Juan Luis Romatet
Gau beltzean noraezean dauden ontziei non dauden adierazten diete itsasargiek. Kostaldetik hurbil, baina itsaso zabalaren ertzean, babeserako portu bat hurre dutela erakusten diete itsasargietako argi kodeek. Lehorrean, baina babes hori emateko asmoz, Itsasargi programa abiatu zuen orain bi urte Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuak. Harrezkero, hogei pertsona pasak hartu dute parte programa horretan.
Eusebio Gurrutxaga plazako gizarte zentroan elkartzen dira zenbait lagun. Astelehenetik ostiralera joaten dira, Hogar deitzen dioten gunera. Saioa hasi baino minutu batzuk lehenago, berriketan egoten dira denak, gelaren kanpoaldean. Taldean babesa aurkitzea dute denek helburu.
Pili Alberdi Gizarte Zerbitzuetako arduradunak azaldu du 2021eko urrian hasi zutela programa zortzi lagunek. Haren esanetan, Gizarte Zerbitzuen Legeak behartzen ditu udalak Itsasargi bezalako programak martxan jartzera. “Udalerri bakoitzak bere errealitatearen arabera jarri ditu abian halako proiektuak, askotariko dinamika eta metodologiekin. Zumaian, astelehenetik ostiralera bitartean bi orduz eskaintzea pentsatu genuen”, zehaztu du Alberdik.
Zerbitzua martxan jarri zutenean, deialdi orokor bat egin zuten herrian. Herritar batzuekin, berriz, zuzenean jarri ziren harremanetan gizarte langileak. “Dagoeneko detektatuta geneuzkan kasuak ziren horiek, eta pentsatu genuen egokia izan zitekeela proiektua haientzat, denbora asko pasatzen dutelako bakarrik, harremanak murriztuz doazelako, edo haien ohiko jarduerak pixkanaka beheraka doazelako”, azaldu du Alberdik.
Istar Gonzalez programaren dinamizatzaileak kontatu du programak on egiten diela erabiltzaileei: “Batzuk bakardade egoera nahiko larrian zeuden, eta hona etortzea baliagarria egin zaie etxetik irteteko; erlazionatzeko espazio bat ere eskaini zaie. Dinamika eta ohitura batzuk hartuak dituzte jada: goizean jaikitzeak, gosaltzeak eta hona etortzeak parte hartze bat ekartzen baitu”. Gonzalezek gaineratu du osasunean ere mesede egiten diela: “Prestatu egin behar dute, eta higienea ere zaindu. Emozionalki ere onurak ekartzen dizkie”.
Hasierako hilabeteak proba moduan erabili zituztela kontatu du Alberdik. “Proiektuaren balorazio bat egitera etorri nintzen 2021eko abenduan, eta erabiltzaileetako batek esan zidan akaso egunero joatea gehiegi zela, eta nahikoa izango zela astean hirutan joatea. Hurrengo urteko uztailean, berriro etorri nintzen, eta denek argi zuten astelehenetik ostiralera eskaini beharreko zerbait zela”.
Nork bere berezitasunak
Bi urte hauetan zerbitzutik 23 lagun pasatu direla zenbatu ditu Alberdik: “23 horietatik zortzi gizonezkoak eta hamabost emakumeak”. Batzuk bi urte hauetan fin-fin agertu direla dio; beste batzuek utzi egin dute zerbitzua. “Batzuen kasuan, beraiek erabaki dute ez diela balio; beste batzuetan guk geuk bideratu ditugu beste zerbitzu batzuetara, izan memoria tailerra, izan jubilatuen elkartea, hau ez delako haientzat egokia”. Onuradunei jarraipen bat egiten zaiela ere azaldu du dinamizatzaileak.
Gonzalezen hitzetan, erabiltzaile bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta berezitasun horietako bakoitzera egokitzea “erronka handia” izan zela dio: “Bakoitzak bere beharrak eta bere gaitasunak ditu. Berezitasun horietatik orokortasun batera heltzen edo lantzen saiatu naiz”. Gaineratu du “talde giro polita” sortu dutela. “Saioaren aurretik, edo ondoren, kafea hartzeko ere geratzen dira”. Zehaztu duenez, astelehen eta asteazkenetan jarduera fisikoak eta sozialak lantzen dituzte, eta astearte eta ostegunetan, kognitiboak. Ostiralak euren arteko harremanak lantzeko erabiltzen dituzte.