erakutsi behar dute mugako adimena dutela baieztatzeko. Esan du eremu ezberdinetan eduki ditzaketela gabeziak: “Trebetasun akademikoei dagokienez, lanean, zainketa pertsonalean, etxeko bizitzan, trebetasun sozialetan, baliabide komunitarioen erabileran, autokontrolean, aisialdian, osasunean, diruaren kudeaketan edo helduaroari dagozkion erantzukizunak hartzeko orduan”.

Horrez gain, badaude pertsona horietan orokortzat har daitezkeen ezaugarriak. “Ez daukate itxuraz ezaugarri fisiko jakinik, baina, esaterako, desfase bat ikusten da adin mentalaren eta adin kronologikoaren artean. Ekimen falta ere izan ohi dute, eta baita egoera berrietara egokitzeko, erabakiak hartzeko edo gatazkak konpontzeko zailtasunak ere. Psikomotrizitateari dagokionez ere arazoak izan ohi dituzte”, azaldu du Britek. Gizarte mailan ere beste hutsune batzuk aipatu ditu: besteak beste, trebetasun sozialen urritasuna, harreman afektiboetarako zailtasunak, erantzukizunak hartzeko zailtasuna, inprobisazio eta ekimen falta, edo gabeziak denbora antolatzeko eta dirua antolatzeko eta kudeatzeko orduan.

Ortzadar elkartea

“Zaurgarritasun emozionala eta autoestimu apala” dira arlo psikologikoan pertsona horiek izan ohi dituzten beste ezaugarri batzuk, baita porrotaren tolerantzia txikia eta antsietate edo depresio koadroak edukitzeko arrisku handiagoa ere. Ondo daki hori elkarteko zuzendari Maialen Avilak (Orio, 1991). Mugako adimena dauka, eta adierazi du psikologikoki garai gogorrak izan dituela: “Diagnostikoa jaso aurretik, emozionalki oso gaizki nengoen, zer gertatzen zitzaidan ez nekiela, eta eskolako porrota motxilan neramala”. 25 urte ditu orain, eta 18 urterekin diagnostikatu zioten mugako adimena. Baina ordura arte, “luzea eta gogorra” izan zen bidea. “Ama eta biok galduta geunden: ez genekien zer egin. Ez nuen lortu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ateratzea, eta ez nekien zer egin. Eskolan ere txarto pasatu nuen”, azaldu du Avilak. Britek gehitu du askotan izaten dituztela mugako adimena dutenek “esperientzia txarrak” ikastetxean: “Inguruko taldearekiko eta irakasleekiko harremana ez da erraza izaten. Irakasleek, duela gutxi arte behintzat, ez zuten ulertzen zer den mugako adimena, eta Maialeni, adibidez, ahal zuen baino gehiago exijitzen zioten”.

Aldiz, eskatzen ziotena ezin zuela eman ikustean, baztertu egiten zuten Avila. “Esaten zidaten, adibidez, ez nuela balio ingeleserako, eta, beraz, ez nuela ingelesa edukiko. Urte osoan eduki ninduten ingelesa eman gabe, eta beste gauza batzuk egiten uzten ninduten. Motibazioa falta zitzaidan; gogorik gabe egoten nintzen”.

Eskolan konturatu ziren Avila ez zela ohi bezala garatzen: “Berritze Gunekoak etorri ziren eskolara 7 urte nituela, eta proba batzuk egin zizkiguten. Orduan esan zidaten arreta defizita eta hiperaktibitatea nituela, eta urteak pasatu nituen nahasmendu hori tratatzeko botikak hartzen”. Hala ere, ohartu ziren bazitekeela arazoaren jatorria beste nonbait izatea, eta psikologoarengana joaten hasi zen Avila: “Hark esan zion amari beste gauza bat izan zitekeela agian, eta proba batzuk egin nahi zizkidala. Azkenean, ondorioztatu zuen mugako adimena dudala. Ortzadar elkartearekin kontaktuan jarri ninduen orduan”.

Identifikatzeko zailtasuna

Mugako adimena diagnostikatu arteko bidea luzea izan ohi da. “Familiak oso galduta etortzen dira. Ez dakite zer den mugako adimena. Zailtasun batzuk identifikatzen dituzte, baina inork ez die esan zeren ondorio diren”, dio Britek. Asko medikuarenera joaten dira depresioaren sintomak edo portaera arazoak dituztelako; hark bideratzen ditu psikologoarengana, eta bertan egiten dizkiete azterketa egokiak. Baina beste askok oso berandu arte ez dute jakiten zer daukaten, Briten arabera: “Izan daiteke gurasoek 16 urteko gazte bat ekartzea, edo gertatu zaigu 40 urte dituen pertsona bat ere etortzea, ordura arte ez diotelako esan zer daukan”.

Ortzadar elkartea

Ortzadarreko kideak gaineratu du diagnostikoa jaso eta elkartean informazioa ematen dietenean “askoz lasaiago” geratzen direla familiak eta mugako adimena daukatenak: “Sentitzen dute ez direla egoera hori duten bakarrak. Izan ere, hori sentitu izan dute ordura arte, bizitza guztian. Badakite hemendik aurrera laguntza jasoko dutela, eta babesarekin lortuko dutela beren etorkizuna eraikitzea”.

Ikusgaitasun falta

Mugako adimena daukatenen egoera gizarteratzea ere ez da erraza. Ezaugarri fisiko jakinik ez izateak “zaildu” egiten du ingurukoek mugako adimena duen pertsona bat identifikatzea, Britek esan duenez. Horri gehitzen zaio hezkuntza eta osasun arloko profesionalek ere ez dutela prestakuntzarik jasotzen funtzionamendu intelektual horri buruz. Horren ondorioak pairatzen dituzte mugako adimena dutenek, Avilaren iritziz: “Gertatzen zaiguna ulertzea falta zaio jendeari, enpatia handiagoa izatea. Eskolan, esaterako, jendeak ulertzen ez zuenean, baztertu egiten ninduten”. Lanean, ordea, egoera ezberdina dela azpimarratu du, eta zerbait ulertzen ez duenean lankideak beti daudela “laguntzeko prest”.

“Batzuek pentsatzen dute ez garela gai izango bakarrik bizitzeko. Guraso asko ere kezkatuta daude, ez dakitelako zer egingo dugun beraiek ez daudenean. Baina gero ikusten dute gai garela bakarrik bizitzeko edo bizitza independente bat izateko”. Hain zuzen, Britek esan du bizitzako askotariko esparruetan eta behar duten neurrian arta egokia emanez gero lor dezaketela beren kabuz bizitzea.

Avilari, kasurako, Donostiako elkarteak lagundu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak desgaitasunen bat daukatenentzat ateratako oposizioak prestatzen, eta lan finkoa lortu du horri esker. “Edozer gauza behar dudanean, nire ondoan egoten da Ortzadar. Zalantzaren bat badaukat, edo ez badakit gauzak nola egin edo zer esan, gomendioak ematen dizkidate. Lantokitik kanpora ere, batzuetan kostatu egiten zait lagunekin gauzak egitea, eta hemen egiten dituzten irteeretara gonbidatzen naute, jende gehiago ezagutzeko”. Horrez gain, elkarteko erabiltzaileak zuzendaritzan sartzea erabaki zuen Ortzadarrek, haien beharrei “ahotsa” emateko, Britek adierazi duenez: “Lehen, elkarteko profesionalak ziren bozeramaileak, baina orain bultzatu nahi dugu haiek behar horiek ikusi eta azaltzeko gaitasuna izatea, gai baitira horretarako”.

Hain zuzen, erakunde publikoei laguntza handiagoa eskatu die Avilak: “Instituzioen laguntza gehiago behar dugu; gu bezalako pertsonei begirako formakuntza gehiago, tresna gehiago, ohartu daitezen zailtasun batzuk ditugula, ezin ditugula gauza batzuk gainontzekoek bezala egin, eta laguntza gehiago lagundu behar ditugula”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.