Ikerne Zarate
Hiru hamarkadatik gora dira Bixen Lartzabal eta Estanis Urdanpilleta senar-emazte oiartzuarrak lihotik haria ateratzeko prozesua ikertzen eta horretarako erabiltzen ziren tresnak biltzen hasi zirela. Oiartzungo Udalaren areto nagusia izan da, gaur arte, bildutako horren erakusleiho. Gaur zortzi egin zuten agerraldia, jendaurrean. “Hasieran, baserriko eta laborantzako tresnak biltzen hasi zen Estanis, goru bat topatu genuen arte. Oso polita zen. Baserriak zuen ondasuna adierazteko marrak egiten zizkioten goruari, baita familia bakoitzean emandako urteak zehazteko ere. Gustatu zitzaigun atzean zegoen historia, eta hala hasi ginen honetan”, adierazi du Lartzabalek.
Oparoa da bidean bikote oiartzuarrak bereganatu duen ondarea, materiala zein immateriala. Hazitik hasi eta oihala bihurtu arteko prozesuan garai batean baserrietan emakumeek baliatzen zituzten tresna guztiak eskuratu dituzte. 40 tresnatik gorako erakusketa da osatu dutena. Euren hitzetan, udalak eta herriak berak egindako aitortza izan da erakusketa hori. “Poztasuna eragiten digu omenaldiak, maitasun handiz eta zaletasunez egin dugun lan handiaren aitortza bat da”. Aurretik hamaika erakusketa antolatu dituzte Euskal Herrian han-hemenka, baita inguruetako ikastetxeetako eskoletako ikasleen bisita jaso ere, Oiartzungo Arragua auzoan duten etxean. “Hainbeste urtetan bildu dugun ondare hau guztia ez galtzea da gure helburua, bizirik mantentzea, gure aurrekoentzat hain garrantzitsua izan zen historiaren zati hori ez itzaltzea”, dio Urdanpilletak.
Emakumeen indarra
Harago jo du Lartzabalek. Ez du zalantzarik lihoaren lanketa hasita, euskal emakumeek garai hartan ez zuten indarra lortu zutela: “Lihoaren bueltan emakumeak ibiltzen ziren, beraiek arduratzen ziren prozesu osoaz: erein, jaso, zuntzak atera, harilkatu, josi… Haria sukaldean egiten zuten, ilunabarretan gehienbat, eta gizasemeek galarazia zuten sartzea”.
Urdanpiletaren arabera, 11 urtera arteko mutikoak soilik egon zitezkeen une horretan sukaldean: “11 urtetik aurrerakoak ezin ziren egon. Prozesua ia bukatua zutenean, behin zailena eginda, afaria egiten zuten etxeko gauzekin, katilukada bat esne hartu, eta kontu kontari aritzen ziren”. Prozesuarekin lotutako argazki zaharrak ere lortu dituzte bide luzean, eta erakusketan izan dira ikusgai.
Liho landaretik harirako bidearen prozesua bildu du bikoteak, baina, haren bueltan, garai hartako gizartearen ohiturak eta bizimodua ere jaso dute. Hamaika liburu, artikulu eta agiri irakurri dituzte. Baita lortutako tresna guztiak probatu ere, lihoaren hari bihurtzeko prozesua bertatik bertara bizitzeko. “Baiona inguruan, Bilbon, Gasteizen, eta Nafarroako hainbat herritan jaso ditugu tresnak, denak dira Euskal Herrian bildutakoak. Urteak eta urteak eman ditugu horietako asko topatzen. Jatorria nongoa duten? Informazio hori galduta dago”, azaldu du Urdanpilletak.
Zainketa handia
Egoera onean daude bikoteak bildu dituen tresna denak. Hori senarrak egiten duen mantentze lanaren ondorio dela azaldu du Lartzabalek: “Ebanista eta arotz lanetan aritu zen bera, lan handia du tresnak mantentzen, honda ez daitezen. Gustu handiz egiten du”. Harro mintzo dira biak bildu duten ondareaz, partekatu duten zaletasuna baita. Laiak, garramak, beratzeko bainuontzia, tranga, ezpatatzeko tresna, txarrantxa hortz estua, goru eta ardatzak, harilak egiteko tresna, matazatzeko gailua… Garai bateko emakumeek tresna bakoitza zertarako eta nola erabiltzen zuten azaldu zuten agerraldian bi oiartzuarrek.
Lihoaren prozesuari lotutakoak dira horiek denak, baina sukalde eremuan izaten ziren txokolatera, hestebeteak egiteko tresna, taloak egitekoa, orea fintzekoa eta halako beste hamaika ere bildu dituzte. Urdanpilletari, jaso dituzten gauza denen artean, aulki bat zaio deigarrien: erditzeko aulkia. “Garai batean, aulki honen laguntzaz erditzen ziren emakumeak baserrietan. Pasaian lortu genuen”.
Gaineratu du asko direla ikerketa prozesuan zehar ikasi dituztenak: “Hasieran lakar samar gelditzen ziren arropak, eta lehenengo probatzeko zerbitzariei ematen zizkieten; behin haiek goxatuta, orduan janzten zituzten”. Lihoa zuritzeko pagoaren su hautsa erabiltzen zutela ere kontatu dute. “Intxaurrak, haritzak, eta gaztainak tinta dute, pagoak ez”.
Hainbeste urtetan bien artean jasotako tresnek eta jakituria guztiak “bizirik jarrai dezatela” nahi dute, “haria eten ez dadin”. Urdanpilletak dio adin handia daukatela dagoeneko, eta ez dutela erakusketak han eta hemen antolatzeko aukerarik, semeek laguntzen badiete ere. “Ondare hau ez dugu gordeta soilik eduki nahi. Herritarrekin partekatu nahi dugu. Gustatuko litzaiguke erakusketa iraunkor bilakatzea, erakusleiho bat ematea, transmisioaren jarraipena bermatzeko”.