Elosutik Aizpurutxoraino hiru minututan

Ama zenak kontatu zidanez, ezin zehaztu zein urtetan, baina 1940ko hamarkadan edo akaso hurrengoan, trabesa eginda, gizon bat hiru bat minututan jaitsi zen Bergarako Elosu auzoko eliz ataria baino pixka bat aurreragotik Azkoitiko Aizpurutxo auzoko Erdiko Bentaraino (gaur Itziar jatetxea dagoen eraikineraino), maldan behera ziztu bizian, pertika baten laguntzarekin. Soilduta omen zegoen mendia, eta Erdiko Bentako ataritik apustulariak egindako ibilaldia ikusi omen zuen amak bere begiekin, jende multzo batekin batera.

Elosua 539 metroko altueran dago, eta 300 bat metro beherago Aizpurutxo. Zuzenean jaitsita, gizon hura jaitsi zen bezala, kilometro bat pasatxo baino ez dago bien artean. Errepidez, ordea, 13 kilometro egin behar dira batetik bestera iristeko.

36ko gerra baino pixka bat lehenago arte, bertan hilerririk ez zutenez, Aizpurutxuko bizilagunek Elosuan lurperatzen zituzten ahaide eta adiskide hilak, gorpua aldapatzar hartan gora eramanda. Terapia ona izango zen, akaso, hilkutxa bizkarrean eraman behar zutenentzat; ahaidearen edo adiskidearen heriotzak eragindako tristura gorputz nekatuaren hilduraren azpian ezkutatzeko aukera.

Erlojurik ez-eta, kalkuluak gaizki eginik edo, gure amaren ama goizegi heldu omen zen behin Elosuan egitekoa zen aizpurutxoar baten hiletara, eta han egon zen zain, ordutan, harik eta jendea agertzen hasi zen arte.

Espainiako Bigarren Errepublikako agintariek ez zuten Aizpurutxon hilerririk nahi; katolizismoaren aurka zeudelako izango zen, noski. Baina Elosuko apezek ere ez omen zuten nahi; diru-sarrerak urritzearen beldur izango ziren haiek, itxura denez. Azkenean egin zieten hilerria aizpurutxoarrei, santurik eta Ama Birjinarik gabeko kapera batekin.

Erratzu baserriko emakume bat izan omen zen Elosuan lurperatutako azken aizpurutxoarra; Aizpurutxoko hilerria estreinatu zuena, berriz, beste emakume bat, Goiko Bentakoa.

Harritu egin nintzen amak kontu horien berri eman zidanean, ordura arte, biak ezagutu arren, Elosuaren eta Aizpurutxoren arteko hain lotura esturik ez bainuen irudikatzen. Gaur egun, bi auzoak, azaletik bada ere ezagutzen ditugunon buru-mapetan, errepideko 13 kilometroek markatzen dute distantzia.

Pentsatzen jarrita, horrelako kasu asko izango dira seguru asko gure inguruko herrietan, aurrerapen teknologikoak gerturatu ordez urrundutako auzoen kasuak.

Gure gaurko bizimoduaren ezaugarri bat ere bada kontu hori, gerturatu beharrean urruntzen gaituzten aurrerapen teknologikoena, beste hamaika arlotara ahalegin handirik gabe aplikatzeko modukoa, baina Elosuaren eta Aizpurutxoren arteko distantzia erlatiboaren kasuak indar sinboliko berezia duela iruditzen zait. Bai niretzat behintzat, bi auzo horiekin lotuta ditudan oroitzapenen ondorioz. Bizi gabekoaren nostalgia moduko bat sentiarazi zidaten amak horiei buruz kontatutako istorioek.

Badakit eta ez daukat horretaz dudarik: askoz hobeto bizi gara Aizpurutxoko hilak Elosuan lurperatzen ziren garaiko gure arbasoak baino. Baina ederra da gaur egun ditugun gabeziei eta galerei erreparatzea ere, espanturik gabe, tesirik gabe, irakaspenik gabe, predikurik gabe, ura euritan erortzen den bezala.