Aurreiritziak atzean utzita, etapa berria

Aurreiritziak atzean utzita, etapa berria

Aiora Larrañaga Solaberrieta

Norbera den bezala onartzea ez da beti erraza izaten, zuzenean eragiten baitute gizarteak ezarritako aurreiritziek. Bere azalean bizi izan du “desberdina” izatearen estigma Julen Alonso (Orio, 1996) musikariak, baina “bakoitza den bezalakoa dela aldarrikatzeko” abestia argitaratu du udazkenean, Norbera garena izenburupean. “Niretzat oso garrantzitsua da orain arte isilpean gorde dudan sentimendua Euskal Herriko oholtzetan zabaldu ahal izatea, autosendaketa prozesua izan baita kantua sortzea eta jendaurrean aurkeztea”, aitortu du.

Urtebeteko etenaldia egin behar izan zuen Alonsok bere musikari ibilbidean, gaixotasun baten ondorioz. “Hesteetan infekzio bat izan nuen, eta antsietatea eragin zidan horrek. Ezin da jakin buruak eragin zion sabelari edo sabelak buruari, baina uste dut egunerokoan nuen estresak ere, neurri batean, zerikusia izan zuela. Hala, agertokietatik urrundu nintzen, barne lanketa abiatzeko”.

Geldialdiak bere bizitzaz hausnartzeko balio izan zion musikariari; izan nahi zuenaz eta egitea gustatuko litzaiokeenaz jabetzeko, alegia. “Aspalditik zintzilik nuen gaia zen. Oso gaztetatik nekien neskak gustatzen zitzaizkidala, baina baita mutilak ere”. Alonsok uste du haurra zenean lagunartean bizitako hainbat egoerak eragina izan zutela bere orientazio sexuala isilpean gordetzeko orduan. “Osabak homosexualak dira, eta naturaltasun osoz ulertu dugu gaia etxean. Ikasgelan bisexuala naizela esaten nuenean, ordea, jazarpen handia jasaten nuen”. Jazarpen horren beldur zela, “antsietate soziala” pairatu zuela kontatu du. “Nik neuk sentitzen dut barruan nuen ondoez emozionalak eragina izan zuela hesteetako infekzioa garatzeko garaian;tentsioan bizi bainintzen”.

Iruzkin homofoboak

Bere bizitzan zehar izandako gertaerak eta emozioak bat-batean desagerraraztea “oso zaila” dela dio Alonsok: “Motxila bat daramagu, eta haurrak garenetik bizi izan dugunak zuzenean baldintzatzen gaitu, onerako zein txarrerako. Gizarteak gehiengoaren joerak hartzen ditu normaltzat, eta horietatik ateratzen den gainerako guztia, ezarritako arauen arabera sailkatu ezin dena, baztertu egiten du”. Metafora batekin azaldu du hori. “Gure inguruari erreparatuz gero, oso karratua da dena, simetrikoa eta perfektua. Bat-batean okerra dagoen ate bat aurkitzen badugu, ez zaigu gustatzen, eta konpondu egin nahi izaten dugu; nahiz eta funtzio bera eduki, zuzentzeko beharra sentitzen dugu. Pertsonekin ere gauza bera gertatzen da”.

Norberak bere burua onartzeko bidean erreferenteak oso garrantzitsuak direla uste du Alonsok. “Gizartea ari da aurrerapauso inportanteak ematen, eta eskoletan ere lan handia egiten ari dira aniztasun sexualaren gaia jorratzeko haur eta gaztetxoekin. Hala ere, uste dut oraindik bide luzea dagoela egiteko”. Izan ere, haurrek ikasgelan gaia lantzen duten arren, lagunartean “iruzkin homofoboak” egiten dituztela nabarmendu du. “Jendaurrean ez dituzte esaten, badakitelako ez dagoela ondo, baina kuadrillan daudenean, askeago sentitzen dira, eta entzuten da horrelakoak”. Gaineratu du, halaber, bere bikotekidearekin paseoan doanean, aditu behar izan dutela halakorik. “Horiek min bikoitza egiten dute. Batetik, irainak jasotzen ditugunok sufritu egiten dugu, eta, bestetik, kuadrilla horretan sexu bereko pertsonak gustatzen zaizkion kideren bat badago, lagunen jarrerak bere orientazioa ezkutuan gordetzera eraman dezake. Ni neu, esaterako, txikitan aditutako iruzkin horien ondorioz, gaur egun oraindik ez naiz gai bikotekidearekin kalean eskutik emanda joateko. Lanketa egiten ari naiz hori gainditu ahal izateko”.

Kantua, lanketan lagun

Alonsoren hitzetan, Norbera garena kantua eta bideoklipa argitaratu izana lanketa horren parte izan da. “Sendagarria izan da. Neure buruagatik egin dut, baina baita atzetik datozen guztiengatik ere”.

Gai aldetik ez ezik, musikalki ere “berezia” da Norbera garena kantua Alonsorentzat. “Beti gustatu izan zait aldaketak egitea, bai diskotik diskora, baita bilduma bereko abestien artean ere. Uste dut musikan ez direla sekula ateak itxi behar, eta, trikiti doinuez gain, beste estilo bat probatu nahi nuen. Danae Riañok parte hartu zuen abestian, eta plazera izan zen harekin elkarlanean jardutea”.

Durangoko Azokan aurkeztuko ditu orain gutxi sortu dituen hiru kantuak, Sugarretik liburuarekin batera. “Kantuek hiru gai izango dituzte hizpide: sexu askatasuna, harreman toxikoak eta gaixotasuna”.