Nork bere gorputza ezagutzeko

Nork bere gorputza ezagutzeko

Zuriñe Iglesias Sarasola

“Gure gorputza tabu bat da; ez dugu gure gorputza ezagutzen, ezta ukitzen ere, zerbait positiboa balitz bezala”. Horixe uste du Maialen Mujika Diaz (Andoain, 1995) hezitzaile eta terapeuta menstrualak. Haren iritziz, nerabeekin landu beharreko zerbait da. Hala, Tolosako Jabetze Eskolaren barruan, Hilekoa, autoezagutza eta ziklotasuna tailerra ematen ari da Mujika. Atzo egin zuen lehen saioa, eta datorren ostegunean egingo du bigarrena.

11 eta 14 urte bitarteko neskentzako tailerrak dira. Mujikak azaldu duenez, “sexualitatean eta, batez ere, menarkian” sartzen ari dira adin horretako neskak. Zer da, baina, menarkia? Mujikak zehaztu du lehenengo odol husteari deitzen zaiola hala. Haren hitzetan, aurreneko hilekoak “garrantzia handia” du, eta horretaz mintzo da tailerretan.

Hezitzaile menstrualaren arabera, neskak aldaketa prozesu betean murgiltzen dira adin tarte horretan. “Zer ideia eta aurreiritzi dauzkat? Bat-batean, emakumea naiz? Rol hori hartu behar dut? Prest nago? Zer esan nahi du hilekoa edukitzeak? Nola zaindu dezaket neure burua aldaketa horiek gertatzean?”. Mujikak dioenez, horrelako galderak egiten dizkiote neskek beren buruari. “Adin horretan ez dute jakiten zer den normala eta zer ez”. Galdera horien guztien lanketa funtsezkoa dela dio, autonomiaren eta autoestimuaren mesedetan.

Tailerraren helburu nagusia da aurreiritziak identifikatzea eta horiek apurtzea. Horrez gain, Mujikak beharrezkotzat jotzen du hilekoari buruzko oinarrizko zenbait argibide ematea: “Higieneari eta horrek eragindako minari dagokionez, zer alternatiba ditut? Nola zaindu naiteke hilekoa dudanetan? Garrantzitsuena da zikloa ezagutzea”.

Gorputza eta autoestimua

Nork bere gorputza ez ezagutzeak autoestimuari kalte egin diezaiokeela azaldu du, halaber. “Norberak ez badu deskubritzen nolakoak diren bere besoak, nolakoa duen aurpegia… txikiagoa izango da autoestimua”.

Hilekoa bezalako gaiak “askoz ere gehiago” landu beharko liratekeela uste du Mujikak, eta gaineratu du gurasoek rol garrantzitsu bat daukatela horretan. “Guraso askok daukate beldurra beren seme-alabekin plazeraren edo hilekoaren inguruan hitz egiteko. Gaia hor dago, nahi edo ez; existitzen da. Nik animatuko nituzke irekitzera, gai hauek ondo landu daitezen”. Izan ere, hezitzaile eta terapeuta menstrualak jakinarazi du haurrek eta gazteek informazioa “oso toxikoak diren lekuetatik” jaso dezaketela gaur egun.

Pornografia eta sare sozialak informaziorako “bide toxikoak” direla azaldu du, nahiz eta jakinarazi duen badirela antzeko beste hainbat informazio iturri ere. “Tiktoken, adibidez, kontu asko daude. Nahiz eta kontu horiek itxiak izan, zuk kontu bati jarraitzen badiozu, ikus dezakezu kontu horrek igotako eduki guztia. Irudi biluziak dira”. X sare sozialean, bestalde, pornografia “asko” dagoela azaldu du. Horrekin lotuta, terapeuta menstrualak argitu du sexua ez dela bakarrik pornografia, eta adierazi du sexualitateari buruz uste asko daudela: “Sexualitateari buruzko uste oker asko dago. Zer den egin behar dena, zer ez den egin behar… Esaten zaien horrekin geratzen dira. Nahikoa izaten da mezu toxiko bat gazteek hori irensteko”.

Musikan gauza bera gertatzen dela uste du: “Zer musika entzuten dute gaur egungo nerabeek? Hitz asko oraindik hipermatxistak dira. Hori da gaztetxoek sexuarekin duten lehenengo kontaktua, kantu horien hitzak subkontzientean baitaude”.

Era anonimoan

Hezitzaile menstrualak badaki zaila dela adin horretan halako gaiez hitz egitea; ingurukoek pentsatuko dutenaren beldur egoten direlako, normalki. Alde horretatik, modu anonimoan eta idatziz egiten ditu Mujikak ariketa asko berak antolatutako tailerretan. “Barruan duten beldurra puskatzea da asmoa, autoezagutzarako guneak sortzea”. Nolanahi ere, lotsa sentitzea ere “ondo” dagoela azpimarratu du.

Horrenbestez, ” askatasun guztia edukiko duen leku bat” sortu nahi du bere ikastaroetan. “Nerabeek gauza asko ikusten dituzte, eta nahiz eta nik informazio bat eman, eurak entzun ezean ez dut inoiz jakingo zer behar duten. Asmoa da denon artean ikustea zer den normala eta zer ez. Nik egokitu behar dut taldera, ni onartu behar naute taldean, eta ni naiz besteek islatzen didaten hori. Horretarako da baliagarria horrelako toki bat sortzea”, adierazi du Mujikak.