Sariak jaso eta jaso dabil etengabe

Sariak jaso eta jaso dabil etengabe

A. Arroyo Askarai

Berezia izan zen saria”. Horrela definitu du Joseba Otegi Asteasuko Goine gaztandegiko artzainak iaz Tolosako I. Esneki lehiaketa irabazi izana. “Berezia izan zen etxean irabaztea”. Otegik sari nagusia besapean zuela egin zuen iaz Tolosatik Asteasurako bidea, eta ordutik ez du atsedenik izan, ez lanean eta ez sariei dagokienez ere. Izan ere, joan den urri erdialdean urrezko domina eta zilarrezko domina irabazi zituen haren gaztandegiak La Seu d’Urgelleko (Herrialde Katalanak) Pirinioetako artisau gaztaren lehiaketan, eta joan den asteburuan zilarrezko bi domina eta brontzezko bat eskuratu zituen Norvegiako World Cheese Awards lehiaketan.

Azken urtebetean jasotako sarien inguruan “gogobeteta” hitz egin du, oro har, Asteasuko ekoizleak. Otegik oso gogoan dauka, adibidez, Tolosako iazko gazta txapelketaren aurretik, “lauzpabost hilabete lehenago” hasi zela Otzara gazta egiten. “Lehiaketa hura irabazi izanak asko lagundu zigun gure gazta eta gaztandegia ezagutarazten”.

Otzara gaztak bere bidea eginda —merkaturatzen dute oraindik—, Asteasuko ekoizleek beste gazta ale batzuk aukeratu dituzte aurten Tolosan lehiatzeko; besteak beste, Idiazabal jatorriko “gazta natural bat”, “Otzararen antzeko beste bat”, behi gazta bat eta ardi esnearekin egindako gazta fresko bat. Asteasuko gaztandegiko arduradunak azaldu duenez, eurentzat “erosoagoa” da Idiazabal gaztarekin lehiatzea, ekoizpenaren %80 baino gehiago bideratzen dutelako mota horretako gazta egitera. Dena dela, Otegik aitortu du berari gehiago gustatzen zaiola “pasta biguneko gaztekin” lan egitea; hain zuzen, mota horretakoa da Otzara gazta.

Harremana egiteko aukera

Esneki azoka eta antzekoak kontsumitzaileei hainbat motatako produktuak aurkezteko “toki egokiak” direla uste du Otegik. Nabarmendu du azoka horietan balio handiagoa duela jendearekin harremana egiteko aukerak, bertan saltzen dutenak baino.

Leave a Reply

Your email address will not be published.