J. Arruabarrena
Gipuzkoako Foru Aldundiak Ticket Bai faktura sistema jartzeko asmoa erakutsi zuenetik, haren aurka agertu da Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkartea, merkatari txikiak enpresa handiekin zein beste leku batzuetan kokatutakoekin alderatuta desabantailan uzten zituela argudiatuta. Elkarteko kidea da Xabier Aldalur (Azpeitia, 1990).
Kalterik ekarri al die Ticket Baik merkatariei?
Uste dugu, sistema onuragarria izan daitekeen arren, hura ezartzeko beste era batera egin zitezkeela gauzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak guztiei berdin inposatu die, eta merkatari txikiak zein enpresa handiak zaku berean sartzea kaltegarria izan da, dendari txiki batek ez duelako enpresa handi batek duen gaitasuna horrelako aldaketa baten aurrean egokitzeko. Dendariek behin eta berriz adierazten digute egunerokoan milaka arazo txiki sortzen dizkiela sistemak.
Digitalizaziora pausoa ematea kostatu zaie denda txikietako jabeei?
Dendartean eta bestelako erakunde asko tematu ginen, eta, azkenean, 60 urtetik gorako autonomoak, langilerik ez dutenak, ez dute sisteman sartu behar izan. Baina ez da nahikoa. Kasu batzuetan, sistema jartzera behartu dituzte 60 urtetik gorako autonomoak, adin bereko beste langile bat kontratatua zutelako.
Segurtasun falta sortzen die sistema berriak adinekoei?
Beldurrak sortzen zaizkie sistema digitalarekin, badakitelako informazioa zuzenean Ogasunera doala. Ez da ezer ezkutatu nahi dutelako, baizik eta gaizki egitearen beldurra dagoelako.
Salatu zenuten sistema hori ezarri aurretik ere merkatari txikiek ez zutela iruzurrik egiten.
Iruzurraren portzentaje oso handi bat enpresa handietatik datorrela esaten dute ikerketek. Beraz, beste bide batzuk egon daitezke helburua benetan iruzurra saihestea bada. Dendari txikiak utzi bakean, eta zentratu handietan.
Ticket Bai ezarri ordez, eskatu duzue Madrildik datorren beste lege bati itxoiteko. Zer agintzen du lege horrek?
Lege horrek hornitzaile informatikoak behartuko ditu egiten dituzten programa berriak edo eguneratzen dituztenak Ogasunarekin lotzen, Ticket Baik egiten duen moduan. Madrilgo legea, ordea, progresiboa izango da, eta programen eskaintza zabalagoa izango du, merkeago. Aurreonartuta dago legea, eta badirudi hurrengo urteetan indarrean sartuko dela.
Ticket Bai sistema modu desegokian jartzeagatik, salatu egin duzue Foru Aldundia.
Bai. Ticket Bairen legezkoasuna ezbaian jarri nahi izan dugu. Momentu honetan auzia arlo judizialera pasatu da.
Zergatik diozue prozesua ez dela legezkoa izan?
Arrazoi nagusia lehiakortasunarena da. Egoitza nagusia Gipuzkoan edo Araban daukaten dendak soilik daude behartuta Ticket Bai jartzera, eta egoitza beste nonbait daukatenak, aldiz, ez. Beraz, saltokien arteko ezberdintasuna sortzen da, batzuk derrigortuta daudelako inbertsio bat egin eta denbora bat inbertitzera fakturazioa digitalki egiteko, eta besteek, berriz, ez dutelako obligazio hori.
Leave a Reply