Kerman Garralda Zubimendi
Mineralek eta fosilek milioika urte behar dituzte sortzeko. Oso prozesu luzea eta motela da, baina Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astea instant batean egonkortu da horien aldean: 35. aldia hasiko da gaur. “Mineralogia eta paleontologia munduan erreferenteetako bat bilakatu da”, esan du Miren Castillo Urretxuko Udaleko kultur teknikariak. “Azoka gehiago ere egiten dira, baina salerosketara mugatzen dira gehienak. Urretxuko azokak osagarri gehiago ditu, dibulgazioari ere tartea egin ahal izateko”. Ohiko legez, azoka jarriko dute Ederrena pilotalekuan —Euskal Herriko eta atzerriko 30 erakusketari izango dira—, eta igandera arte bisita gidatuak, jolas parkea, argazki lehiaketa, erakusketa… ere antolatuko dituzte.
Javier Aguado Urretxuko Urrelur museoko arduradunak oroitu du 1987an sortu zutela zikloa. “Nabaritu genuen gauza berriren bat eskaini behar genuela jendea museora itzultzeko, eta gutxinaka hasi ginen, azokarekin. Urtetik urtera, handitzen joan da proiektua eta ekintza osagarriak sortu ditugu inguruan”. Erakusketari dagokionez, denetik, euro bateko mineral txikiak eta milaka euroko balioa duten piezak eskainiko dituztela zehaztu du Castillok. “Municheko [Alemania] azoka amaitu berri da. Munduko garrantzitsuenetako bat da hura, eta Urretxun izango ditugu han merkaturatu dituzten berritasunetako batzuk”, osatu du Aguadok.
Emakumezkoak ere bai
Bildumagileak izaten dira nagusiki erosleak. “Gizonezkoak apur bat gehiago dira, baina emakumezko bildumagile asko ere badago. Kontua da adinean gora doazela. Gazteei kostatu egiten zaie hastea”, esan du Aguadok. Hura ere bildumagilea da, “aitaren afizioari segika”. Aitaren sortarekin ireki zuten Urrelur museoa, 1980ko hamarkadan.
Haurrengana ere iristeko, jolasak antolatuko dituzte: ibai artifizial batean urrea (pirita) bilatzeko aukera, historiaurreko pinturak egiteko mural girotua, meategia, parke jurasikoa… Dinosauroz jantziko dituzte umeak eta lur leun batera jauzi egin beharko dute, lorratzak uzteko; aztarnak ikertu eta zein dinosauro diren asmatu beharko dute.
Gizateriaren iragana, oraina eta etorkizuna, fosilen eta mineralen bidez aztertua erakusketa monografiko bat ere egingo dute aurten. Aguado da egileetako bat, Nicolas Mesasekin batera. Azaldu du fosilen bidez historian izan diren aldaketak aztertu dituztela eta aurrera begira ere jarri direla: “Milioika urte barru gu ez gara egongo. Nolakoak izango dira gure fosilak? Zer kontatuko dute guri buruz? Hori landu dugu”.
Propio sortutako erakusketa bat izango da. “Bildumagile pribatuenak dira piezetako batzuk eta ez dituzte erakutsiko beste inon”, ohartarazi du Aguadok. Urtero antolatzen dute erakusketa: iaz, esaterako, Alberto Fernandez urretxuarrak birziklatutako materialekin egindako dinosauroen miniaturak jarri zituzten ikusgai.
Urretxuko Urrelur museoan, berriz, erakusketa egonkorra ikusteko ordutegi zabalagoa izango da Mineralogia eta Paleontologia Astean. Bisita gidatuak ere egingo dituzte, ikasleentzat eta gainerako bisitarientzat. “Aste osoan lan handia izan dugu, inguruko ia eskola denak etortzen baitira hona”, kontatu du Aguadok.
Harrietatik begira
Jose Maria Hernandez Chema Geologia Zientzietan doktoreak beste bisita gidatu bat egingo du bihar. “Ibilaldi geologikoa izango da. Urretxuko alde zaharrean topa daitezkeen harriei erreparatuta, duela milioika urteko Urretxu nolakoa zen irudikatuko du”, azaldu du Aguadok. “Lehen ere eginda gaude ibilaldi hori, eta, izan zuen arrakasta ikusita, berreskuratu egin dugu”, esan du Castillok. “Aztarnen eta idatzizko hitzen gabezia, edo gizakia bera ez izana egilea, ez dira oztopo gure planetaren zatitxo honetan izan ziren gertaerak ezagutzeko. Geologia da erantzuna”, ondorioztatu du Aguadok.
Mineralak eta fosilak Urrelur Astean gaitzat hartuta, seigarrenez argazki lehiaketa bat ere antolatu dute antolatzaileek, herriko argazki elkartearekin elkarlanean. 400 euro banatuko dituzte sarietan, eta mineralak ere eskuratuko dituzte irabazleek.
Leave a Reply