Mikel del Val
Maiatzeko udal hauteskundeetara begira, Lezoko EH Bilduk herri programan sartuak zituen gaietako bat zen haur parkeak eraberritzea. Eta orain, alkatetzan dela, hartutako konpromiso hori egikarituko dutela jakinarazi du Iker Salaberria zinegotziak. Hortaz, Lezoko Udalak abian jarriko du herriko parke sarea eraberritzeko proiektua, Hiritik At kooperatibarekin batera.
Udalak erabakia hartu aurretik, guraso talde batek parkeen egoeraren inguruko kezka planteatu zion udalari. Hain justu, Salaberriaren hitzetan, Lezoko parkeen gaineko lanketa bat egina zuen talde horrek: parkeen argazkiak atera zituzten konpondu beharrekoa zer den identifikatzeko, eta bestelako parke eredu batzuk eraikitzeko aukera ere jarri zuten mahai gainean.
Lanketaren harira, udalak herriko parkeei buruzko diagnostikoa egin zuen, eta konturatu ziren parkeak eraberritzeko “beharra” dagoela. “Lezoko parkeak, beste udalerri batzuetakoak bezala, homogeneoak edo antzekoak dira. Partxis ereduko itxura dute: zoru berdina dute denek, jolas bertsuak dituzte eta inolako aniztasunik gabeak dira. Gainera, nahiko artifizializatuta daude, ez baitute tresna eta material naturalik erabiltzen. Horrek guztiak eraman gintuen halako prozesu bat planteatzera, eta hastear gaude”. Proiektuaren helburua da haurrentzako jolastokiak birpentsatzeko aukera berritzaile bat diseinatzea.
Funtzio soziala
Parkeen eredu berri baten beharra aldarrikatzeaz gain, Salaberriak onartu du parkeak ezinbestekoak direla “haur eta gazteen heziketa prozesuan”. Horrez gain, eremuok “belaunaldi arteko elkargune funtzioa” ere betetzen dutela nabarmendu du zinegotziak: “Parkeek garrantzia dute betetzen duten funtzio pedagogikoagatik eta ikuspegi sozialetik, harreman guneak eta elkar ezagutzeko espazioak baitira”. Ideia hori baliatuta, herri hezitzailearen ideiarekin “lotura zuzena” egin zutela aitortu du.
Lezoko Udalak Oinarri elkartearekin egiten du lan. Oinarrik herri hezitzaileen sarea sustatzen eta osatzen duela zehaztu du hautetsiak, eta horregatik jo zutela, hain zuzen ere, haiengana. Oinarrik udalari esan zion ez dituela prozesu horiek berak zuzenean kudeatzen, eta Hiritik At-en erreferentzia pasatu zion, haiekin harremana baitzuen eta aurrez lanketak eginda baitzeuzkaten.
Salaberriak baieztatu du Hiritik At kooperatibako kideek espazioen antolaketa egiterakoan “oso presente” dutela eraldaketak “haur eta gazteen beharretan oinarrituta” egitea. Horrenbestez, azaldu du “gizarte sektore” horren “begiratua” kontuan hartzen saiatuko direla. Hori dela eta, adierazi du Hiritik At-en proposamena “erabat egokia” iruditu zitzaiela, eta haiekin batera hasiko dute prozesua.
Zortzi bazkidez osatutako kooperatiba da Hiritik At, eta Ainhoa Retegi arduradunak jakinarazi duenez, “proportzio handi batean” espazioari lotutako lanetan murgiltzen da kooperatiba, eta garrantzia ematen diete espazio horiei. Erabiltzaileek zer nahi duten eta zer behar duten identifikatzen dute, ingurunera egokituz.
Prozesu parte hartzaileak
Hiritik At-en planteamendua parte hartzailea dela adierazi du Salaberriak, eta esan du hori “oso garrantzitsua” iruditu zitzaiela inplikatu guztien begirada jasotzeko asmoz.
Prozesua hiru fasetan gauzatuko dute. Lehena, azterketarena izango da. Fase horretan, Lezoko elkarteak bilduko dituen talde eragile bat osatuko dute, Retegik aurreratu duenez. Salaberriak gaineratu du ibilbidetxo bat egingo dutela herriko parkeetan barrena haien “errealitatea” zein den jakiteko eta “argazki orokor” bat atera ahal izateko. Hiritik At-eko kideek prozesua definituko dutela esan du Retegik, eta, horretarako, haurrei emango dietela ahotsa: “Haurrak izango dira protagonista, eta haiek esango dute zer eremu erabiltzen dituzten, zer duten gustuko, edo zer ikusten duten beharrezko aldatzea”.
Bigarren fasea, diagnostiko bat egitea izango da. Urrats horretan, haurrekin joango dira parkeetara, ikusteko zehazki zer proposatu duten. Herritarrek ere ekarpenak egiteko aukera izango dute, galdetegi bat zabalduko baitute horretarako.
Beren lana abian jartzea izango da azkeneko eginbeharra, Retegiren arabera. Ekintza plan bat gauzatuko dute azkeneko fasean: “Asmoa da erabakitzea zer eremuk behar duten berrikuntza bat egitea, eta bakoitzari izaera bat ematea”.