Jone Arruabarrena
Mahaiaren bueltan batu daitezke bi pertsona. Edo lau, edo dozena bat, edo hogeitik gora. Askotariko platerak egon daitezke mahaiaren gainean. Hala nola Ghanako jollof arroza, Errumaniako sarmalea, Nikaraguako nacatamala zein Euskal Herriko txuleta. Baxu hitz egin daiteke otordu horretan. Edo ozen. Zarata ere egin daiteke. Eta barre. Eta baita abestu ere. Jatordu hori egin daiteke Euskal Herriko hiri batean, edo munduko beste edozein lekutan. Jatordu guztiek izan dute mendeetan zehar ahalmen bera, eta badaukate oraindik ere. Jendea zerbaiten bueltan batzekoa, elkar ezagutzekoa, bestearengandik jakitekoa. Premisa horretatik abiatuta antolatzen du urtero SOS Arrazakeriak kultura ezberdinetako herritarrak otordu batean elkartzean datzan Bizilagunak programa. Aurten ere egingo dute Gipuzkoako hainbat herritan. Hain justu, igande honetan bilduko dira herritarrak mahaiaren bueltan.
2012an sortu zuten egitasmoa, baina Gipuzkoatik urrun: Txekiako Errepublikan, zehazki. Sarajevotik (Bosnia) Txekiako Errepublikara migratu zuen Jelena Silajdzikek Balkanetako gerraren ondorioz, eta, egun batez, Pragako kaleetan oinez zihoala, bertako herritar batzuek oihuka agindu zioten bere herrialdera itzultzeko. “Emakumea harrituta geratu zen. Ez zuen ulertzen bere istorioa ezagutzen ez zuen pertsona batek nola esan ziezaiokeen horrelako zerbait kalean. Eta horrelako egoerak saihesteko, irtenbide bat otu zitzaion: elkar ezagutzea”. Silvana Lucianiren hitzak dira; hura da Gipuzkoako SOS Arrazakerian Bizilagunak egitasmoa antolatu duten arduradunetako bat, eta proiektua nola hasi zen azaldu du. Hain zuzen, gertakari haren ondoren hasi zen Silajdzik Slovo 21 elkartearekin batera kultura ezberdinetako pertsonak batuko zituen otorduak antolatzen. Hala, Europako beste hainbat herrialdetara zabaldu zen proiektua.
Silajdzikek kontatu duenez, egitasmoa sortu zen urtean zortzi herrialdetan eseri ziren kultura eta jatorri ezberdinak zituzten ehundaka familia mahaiaren inguruan. Slovo 21 elkartearen proposamena eredu hartuta, SOS Arrazakeriak Gipuzkoan ere antolatu zituzten otorduak. Harrezkero, urtero errepikatu du egitasmoa. “Guretzat hartu genuen ekimena, eta izena aldatu genion: Bizilagunak”, azaldu du Lucianik. “SOS Arrazakeriaren helburuetako bat da jatorri ezberdinetako jendea elkartu eta elkar ezagutzea, uste dugulako harremanen bidez landu daitezkeela bestenganako dauzkagun aurreiritzi eta estereotipoak”. Gaineratu du egitasmoak harrera “ona” izan duela. Esaterako, 2019an, pandemiaren aurretik, 135 bazkari antolatu zituzten Gipuzkoan.
“Besteekiko dauzkagun estereotipoak apurtzeaz gain, jende berria ezagutzeko aukera ematen dizu Bizilagunak-ek. Bost urte daramatzat parte hartzen, eta jarraituko dut. Oso esperientzia polita da”, dio Saida Abarak. Marokoarra da, eta Zumarragan bizi da egun. Etxean hartu ditu beste herritar batzuk, eta beste batzuen etxeetara ere joana da bazkaltzera. “Aho zapore goxoa” utzi zion lehenengo urtean bizitakoak: “Nire etxera etorri ziren bazkaltzera. Oso esperientzia polita izan zen, aberasgarria, eta umeek ere ederki pasatu zuten. Zure etxera doazenean zuk egiten duzu bazkaria, eta gonbidatuek postrea ekartzen dute, baita batzuetan opariren bat ere”.
Abarak gaineratu du euskal kulturari buruz ere ikasteko baliatu dituela otorduok. “Errezetak trukatzen ditugu, eta bestearen kulturaren inguruan asko ikasten da”.
Estereotipoak, oztopo
Urtero parte hartu du Oneyda Saenzek programan, eta adierazi du “azaleko harremanetatik harago” joaten lagundu diola: “Bizilagunak programa martxan jarri zutenean, urtebete baino ez neraman Gipuzkoan, eta bertako jendea ezagutu nahi nuen. Ez bakarrik kalean jendea ikusi eta agurtu; bertako kultura barrutik ezagutu nahi nuen, eta horretarako egitasmo interesgarria iruditu zitzaidan”.
Hala ere, hasiera “ez zen erraza izan” Saenzentzat. Nikaraguarra da, eta duela hamabi urte etorri zen Euskal Herrira; Tolosara lehenbizi, eta Errenteriara gero. Azaldu duenez, “uzkur” joan zen lehendabiziko bazkarira, aurretik entzunak zituen zurrumurruengatik: “Hona heldu nintzenean, esan zidaten etorkinak gaizki ikusita zeudela, jendeak pentsatzen zuela lana kentzera gentozela… Horregatik, herritarrek ni ezagutu eta pertsona arrunt gisa ikus nazaten nahi nuen, eta ez mehatxu moduan”. Lehenengo urtean lagun batzuekin hartu zuen parte; izan ere, SOS Arrazakeriako Lucianik nabarmendu du bazkaltzeko elkartzen diren bi familia horiek ez dutela zertan familiarteko loturarik izan: “Lagun talde bat izan daiteke, edo familia bat, edo pisukide batzuk…”.
Ezagutzearen garrantzia
Saenzek uste du programak mesede handiagoa egiten dietela jatorriz Euskal Herrikoak diren parte hartzaileei, etorkinei baino: “Zure etxeko atea zabaltzen diozunean beste norbaiti, zure intimitatean sartzen uzten diozu, eta ez duzu kalean daukazun jarrera bera izango: sakonagoa izango da. Jendea biluztu egiten da, eta beste era bateko elkarrizketak sortzen dira, janaria bezalako gauza sinple baten bitartez”.
Hain zuzen, janaria da Bizilagunak programaren beste osagai garrantzitsu bat, Saenzen arabera. Hark dioenez, “bertako” herritar asko ez daude ohituta beste kultura batzuetako janaria probatzera: “Uste dute janari arraroa dela. Baina, haiekin partekatzen dugunean, beste mundu bat zabaltzen zaie. Esperientzia berria da beraientzat; etorkinok bertako janaria beste modu batera ere ezagutzen dugu, tabernetan edo lantokian, baina bertakoek ez dute gurea probatzeko aukerarik izaten normalean”.
Era berean, Saenzek nabarmendu du Euskal Herrira etorri aurreko bizitzari buruz hitz egin ohi dutela otorduetan: “Bertakoek, esaterako, hemen etxeko langile gisa ikusten naute, baina ez dakite Nikaraguan kazetaria nintzela eta nire albistegi propioa neukala. Horrelako programek aukera ematen dute bertakoen aurrean zeure burua beste modu batera aurkezteko”. Dena den, uste du otordu horietan etorkinen esperientzia ezagutzeak “onarpena” ekartzen duela Euskal Herrian jaiotakoen aldetik: “Ezagutzen bagaituzte, miresmena ere azaleratzen dute egin behar izan dugun bideagatik”.
Bat dator Ixiar Egiguren Saenzekin. Hernaniarra da Egiguren, eta hamar urte daramatza Bizilagunak programan parte hartzen. Nabarmendu du “ikuspuntua aldatzeko” balio izan diotela otorduek: “Etorkinekin zuzeneko kontaktu bat daukazunean, konturatzen zara oso berdintsuak garela. Ditugun beldur eta estereotipoak joan egiten dira hala”.
Bi emakume sahararrekin eta haien seme-alabekin egin zuen Egigurenek lehenengo bazkaria, eta oroitzapen “oso atsegina” gordetzen du harrezkero: “Sorpresa handia hartu nuen. Ikusi nuen haurrak nola tratatzen dituzten, esaterako. Bi emakume etorri ziren gure etxera, bakoitza bere seme-alabekin, eta umeak berdin-berdin joaten ziren emakume batekin zein bestearekin. Elkarrekin gauza asko egiteko ohitura dute, eta horrek liluratuta utzi ninduen”. Horrez gain, nabarmendu du sahararren “borrokarako gaitasunak” ere harritu zuela.
Lucianiren hitzetan, horixe du helburu, hain zuzen ere, programak: jendeak beste kultura batzuen gainean dituen aurreiritziak amaitzea. “Otordu horietan konturatzen dira, jatorri ezberdina izan arren, uste duten baino askoz antzekoagoak direla. Askotan esaten da kulturalki ezberdintasun bateraezinak ditugula, baina, bata bestearen aurrean jartzen bagara, gure kezka eta beldurrak bertsuak dira”.