Urteetako behar baten emaitza

Urteetako behar baten emaitza

Alaine Aranburu

Irailean ireki zituen ateak Irungo Emakumeen Etxeak, eta bidea egiten ari da pixkanaka. Atzera begiratuta, 2011n egin zituzten etxea sortzeko lehen urratsak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lehen pauso horietan ez zuten zehaztu ordura arte martxan zeuden emakumeen etxeen eredu berekoa izan behar zuenik Irungoak. 2014an, ordea, bai: emakumeen etxea bultzatzeko eskatu zuten, espresuki, Bidasoaldeko elkarte feministek.

Lau urte geroago, 2018an, IV. Irungo Berdintasun Planean jaso zuten helburu hori. Behin planean jasota, 2019an prozesu bat jarri zuten martxan, azpiegitura gauzatu zedin. COVID-19aren pandemia tarteko, ordea, 2020an gelditu egin behar izan zuten prozesua; ez zuten bideragarri ikusi bilerak sarean egitea. Berriz aurrez aurre elkartzeko baldintzak bermatuta zeudenean jarri zuten martxan prozesu guztia. Prozesu parte-hartzaile baten bidez, Emakumeen Etxea elkartea sortzea erabaki zuten segidan, eta laurogei bazkide ditu gaur egun. Aintzane Ugalde da zuzendaria. Etxearen xedeetako bat emakumeak eta eragile feministak saretzea izango zela adostu zuten hasieratik, eta koordinazio lana Irungo Udalaren eta Emakumeen Etxearen artean egingo zutela ere hitzartu zuten.

Izena, bozketa bidez

Lantaldea trinkotu zutenean, etxearen izena zehaztea izan zen lehen erabakia: Irungo Emakumeen Etxea. Hainbat izen jaso zituzten proposamen gisa, eta gaur egun egoitzako aretoen izen bihurtu zituzten bozketa bidez garaile izan ez ziren izen proposamenak. Gela handi bat, beste ertain bat, bi bilera gela, harrera gela eta liburutegi bat ditu egun.

IRUNGO EMAKUMEEN ETXEA

Ugaldek gogoratu du 2020an erabaki zutela kudeaketa kontuak sortu berri zuten elkartearen eta udalaren artean egingo zituztela. Gainerako emakumeen etxeetan ez dute halakorik egin, baina Irunen koordinazio hitzarmen bat sinatuta daukate udalaren eta Emakumeen Etxea elkartearen artean. Eredu hori udalarentzat “formula berria” dela azaldu du Cristina Laborda Irungo Udaleko Berdintasun zinegotzi ordezkariak: “Bi erakundeen arteko elkargunea da koordinazio batzordea, eta etxearen jardunari buruz hitz egingo dugu hor; zer programatu erabakiko dute, adibidez”. Urtean bizpahiru aldiz elkartzea adostu dute hitzarmenean, eta koordinazio batzordeak ez du ebazpen eskumenik izango. “Hori lortzea ez da erraza izan, legez badaudelako hori gauzatzea errazten ez duten baldintza batzuk”, nabarmendu du Ugaldek.

“Txiki” gelditzeko arriskua

Emakumeen Etxea elkarteak koordinazio batzordera eramango ditu bere jardueren inguruko proposamen guztiak, eta gauza berbera egingo du udalak. Batzordearen parte izango dira Laborda Berdintasun zinegotzi ordezkaria, eta Emakumeen Etxea elkarteko bi kide: Maribel Castello eta Olga Rivas. Bitartekaritzarako espazio gisa funtzionatuko du batzordeak. “Hitzarmenarekin, orain arte lan egiten genuen modua legeztatu dugu, nolabait esatearren”, azaldu du Ugaldek.

Udalaren zerbitzu eta ikastaroak aintzat hartuta, udalak utzitako hutsuneetan euren jarduerak antolatzen saiatzen ari dira orain Emakumeen Etxeko ordezkariak. Abendua amaitu baino lehen, hurrengo urteko egutegia kaleratuko dutela aurreratu du Ugaldek. Hiriko gainerako elkarteek ere euren jarduerak proposa ditzakete. “Etxea txiki geratuko zaigu, ziur aski”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.