“Bi gauza desberdin dira euskara edukitzea eta erabiltzea”

“Bi gauza desberdin dira euskara edukitzea eta erabiltzea”

Unai Zubeldia

Euskarak bizi du Malores Etxeberria (Zaldibia, 1957). Frankismo garai betean, etxean “oso zorrotz” zaindu zuten euskara, eta nortasunaren parte izan du ordutik. Beasainen, Donostian eta Tolosan bizitzaren bihurguneak emanda, Hernanin finkatu zen 1990ean; hango udalean euskara teknikari gisa aritu da lanean 32 urtez. Iaz hartu zuen erretiroa, baina ez dauka asmorik euskararen aldeko borrokatik erretiratzeko. Arduratuta dago azkenaldiko euskararen aurkako epaiekin.

Azaroaren 4a bihar. Bilboko manifestaziora joateko eguna?

Bai, zalantzarik gabe. Joateko eguna da, baina horrekin bakarrik ez dugu ezer egingo. Bilbokoa handi samarra izango dela uste dut, erasoak handiak, duela gutxikoak eta bata bestearen segidakoak izan direlako. Haserre eta kezkatuta gaude euskaltzaleak.

Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat dio leloak. Oldarraldi betean dago euskara?

Bai… XXI. mendean ez dakit espero genuen halako oldarraldi bat. Hasteko, ez gaude egoera onean. Nire ustez, ez dugu hainbeste egin aurrera, eta horrek kezkatzen nau. Oso egoera delikatuan jarraitzen du euskarak, eta kalte handia egiten diote halako oldarraldiek.

Zaldibia jaioterrian natural egingo zenuten zuek euskaraz…

Bai, erabat. Baina eskola erdaldunekoa naiz ni. 1957an jaio nintzen, eta frankismo garai betekoak dira gure eskola urteak, [Francisco] Francoren diktaduraren oldarraldi betekoak. 36ko gerra ere ez zen hain pasatu zaharra. Eskola nazionala zen gurea, eta erdaraz aritu beharra zegoen han. Baina etxean oso zorrotz aritzen ginen euskaraz, kontzienteki. Garai hartan, behin adin batetik aurrera, neska kuadrilletan asko hitz egiten zen erdaraz; gurean ere bai. Gerora bueltatu ginen euskaraz aritzera.

Ahizpa zaharragoa ondoan zenuela, nolako haurtzaroa izan zen zurea?

Ona. Oso gauza gutxirekin moldatzen ginen gu. Etxeak ere txikiak ziren, eta ez zegoen gaur egungo desberdintasunik; gehiago zeukatenak gutxiago ziren, eta gehiago edukitze hori ezkutatu-edo egiten zuten. Oso zoriontsuak ginen. Asko jolasten ginen. Kalea zen gure jolastokia, eta denbora libre asko izaten genuen. Kanikatan, brilean, korrika, bizikletan, errekan… Gaur egun iruditzen zait saturazio handia dagoela. Oso inguru euskalduna zen gurea, baina Espainiako jatorria zeukaten immigrante dezente zegoen ordurako Zaldibian. Immigrante haien seme-alabek nahiko natural ikasten zuten euskara, nahiz eta guraso haietako gehienak erdaldunak diren oraindik.

Oso ume zintzoa omen zinen zu; zintzoa eta bizia.

Herri txiki bateko umeak ginen gu, eta erraz konformatzen ginen. Desberdin hazten da herri handi batean edo txiki batean. Nolabaiteko sanotasun bat geneukan guk, ia-ia ez ginelako ateratzen gure ingurutik. Titereak etortzen ziren herrira; antzerkia, malabarak, pailazoak… Erdaraz izaten ziren. Aulki txikia hartuta joaten ginen 20:00-21:00 aldera, ilunbistan. Ez telebistarik, ez gailurik… Konformidadea daukan jendea ateratzen da hortik, gutxirekin bizi dena.

17-18 urte zenituela hil zen Franco, 1975ean. Gogoan al duzu egun hura?

Bai. Ordurako Donostiara joana nintzen ikastera; Historia eta Geografia ikasi nuen EUTGn, eta lehenengo urtean izan zen. Astebeterako itxi zuten eskola. Zain-zain egon ginen, egunero irratia entzunez; izugarri luzatu zen amaiera hura. Baina frankismoaren atzaparren kontua etxetik sentitu nuen nik dezente. Gure aita kartzelan egon zen, nik 15 urte nituela, lau urtez, ETArekin kolaboratzeagatik. Martutenen [Donostia], Zaragozan, Jaenen eta Palentzian [Espainia] egon zen, eta lau urte gogor izan ziren. Franco hil zenean, beraz, arnasa pixka bat hartu genuen. Aita hurrengo urtean atera zuten kartzelatik, 1976an. Ordurako ahizpa Donostiara joana zen Irakasle ikasketak egitera, han pasatzen zuen astea, eta amarekin egoten nintzen ni.

Zerekin topo egin zenuen Zaldibiatik Beasainera joanda?

Beasainen institutua zegoen orduan, baina oso euskaltzalea zen gure aita, eta Beasaingo ikastolaren sorreran lanean aritu zen, beste askorekin batera. Ahizpa eta biok Beasaingo lizeora joan ginen, euskaraz ikastera. Lauzpabost lagun joan ginen. Euskaraz ikas genezan nahi zuen gure aitak. Ordaindu beharrekoa zen lizeoa, baina oso argi zeuzkan gauzak. Oso urte ederrak izan ziren, oso irakasle bereziak eduki genituelako, euskaltzaleak; pedagogia aldetik ere berritzailea zen dena. Lizeoaren arazo ekonomikoak tarteko, institutuan egin nuen 6. batxilergoa eta UBI. Gogoan daukat Beasain ez zitzaigula gehiegi gustatzen, eta Donostia ere oso arrotza egin zitzaigula.

Donostian, Historia eta Geografia ikasi bakarrik ez, bizitzarako kidea ere topatu zenuen han…

Gela berekoak ginen Pello [Zubiria] eta biok, bai, eta azken kurtsoan edo azken-aurrekoan hasi ginen elkarrekin.

Ikasketak amaituta, Donostiako Santo Tomas lizeoan hasi zinen irakasle. Ez zen epe luzerako proiektua izan hura…

Donostian ikasten ari nintzela, bigarren urtean jada hasi nintzen euskarako klase batzuk-eta ematen, Amarako Ikasbide ikastolaren inguruan, hango guraso batzuekin… Santo Tomas lizeokoa, berriz, abentura txiki bat izan zen; Iñaki Azkune ordezkatu nuen, euskara klaseak emanez. Jator-jator joan nintzen gaztetxoengana, eta erabaki nuen ez nuela gehiago klaserik emango nerabe eta gazteekin. Gaizki pasatu nuen. Ez neukan nahikoa esku horri guztiari aurre egiteko.

MALORES ETXEBERRIA

Euskara barnetegietan. Malores Etxeberria hamar urtez aritu zen euskaltegietan lanean. Irudian, 1986ko uztailean, Zegaman, barnetegi batean. Ezkerretik bigarrena da Etxeberria; Arantza Astigarraga Ilazki euskaltegiko lankidea du ondoan —ezkerretik hirugarrena—.

22-23 urterekin, nolatan hasi zinen helduen euskalduntzean, AEKn lehenengo eta Ilazki euskaltegian gero?

AEKn hasi nintzenean barnetegi batzuetan ere izan nintzen, Abaltzisketan, esaterako. Oso une politak izan ziren. Zoragarria zen jendea. Hiru aste pasatzen genituen etxera itzuli gabe, pentsa! Horrez gain, UZEIn ere aritu nintzen [Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastegia] , Joseba Intxaustiren eskutik. Euskarazko hiztegiak egitea zen UZEIren egitekoa, eta historia arloan hasi ginen gu kontzeptuak definitzen. Alicia Sturtze historialari alemaniarra azaldu zen geroxeago, eta Gordailu argitaletxearekin liburuxka monografiko batzuk atera genituen, Euskal Herriko historiari buruzkoak. Hamar bat urte egin nituen euskaltegietan lanean.

Betidanik izan zenuen udaletako euskara zerbitzuen inguruko ezinegon bat?

Ez, ez; nik ez neukan inolako ezinegonik. Ikaragarri gustatzen zitzaidan helduen euskalduntzean aritzea, gozatu handia hartzen nuen, nahiz eta baldintzak ez ziren onak. Tolosan bizi nintzen 1990ean, eta Gordailu argitaletxean Koro Etxeberriak egiten zituen administrari lanak, Hernaniko Udaleko zinegotziak. Hark aipatu zidan euskara teknikari batentzat lanpostu bat sortzeko asmoa zutela. Nik ez neukan asmorik udal batean sartzeko, baina, oposizioak gainditu, eta probatzea erabaki nuen. 32 urte egin ditut lanpostu horretan.

Hernaniko Udalean sartu, eta…

Ez dakit bagenekien zer egin behar genuen ere. Ni ez nintzen soziolinguista; borondate handiarekin bai, baina berde-berde gentozen gu. Herri Batasuna zegoen alkatetzan, eta euskaldunak ziren, nahiz eta erdaldunak ere baziren tartean. Alderdi guztietan zeuden euskaldunak, alderdi sozialistan salbu, baina erdaraz bizi zen etxe hura: bilerak, langileen arteko harremana, idatziak… Erdaraz sortzen zen dena.

Urte hartan bertan, 1990ean, sortu zuten Euskaldunon Egunkaria, eta Pello Zubiria izan zen lehen zuzendaria. Nola bizi izan zenuten prozesu guztia etxean?

Potentea izan zen. Nik asko bizi izan nuen Euskaldunon Egunkaria-ren hasiera, han aritu nintzelako estilo liburua lantzen, ia nik baino gehiago zekiten kazetariekin saioak egiten. Ez zegoen ezer finkatuta. 1990ean jaio zen gure alaba [zaharragoa du semea], eta horregatik diot potentea izan zela garai hura; potentea eta ederra.

Euskararen jiran momentu latzak ere bizi izan zenituzten zuek etxean: Guardia Zibilak Pello Zubiria atxilotu zuen 2003ko otsailaren 20an, ospitaleratu egin zuten hiru egun geroago… Beldurra da hitza? Amorrua?

Emozio guztien nahasketa bat izan zen. Gure aita eraman zutenean, 15 urte nituen nik, eta Pello eraman zutenean, 15 urte zituen Ekhi gure semeak; otsailaren 22an bete zituen 15 urte. Beldurra pasatu nuen; batez ere, Pello gaixo zegoelako. Ez genuen espero halako erasorik, nahiz eta ohituta geunden guardia zibilak astakeriak egiten ikustera. “Segituan dira etxean”, pentsatu nuen hasieran, baina… Ospitalean zegoela, bere buruaz beste egiten saiatu zela… Sinestezina zen dena, baina osasun kontuek ematen zidaten beldurra. Ospitalera joan ginenean, “bizirik al dago?” galdetu nien; edozer gauza espero nuen. Kartzelara eraman zutenean, berriz, lasaitu egin nintzen. Nahiko indartsu erreakzionatu nuen.

Euskaldunon Egunkaria itxi zuten, baina langileek egun berean sortu zuten Egunero lehenengo eta BERRIA gero. Oldarraldiaren aurrean, erantzuna iritsi zen. 2023an bizirik al dirau euskararen aldeko herri indar horrek?

Garaiak asko aldatu dira, eta ez hizkuntza kontuetan bakarrik. Militantzia, parte hartzea, erantzuna, presioa… Gaur egun, beste modu batean bizi dugu dena. Geure barrenean edo erosotasunean sartu gara gehiago. Erantzuten jarraitzen du Euskal Herriak, baina nekeza da garai hartako erantzunaren parekoa lortzea. Klabeetako bat desobedientzia dela uste dut, hala ere.

32 urtez aritu zara lanean Hernaniko Udalean. Erabat bestelakoak izango dira iritsi zineneko eta iaz lanpostua utzi zenueneko errealitateak, ezta?

Bi mundu dira, eta ez Hernaniren kasuan bakarrik. Babes politiko handia egon da Hernaniren gisako herrietan, bultzada edo baimen bat. Asko egin dugu administrazio arloan, baina oso hauskorra iruditzen zait dena. Epaileek euskararen kontra hartutako erabaki batzuekin, edo zinegotzi, agintari eta goi mailako teknikari batzuen kontrako iritziarekin, oso erraz egin liteke atzera. Oso justuan gabiltza. Edukitzearekin konformatzen gara, baina bi gauza desberdin dira euskara edukitzea eta erabiltzea. Segitzen dut pentsatzen etxea dela euskararen gune erabakigarria.

Nola lortu Hernanin, Donostian, Zumarragan edo Irunen estresik gabe bizimodu osoa euskaraz egiteko moduan bizitzea?

Ez da posible oraindik. Norberak egin behar du lan bat, baina ez da norberaren lana bakarrik. Behar da ahalduntze kolektibo bat ere, komunitate bat, onespen bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.