Jone Arruabarrena
Hogei urtetik gora daramatza Patxi Izagirre psikologoak (Zumarraga, 1970) heriotzaren osteko doluan terapia espezializatua eskaintzen. Halakoetan sentitzen den errua aztertu du, baina beste ikuspuntu askotatik ere erreparatu dio kulpari, eta Zer egin erruarekin? hitzaldia emango du gaur Donostian, Imanol Larzabal aretoan.
Erru sentimendua erantzukizunarekin nahasten da askotan. Zertan bereizten dira?
Kulpari buelta eman beharko genioke. Badirudi sentipen hori, gure kultura judu kristauan, zigorrarekin lotuta dagoela beti, nolabaiteko akusazio edo epaiketa batekin. Eta, nire ustez, gehiago erabili beharko genuke ardura hitza. Erruduntasun sentimendua ardurara bideratzen saiatuko bagina, aterako genukeen ondorioa eraikitzaileagoa eta erreparatzaileagoa izango litzateke. Geure buruaren aurka egin ordez, honela plantea dezakegu: “Hau gertatu da, kontzientzia hartu dut, eta nire esku dagoena egingo dut hori erantzukizunez erreparatu edo zuzentzeko”. Ematen du bien arteko ñabardura sinplea dela, baina bereizketa horrek dakartzan ondorioak sakonak dira.
Beraz, errua sentimendu erabilgarria izan daiteke arduraren ikuspegitik begiratuta?
Gure baitan egon daiteke modu toxikoan, eta baita modu lagungarrian ere.
Noiz bilakatzen da toxikoa?
Batez ere, manipulazio afektiboarekin lotuta dago erruaren alde toxikoa. Txikitatik jasotzen dugu manipulazio mota hori, baita helduak garenean dauzkagun harreman toxikoetan eta boterezkoetan ere. Horietan, errua sortzeko erabiltzen dira xantaia edo hizkuntza bikoitza, adibidez.
Zer da hizkuntza bikoitza?
Adibidez, maite zaitut esatea, baina akusazio tonuarekin. Bi mezu kontrajarri bidaltzen dira; azpiirakurketa horretan sortzen da manipulazio afektiboa.
Zer ezkutatzen du erru toxikoak atzean?
Baztertua edo abandonatua izateko beldurra dauka atzean erru sentimenduak. Izugarrizko beldurra diogu horri. Beraz, besteak nahi duena egiten dugu hori ez gertatzeko.
Nola eragiten du horrek harremanetan?
Txikitatik esaten badigute gaizki portatuz gero, haserretzen bagara edo besteen gustukoak ez bagara ez gaituztela maitatuko, erakusten ari dira maitasuna kondizionala dela. Hor sortzen da bakarrik geratzeko beldurra, edo maitatua ez izatekoa. Gure disko gogorrean gelditzen da, eta hori helduaroko harremanetan errepika daiteke, besteak beste, harreman toxiko batean erortzen garenean. Halako harremanetan, nabaria da dependentzia emozionala, eta behin eta berriro errepikatzen dugu: besteak nahi duena egin, abandonatuak ez izateko.
Nola eragiten du erruak autopertzepzioan?
Beti daukagu ni-aren ideal bat. Eta ideal hori sortzen dugu besteek espero dutenaren edo norberari izatea gustatuko litzaiokeenaren arabera. Ni ideal horren pisua jartzen dugu gure gain, eta badirudi horretara iristen ez garenean huts egiten dugula. Esaterako, osasun mentaleko patologien atzean, askotan, horrelako barne gatazkak ikusten ditugu: gure burua horren zorrotz epaitu eta zigortzean sortzen dira.
Nola eraiki daiteke autopertzepzio malguago bat?
Ni ideala baino gehiago, ni-aren osotasuna garatu beharko genuke. Gure erakusleihoa erakutsi beharko genuke, baina baita gure dendaostea ere: pertsonaia perfektu hori eraikitzeaz harago, bizitzan lekua egin beharko genieke gure miseria eta beldurrei. Lekurik ematen ez diegunean, atzealdean geratzen den nitasun baztertu hori gaixotu egiten da. Eta hor sortzen zaizkigu sintomak eta penak.
Alderantziz, gaixotasun mentalak dituztenek ere askotan sentitzen dute errua gaixo egoteagatik.
Bai. Gaixotasun mental bat dagoenean, estigma handia dago. Ez dugu gauza bera pentsatzen gaixotasun fisikoen inguruan. Norbaitek minbizia badu, babesa ematen diogu, ulermena. Aldiz, maiz esaten diogu depresioa daukan jendeari bere aldetik gehiago jarri behar duela. Batzuetan ezjakintasunez, edo inpotentziaz, nola lagundu edo zer esan ez dakigunean, sasierrieta egiten dugu, gaixo dagoenari errua botaz. Analfabeto psikoemozionalak gara; kulturalki eta pedagogikoki asko dugu ikasteko oraindik ere.
Heriotza baten ondorengo doluan nola eragiten du erruak?
Maiz ikusten dut dolu prozesuetan blokeoak sortzen direla. Esaterako, norberak ez dio baimena ematen bere buruari dolua alaitasunez bizitzeko. Badirudi sufritzen ari bagara gehiago maite dugula joan den pertsona, eta ez luke horrela izan behar. Askotan, barrearen bitartez ere momentu goxo asko gogoratu ditzakegu.
Nola kudea daiteke modu egokian errua?
Erru sentimenduaren bidez aipatu dudan ardura hori hartuta. Ardura honekin iparrorratz moduko bat eraikiko bagenu, eraikitzailea izan liteke. Baliatu daiteke norbere buruari galdetzeko ea gainontzekoak eta norbere burua ondo tratatzen ari den. Gizakiok badugu berezko iparrorratz hori, baina manipulazioaren edo kulturaren bitartez zikintzen denean, toxikoa bihurtzen da. Aldiz, garbiketa egin eta nitasun sano horretara joanez gero, kulpak gida gisa funtziona dezake, norantz joan behar dugun erabakitzeko.