Jone Arruabarrena
Aurten, hamabost urte bete dira Jose Manuel Azkue organista oiartzuarra zendu zenetik. Urtero haren omenezko memoriala antolatzen aritzen da Anton Mendizabal (Donostia, 1945). Programazio zabala antolatu dute oraingoan. Charles Chaplinen hiru film emango dituzte, organoarekin lagunduta, eta Oiartzungo organoaren istorio bitxia argitzen ere saiatuko dira.
Zer nabarmenduko zenuke Jose Manuel Azkueri buruz?
Erreferentziazko organo jolea izan zen Euskal Herrian, itzal handikoa; izugarrizko talentua eta ahalmena zeuzkan. Leku guztietan ematen zituen kontzertuak; ez bakarrik penintsulan eta Europan, baita kanpoan ere. Oiartzuarra izaki, lotura handia zeukan Oiartzunekin eta hemengo organoarekin.
Zergatik erabaki zenuten halako ekitaldi bat antolatzen hastea?
Duela hamabost urte hil zen Azkue, eta, orduan, Oiartzungo Udala hasi zen memoriala antolatzen, baina, 2016an, Oiartzungo Organozaleak elkartea sortu genuen, eta guk antolatzen dugu orain.
Zer helburu dauzka elkarteak?
Besteak beste, organoari beste dimentsio bat ematea. Beti lotzen dugu elizarekin, liturgiarekin…, baina, horretaz gain, aukera asko ematen du, eta beste gauza batzuetarako ere erabil daiteke.
Horregatik lotu duzue zinemarekin aurten?
Bai. Charles Chaplinen hiru filmez osatutako egitaraua antolatu dugu. Film horiek hartuko ditugu, soinurik gabeak. Sortu ziren garaian, mutuak zirenez, zuzenean jartzen zieten musika, zinema aretoetan bertan. Ohitura hori berreskuratu nahi izan dugu memorialaren bitartez. Filma jarri aurretik, azalpen bat ematen dugu hari buruz, eta musikariak esplikatzen du nola prestatzen duen horrelako saio bat. Ez da ohiko kontzertu baten gisakoa.
Eta nola prestatu ohi dute?
Bakoitzak bere sistema dauka, baina, adibidez, musikari batek azaldu zidan pertsonaia bakoitzari melodia bat jartzen diola, eta pertsonaia hori ateratzen denean melodia horrekin laguntzen dituela haren mugimenduak. Pertsonaiaren emozioen araberako giroa hartzen du melodiak ere, organoaren bidez.
Zenbateraino izaten da inprobisatua?
Aldez aurretik melodia batzuk prestatzen dituzte, baina, noski, jotzean ez daukate partiturarik. Filma askotan ikusi ondoren, barneratu egiten dute, eta eskema musikalak sortzen dituzte, girotzeko, dramatismoa emateko… Baina gero, jotzeko orduan, inprobisatu egiten dute, proiektatzen ari den irudiarekin lotzeko.
Nondik datorkizu zuri Azkuerenganako lotura?
Duela 25 urte, Pagoarte artista talde esperimentala sortu genuen Oiartzunen, zenbait sorkuntza arlo nahastuta. Nik ere parte hartu nuen, eta organoarekin bereziki landu genuen esperimentazioa. Asko lagundu zigun Azkuek.
Zer lanketa egin zenuten Pagoarten organoari zegokionez?
Eskulturarekin eta bertsoekin lotu izan dugu organoa, baita kanpaiekin, perkusioarekin, txistuarekin, oboearekin, klarinetearekin eta flautarekin ere.
Zer ezaugarri dituzte Cavaille-Coll organoek?
Cavaille-Coll organo marka bat da; bere garaian, izugarri garrantzitsua izan zen, Stradivarius biolinetan bezainbeste. XIX. mendean hasi zen lantegi hori organoak egiten, eta berrikuntza ugari sartu zituen. Izan ere, ordura arte nagusitu zen organo barrokoak jada ez zion erantzuten garai hartan zegoen pentsaera berriari: erromantizismoari.
Zergatik ez?
Organo barrokoa erritmikoagoa zen, mekanikoa eta laguntzailea. Cavaille-Collek organoa eraldatu zuen 1840ko hamarkadan, eta orkestra baten pareko bihurtu. Izugarrizko aukerak eman zizkion, ez bakarrik indar aldetik, baita tinbre aldetik ere.
Zer aldaketa ekarri zuen horrek?
Iraultza bat izan zen. Konpositoreak konposatzeko modua aldatzen hasi ziren, organo berri honi egokituta. Cesar Franck da garai hartako konpositorerik ospetsuenetako bat. Hura izan zen instrumentuak nolako ahalmena daukan ohartu zen lehena.
Oiartzungo organoa ere etxe horretakoa da.
Bai. Organoak egiten hasi zenean, Cavaille-Collek proba batzuk egin zituen, esperimentatu, eta prototipo batzuk sortu. Oiartzungoa, hain zuzen, lehenbiziko prototipo horietako bat da; oso gutxi daude Europan. Barroko garaiko gauzarik onenei eusten diete, eta, gainera, berritasunak dauzkate. Azkuek berak asko baloratzen zuen Oiartzungo organoa. Gipuzkoan, gutxienez hamabost Cavaille-Coll daude, baina bat bera ere ez da prototipoa; askoz geroagokoak dira.
Nola bukatu zuen halako organo batek Oiartzunen?
Udalen batek edo Elizak organo bat behar zuenean, Cavaille-Colli enkargatzen zion. Oiartzunen, ordea, aurreko organoa oso gaizki zegoen, eta udalak organo berri bat erosi nahi zuen lehenbailehen. Cavaille-Collen lantegiak, baina, lanez gainezka zeuden, eta udalari esan zioten ezin ziotela berehala organo bat egin. Horren ordez, tailerrean zeukaten beste organo bat eskaini zioten: hogei urte lehenagoko prototipo bat. Azkenean, udalak organo hori erosi zuen.
Astearteko hitzaldian argitu zuten non izan zen organoa Oiartzunera ekarri baino lehen: Parisen.
Organo honen inguruko gauzak ez daude oso argi historikoki, eta, horregatik, ikertzaile askok ikertu nahi izan dute instrumentu honen inguruan. Jakin dutenez, organoa Parisen egon zen Oiartzunera ekarri baino lehen, bai.
Zer dakizue Parisen egon zen aldiari buruz?
Gutxienez bi elizatan egon zen, eta organo jole oso ospetsuek erabili zuten; besteak beste, Louis Braillek, braille sistema asmatu zuen musikariak. Ikerketak argitu duenez, Cesar Franckek jo zuen Oiartzungo organoan garai hartan; haren obra ospetsuetako batzuk, Hilondoko obrak, organo horretan sortu zituen.
Orain, ordea, ez dago organorik Oiartzungo elizan.
Eliza ondoko kultur etxea egiteko garaian, lurra mugitu egin zen, eta elizari izugarrizko artesiak atera zitzaizkion. Artesi horietako batzuetatik hondarra erortzen hasi zen organo gainera, eta konturatu ginen arriskuan zegoela. Organo osoa ahalik eta azkarren desmuntatu genuen, eta paketatuta dago orain, berriz muntatzeko zain.
Leave a Reply