Ane Olaizola
Azpeitian agerikoa da Joanes Antxieta (Azpeitia, 1462-1523) musikariaren arrastoa: harena izan zen jauregia da herriko eraikin aipagarrienetako bat, eta haren izena daramate musika eskolak eta abesbatza batek, hark utzitako ondarearen erakusgarri. Nor izan zen, ordea, Antxieta? Herritarrek ezagutzen al dute haren lana? Ignacio Arakistain musikariaren (Azpeitia, 1998) ustez, Antxieta “pertsonaia garrantzitsua” izan zen “zantzuak” badaude herrian, baina askok sakonean ez dakite nor izan zen.
Herritarrek hura nor izan zen jakiteko, gaur bertan Antxietari buruzko hitzaldi bat eta mahai inguru bat izango dira Azpeitiko Basazabal jauregian (18:30); azaroaren 18an, berriz, V. mendeurren kontzertua izango da, Azpeitiko Frantziskanetako elizan (19:00); eta, urteurrena borobiltzeko, Antxietaren Sine Nomine kontzertua eskainiko du Antxieta ahots taldeak, abenduaren 16an, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian (19:30).
“Horrelako izen handiekin, askotan presente egoten dira gauza solidoak, baina hor galtzen da pertsona”, hasi du azalpena Arakistainek. “Antxietari ere gauza bera gertatu zaio. Kontuan hartu behar da duela bostehun urteko pertsona batez ari garela hizketan; oso urrun geratzen da”.
Hain zuzen, musikari eta konpositorea hil zela bostehun urte bete diren honetan, herritarrek Antxietaren figura eta ondarea gehiago ezagutzeko parada izan dute azken hilabeteetan. Besteak beste, Joanes Antxieta musikaria eta Joanes Antxieta eskultorea Urrestillan (Azpeitia) sortu zirela gogorarazteko, Antxietarren herritartasun aldarria ekitaldia egin zuten San Joan jaietan, eta plaka bat jarri zuten Urrestillako Antxieta plazan; abuztuan, berriz, konpositorearen lana ezagutarazteko kontzertu bat eman zuten Urrestillako elizan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Antxieta ezagutarazteko bide horretan, hurrengo pausoa izango da gaurkoa.
“Arrakasta handiko” artista
Gaztelako Gorteari estuki lotuta egin zuen Antxietak bere ibilbidearen zati sonatuena. “Oso musikari garrantzitsua izan zen, Gortean lan egin zuelako, batez ere; besteak beste, hango irakaslea izan zen, eta abesbatzan ere parte hartu zuen”. Errege-Erregina Katolikoentzat lan egiteak eman zion ospeaz harago, jaioterrian bertan ere “esanguratsua” izan zen Antxieta: “Azpeitiko parrokoa izan zen, eta herrian dagoen Frantziskanetako komentuaren sorreran ere garrantzitsua izan zen. Horrez gain, Ignazio Loiolakoaren senidea zen”.
Profesionalki “arrakasta handia” lortu zuen Antxietak, baina ez soilik Gaztelako Gortean aritu zelako, baita musikari egindako ekarpenagatik ere. Izan ere, polifonia idatziaren aitzindarietako bat izan zen: “Garai hartan, tradizio handia zuen inprobisazioaren bitartez egindako musikak: musika ez zen hainbeste egiten notazioaren bidez, musika ez zen idazten; oinarri batzuk zeuden, eta inprobisazioa asko erabiltzen zen”, azaldu du Arakistainek. “Tradizio inprobisatuaren eta polifonia idatziaren arteko nahasketa egin zuen Antxietak, eta ondoren etorriko ziren konpositore barrokoei lehenengo harria jarri zien”.
Arakistainek aitortu du mendeurrenak balio izan diola Antxietaren biografia ezagutzeko, “betidanik” izan baitu haren bizitzan sakontzeko grina. Bide horretan, Routledge Erresuma Batuko argitaletxeak Antxietari buruz kaleratu berri duen liburua aipatu du: The Music of Juan Anchieta (Juan Antxietaren musika). “Oso lan mamitsua eta interesgarria da. Datu biografikoak emateaz gain, haren musikaren azterketa egiten du. Aldundiaren laguntzarekin, euskarara eta gaztelaniara itzultzeko lanetan dabiltza, urteurrenaren harira”.
Jaioterria, epizentro
Azpeitiko Udala, Eresbil musikaren euskal artxiboa, Donostiako Musika Hamabostaldia eta musika gustuko duen herritar talde bat elkarlanean ari dira gauzatzen Antxietaren lana ezagutarazteko egitasmoa. Arakistain da haietako bat, eta, hark azaldu duenez, Azpeitian kokatu nahi izan dituzte ekintzak, bertakoa baitzen musikaria: “Bagenekien beste erakunde batzuek mendeurrenaren harira zerbait egiteko asmoa zutela, baina, bakoitzak bere kabuz egin beharrean, denok Azpeitian lantzen hasi ginen. Dena sakabanatuta geratuko zen bestela”.
Antolatzaileek Antxietaren musikan eta bizitzan jarri nahi izan dute arreta, eta horren adibide da gaur izango den hitzaldia. Ion Bagues Eresbileko zuzendari ohi eta euskal ondarearen adituak Antxietaren biografiaren zertzeladak emango ditu; Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak, berriz, Antxietari eskainita sortu berri duten webgunea aurkeztuko du; eta Iñigo Alberdi Bilboko Koral elkarteko zuzendariak azalduko du gaur egun nola kudea daitekeen Antxietaren ondarea. Arakistainek aurkeztuko du saioa, eta, ondoren, mahai ingurua egingo dute. “Antxietari aurpegia jartzeko arratsaldea izango da”.
Leave a Reply