Aitor Arroyo Askarai
Euskal Herriko gaztaren eta esnekien II. azoka egingo dute, gaur eta bihar, Tolosan. Bigarren urtea izango du, eta, Euskal Herriko gaztarik onena aukeratzeaz gain, XIV. Frisoi Txapelketa ere egingo dute. Denetariko jarduerak antolatu dituzte esnekien inguruan; horien artean, azoka, tailerrak, dastaketa gidatuak, hitzaldiak eta mahai inguruak.
Aurrez izena eman beharra dago gaur-biharretan egingo dituzten jardueretako batzuetan parte hartzeko, eta beste batzuetarako, berriz, sarrera erosi beharko da —agortuta daude gaurko Errapetik ahorainoko bidea esperientziarako sarrerak—. Dena dela, izango da izena eman beharrik gabeko saiorik ere; besteak beste, Triangulo plazako azoka eta Esnetan familia guztiarentzako jarduera. Era berean, bihar Beotibar pilotalekua irekita egongo da lehiaketak irauten duen bitartean. Sari banaketa 13:00 aldera izango dela aurreikusi dute. 30 epaimahaikide izango dira.
Egitasmoa elkarlanean antolatu dute Tolosako Udalak, Eliker kalitatezko elikaduraren zentroak, Hazi elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Leartiker esneki zentroak. Tolosako Udaleko Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotziak kezka azaldu du lehen sektorearen egoeraren inguruan, eta Esneki egitasmoa pedagogia egiteko “espazio egokia” izan daitekeelakoan dago: “Bertako produktuen aldeko apustu sendoa eginez, gure landa ingurunearen mantenua bermatzeko aukera gehiago izango genuke”. Uste du “elkarlana” dela gakoa mota horretako ekimenak antolatzeko.
Jakintzaren transmisioa
Imanol Zubelzu Eliker proiektuaren koordinatzaileak hiru kontzepturen inguruan bildu du azokaren zentzua: elkarlana, hartu-emana eta izaera berritzailea. Egitasmoa antolatzeko, Zubelzuk “beharrezkotzat” jo du ekoizleen, erakundeen eta elkarteen arteko elkarlana. Hartu-emana, berriz, “ardatza” da, haren hitzetan: “Esnekien azoka da hau, baina kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko trukea ez da produktuena bakarrik; jakintzaren transmisioa bermatzeko plaza ere bada gure azoka”. Sektoreari dagozkien erronkak hautemateko eta horiei erantzun berritzaileak emateko gaitasuna izatea ere ezinbestekotzat jo du Zubelzuk.
Leave a Reply