M. Mujika Telleria
“Gaztelupeko Hotsak XX. mendeko azken hamarkadan sortu zen, mendi artean ezkutatuta eta Deba ibaiak erdibituta dagoen Gipuzkoako Soraluze herrian”. Hala aurkezten du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak bere burua webgunean. “Herri txikia da Soraluze, baina mundu osoan da ezagun Espainiako armada loriatsuaren kanoi zibilizatzaileak bertan egiten zirelako. Aspaldion ez dugu ez kanoirik, ez torlojurik egiten. Birmoldaketa ekonomikoak gogor kolpatu gaitu, eta biztanleria urritu da. Bertan irauteko, jakina, musika behar genuen”. Hain zuzen ere, behar hori asetzeko asmoz sortu zuten orain 25 urte diskoetxea herriko zenbait blues zalek. Horien artean ziren Jose Felix Azkarate eta Ubane Uzin.
Herriko Gaztelupe tabernan kontzertuak antolatzeari ekin zioten aurrena, eta, hainbat urtean hala igaro ondotik, euren gustuko musikarien diskoak argitaratzen hasi ziren. “Asmo handirik gabe sortu zen, hasiera batean, proiektua. Era amateurrean. Oso mugimendu musikal bizia zegoen garai hartan Soraluzen, eta estilo guztietakoa. Musikazaleak ginen gu ere, eta herriko gaztetxean eta Gaztelupe tabernan egon ohi ginen. Tabernan geundela otu zitzaigun diskoetxearen ideia, eta bertatik datorkio Gaztelupeko Hotsak izena”, gogoratu du Uzinek.
Hark dioenez, era amateurrean sortu zen hori “oso modu naturalean” profesionalizatu zen denboraren poderioz. “Bihotzez hasi genuen Gaztelupeko Hotsak proiektua, eta arrazionalizatuz joan da denborarekin”. Oroitu du musika trantsizio garai batean zegoela orduan, eta diskoetxearekin bete-betean bizi izan zuela: “Kaseteak desagertzen eta biniloak eta CDak sortzen hasi ziren garaia bizi izan genuen”. Uzinek ondo gogoan du zein izan zen argitaratu zuten lehendabiziko diskoa: Ñaco Goñi harmonika jotzailearen blues diskoa izan zen, 1995ean. “Gaztelupe tabernara etorri ohi zen jotzera, eta hari disko bat argitaratu behar geniola pentsatu genuen. Azkenean, haren lehen diskoa argitaratzeko sortu zen Gaztelupeko Hotsak”. Beste hainbat euskal artista eta talderen lanak iritsi ziren gero: Morau, Txuma Murugarren, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Rafa Rueda, Arima Beltza taldea eta Karidadeko Benta taldearena, besteak beste.
Bluesaz bestelako doinuak
Bluesa ez ezik, jazza ere maite zuten sortzaileek, eta, diskoetxea sortuta, adar horri ere heldu zioten. Are gehiago, aparteko zigilu bat daukate, jazz estiloko lanentzat propio sortua: Errabal.
Jazz eta blues estiloko diskoak dira, beraz, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak gaurdaino gehien publikatu dituenak. Nolanahi ere, argitaratu ditu bestelakoak ere. “Gaztelupeko Hotsak ez da sortzaile sofistikatuen habia; pop erritmoak lekua dauka bertan, adibidez. Izan ere, Gaztelupeko Hotsak horixe dira, hotsak: reggaea, rocka, bluesa, trikia, doinu mestizoak…”.
Uzinek azaldu duenez, musikariei disko bat argitaratzeko bidean laguntzea izaten da, gehienbat, euren eginbeharra. Jakinarazi du, baina, hastapenetan izan zuten trantsizio prozesua beste era batera bizi duela orain diskoetxeak, euskarriak ere aldatzen ari direlako: “Gaur egun dezente apaldu da diskoen salmenta. Gainera, artista askok autoekoizpenera jotzen du gehiago, eta diskoak, gaur egun, kontzertuetan eta zuzenean saltzen dira gehien”.
Diskoetxearekin hasi zirenetik industria musikala aldatu egin dela uste dute Gaztelupeko Hotsak-en sortzaileek; salmenta fisikoa apaldu egin dela, alegia. Halere, Internetez ere saltzen dituzte diskoak, bai Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere: Espainian, Frantzian, Alemanian eta Japonian, adibidez.
Diskoez gain, liburuak
Ez dira soilik diskoak Gaztelupeko Hotsak-ek argitaratu dituenak. Liburuak ere kaleratzen ditu; musikari buruzkoak, betiere. Besteak beste, Itoiz, Jotakie, The Clash, Public Enemy, Elliott Murphy, Rory Gallagher eta Morrissey taldeei buruzkoak kaleratu ditu orain arte.
Bosgarren haria izendatu duten bildumaren barruan sartu dituzte liburu horiek guztiak. Sortzaileen esanetan, Gaztelupeko Hotsak-en “ondare sonoroa” diren kantari eta taldeei buruzko liburuak jaso dituzte bertan.
Leave a Reply