Garesti dute hazteko eskubidea

Garesti dute hazteko eskubidea

Miren Mujika Telleria

Hesteak kanpoan zituela jaio zen Yeray Rodriguez lasartearra. 13 urte ditu egun, eta, haren ama Patricia Martinek kontatu duenez, “zail samarra” da semearen egunerokoa: “Oso laburra da Yerayren hestea, eta daukan zati hori ere kaltetuta dauka”. Edozein gizakiren heste meharrak zortzi metro inguruko tamaina du. Yerayrenak, berriz, egindako ebakuntza guztien ondoren, 40 zentimetro baino ez ditu neurtzen. “Elikatu ahal izateko, nutrizio parenterala behar du, eta, horretarako, guk egunero manipulatzen dugun makina bat erabiltzen du, gauero, zazpi bat orduz”. Madrilen artatu zuten gaztearen kasua, modu erreferentzialean. Herritarren babesa jasotzen ari dira.

Amak gaineratu du ez dela hori bere semearen “arazo” bakarra. Izan ere, 1,27 metro garai da, eta 27 kilo pisatzen du. “Txikiegia da daukan adinerako. Haren klasekideei begiratzea besterik ez dago: altueran, alde handia ateratzen diote. Egoera ikusita, hazteko hormona behar zuela ohartu ginen, eta horren bila joan ginen”.

Hain zuzen ere, gaztearen gurasoek orduantxe egin zuten topo “arazorik handienarekin”, ez baitie gizarte segurantzak “inolako laguntzarik” eman. “Osakidetzak bidali zigun mezua izan zen Yerayk ez duela hormona horren beharrik. Hazten ari dela eta haziko dela, alegia. Beste kontu bat da, ordea, errealitatea: nire semea ez zen zentimetro bat ere hazten”. Behin baino gehiagotan ahalegindu da familia botika gizarte segurantzaren bidez lortzen. Argia izan zen, baina, Osakidetzatik jaso zuten mezua: “Yeray hazten ari da, eta oraindik badu hazteko aukera”.

Erantzun horrek harritzen du Martin. “Esaten digutena da Yerayk hezur garapen atzeratua duela, eta oraindik ere haz daitekeela. Deigarria egiten zaigu oraindik ere argudio hori erabiltzea, azterketek argi adierazten baitute nire semeak ia ez duela hazkunderako hormonarik”.

Are, Martinek azaldu duenez, Osakidetzaren iritziz gaztearen “osasun konplikatuak” hazkundean ere eragin dezake. “[Espainiakoa] Estatuko elkarte batean gaude antzeko gaixotasuna duten haur eta gazteekin, eta bakar batek ere ez du hazteko arazorik”.

Semeak hormona hori behar-beharrezkoa zuela iritzita, “kosta ahala kosta” lortzea erabaki zuen familiak orain hiru hilabete. “Bide pribatura jo genuen azkenean, eta bertan lortu genuen hazteko hormona. Pentsa: hiruzpalau zentimetro hazi da ordutik. Hori bai, 500 eurotik gora ordaindu behar ditugu hilean, gizarte segurantzak laguntzarik ematen ez digulako. Esan digute, gainera, mila euroan jar daitekeela otsailean botikaren prezioa”.

Bestelako laguntzak

Semearen egoera “mahai gainean jar dezala”. Horixe eskatzen dio Martinek gizarte segurantzari. Izan ere, bizitzen ari den egoerak, fisikoki ez ezik, gaztetxoari psikologikoki ere eragiten diola azaldu du. “Egoera honek gure semeari ez dio uzten bere klasekideen antzera bizitzen, eta horrekin asko sufritzen du. Esan genionean hazteko hormona hartzeko modua lortu genuela, poz-pozik jarri zen. Esan zigun aurrerantzean inortxok ere ez ziola altueragatik barrerik egingo”. Semearen ahotik halakoak aditzea “oso gogorra” zaiola dio. “Nik ez dakit zenbat iraungo duen gure semeak, baina bizitza duin bat nahiko nuke gurekin dagoen artean behintzat”.

Martinek kontatu du “handia” dela jasotzen ari diren laguntza: “Etxe azpiko supermerkatuko langileek badute egoeraren berri. Dirua ere eman didate botika ordaintzen laguntzeko”. Auzokideengandik ere laguntza jaso duela dio. “Banekien lehendik ere, baina orain konturatu naiz zeinen jende onez inguratuta nagoen”.

Azoka solidarioa, abenduaren 16an

Yeray Rodriguezen egoera dela eta, “azoka solidario” bat antolatu dute gurasoen lagunek eta Andoainen hainbat herritarrek abenduaren 16an, Andoaingo Zumea plazan. 10:00-19:00ak artean egongo dira. Besteak beste, izango da tragoren bat edan edota mokadu bat jaterik, eta musika ere egongo da. Antolatzaileek azaldu dute bertan bilduko den diru guztia gaztearen gurasoei emango dietela,hazteko hormona ordaindu ahal izateko laguntza modura.