Bost hilabete soldata gabe

Bost hilabete soldata gabe

Jone Arruabarrena

Gipuzkoako Correoseko garbitzaileek bost hilabete daramate soldatarik jaso gabe. Greba mugagabean daude, eta salatu dute enpresak zein Correosek berak isiltasunarekin erantzun dietela.

Bost hilabete soldatarik jaso gabe, ohiko baldintzetan lanean jardun arren, eta enpresaren aldetik inolako azalpenik ez. Egoera horretan daude Gipuzkoan Correoseko bulegoak garbitzen dituzten garbitzaileak. Emakumezkoak dira langile gehienak, eta, egoeraren larritasuna ikusita, urriaren 2an bi asteko grebara jo zuten. Orduan ere ez zuten jaso Correosek garbiketarako azpikontratatu duen enpresaren erantzunik, eta, bi asteak pasatuta, lanuzte mugagabeari ekin zioten, ESK, LAB eta CCOO sindikatuek babestuta. Antzeko egoeran daude Correosek azpikontratatutako gainontzeko garbitzaileak; Nafarroan grebara jo zuten abuztuaren 28an, eta Bizkaian ere urriaren 27an ekin zioten lanuzte mugagabeari. Hain zuzen, garbiketa eta bestelako zaintza zerbitzuak kalitatezkoak eta unibertsalak izatearen alde greba orokorra deituta dago azaroaren 30erako.

«Ekainaren 31n jaso genuen azken soldata. Hortik gaur egunera arteko hilabete guztietako soldata zor digute, baita udako aparteko ordainsaria ere», esan du Marian Barradas Donostiako garbitzaileak. Epe horretan, hilabete batzuk eman zituen laneko bajan Barradasek, baina, baja ere ordaintzen ez ziotela ikusita, greba egitea erabaki zuen. Donostiako Tabakaleran bildu da Juan Antonio Manchado eta Ana Morato lankideekin.

Correosek lizitazio bidez adjudikatu ohi ditu bere bulegoak garbitzeko zerbitzuak, eta joan den urteko abendura arte Sacyr enpresa izan du lan horietarako kontratatuta. Hala ere, azken lizitazioan Correosek eskainitako aurrekontua oso txikia izan zen, eta ez zen enpresarik aurkeztu hura eskuratzeko. Azkenean, abenduaren 15ean Correosek langileei jakinarazi zien J. Cordoba enpresak irabazi zuela lehiaketa, Correosen aurrekontu txikiak onartuta. «Lizitazio baxu hori onartzeko prest zegoen enpresa bakarra izan zen J. Cordoba. Esan daiteke Correosek ia-ia gonbidatu egin zuela zerbitzu horiek bere gain hartzera», adierazi du Barradasek. Manchado ere ados dago; gehitu du Correosek daukala erantzukizuna: «Correos da egoera honen erantzulea. Beti adjudikatzen dizkio garbiketa zerbitzuak merkeen ematen dituen enpresari, eta horren ondorioa da gero ez dagoela langileei ordaintzeko adina diru».

Enpresari bat atzean

Izan ere, gatazka korapilatsua da; J.Cordoba hasieran familiako enpresa txiki bat izan arren, 2021. urtearen amaieran Rocco Arena enpresari italiarrak erosi zuen. Arenak Espainiako Estatuko beste hainbat garbiketa enpresa ere erosiak ditu, eta Correosek lana hari adjudikatu baino lehen ezaguna zen Elxen (Herrialde Katalanak) garbitzaileekin antzeko gatazkak izateagatik. «Ez dut ulertzen Correosek nola eman zion lizitazioa enpresa horri, jakinda ez ziela beste leku batzuetako langileei ordaintzen. Interneten bilaketa azkar bat eginda jakin genuen guk», esan du Barradasek.

Ikusi gehiago

Hain zuzen, SCT Acva enpresaren jabea ere bada Arena, eta enpresa horren izenean ere jaso zituzten soldata orriak langileek, soldata jasotzeari utzi baino lehen. «Batzuetan ez dugu jakin zer enpresarentzako ari ginen lanean. Lehenengo lansaria J.Cordobaren izenean jaso nuen nik, eta beste batzuek, SCT Acvaren izenean. Gero jakin izan dugu bere gain dituen beste enpresa batzuetako langileei ere ez dietela ordaindu, eta, hala ere, jarraitu duela enpresa gehiago erosten: J. Cordoba, esaterako», azaldu du Manchadok. Moratok erantsi du enpresarekin zein Correosekin harremanetan jartzen saiatu direla, baina ez dutela erantzunik jaso: «Existituko ez bagina bezala da».

ESK sindikatua dabil orain Correosekin bitartekari lanak egiten, eta haren bidez jakin ahal izan dute berriro lizitazioa atera duela Correosek, enpresak langileei ordaintzen ez diela ikusita. Dena den, eskaini duen aurrekontuak «baxua» da gaur egun ere, Manchadok gaineratu duenez: «Inork ez ditu zerbitzu horiek hartu nahi. Lehenengo, 26 milioiko lizitazioa eskaini zuen Correosek, eta gero, 42 milioira igo zuen, baina ez da nahikoa. Enpresei ez zaizkie kontuak ateratzen».

«Gutxietsita»

41 langile daude kontratatuta Gipuzkoan Correoseko garbiketa zerbitzuan, eta horietatik 25 daude greban. «Ia guztiok daukagu bulego baten baino gehiagoren ardura. Inork ez dauka lanaldi osorik, eta, beraz, bulego bat baino gehiago hartu behar izaten ditugu. Bakartuta egiten dugu lan, baztertu eta gutxietsi egiten gaituzte. Pandemia garaian, esaterako, eromena izan zen: lan mordoa genuen, eta guztiek heroitzat hartzen gintuzten. Orain, ordea, inor ez da oroitzen gutaz», azaldu du Barradasek. Bat dator Manchado; esan duenez, baldintzak «geroz eta eskasagoak» dira garbiketan: «Asko eskatzen digute, baina guri geroz eta gauza gehiago kentzen dizkigute. Lan bera egiteko denbora gutxiago daukagu, ematen diguten materiala oso eskasa da kalitate zein kopuru aldetik…».

Ohiko lan baldintza eskasei gehitu zaizkie horrenbeste denbora kobratu gabe egotearen ondorioak. Manchadok hogei urte daramatza Correoseko garbiketan lanean, eta adierazi du «oso gaizki» pasatzen ari dela: «Bi urte geratzen zaizkit erretiroa hartzeko, eta ez dut amore emango. Hemen jarraituko dut, oso gaizki pasatzen nabilen arren. Familia daukat, gastuak… eta ez daukat soldatarik».

«Ni bakarrik bizi naiz, eta hipoteka bat daukat ordaintzeko», gehitu du Moratok. «Aurreztuta neukan dirua amaitzen ari zait, eta, honek horrela jarraituz gero, ez dakit zer egingo dudan». Beste lankide batzuen kasuak aipatu ditu Barradasek: «Batzuek Gurutze Gorrira joan behar izan dute janari bila, eta beste batzuk familari ari dira dirua eskatzen. Nik ere hogei urtetik gora daramatzat hemen lanean, eta, hau duela lau urte gertatu izan balitz, nire bi semeei unibertsitatea ordaindu behar nienean, ezingo genukeen aurrera egin».

Guztiek nabarmendu dute, dena dela, Correoseko garbitzaileak ez direla Gipuzkoan garbiketa sektorean gatazkan dauden bakarrak. BM supermerkatuak garbitzen dituzten langileek ere duela gutxi lortu dute ordaintzen ez zieten enpresa horrekin kontratua moztea BM-k. Atarteetako garbitzaileen egoera ere «oso larria» dela nabarmendu du Barradasek: «Oso gaizki daude. Ez dute kobratzen, eta okerrena da beraien artean ere bakartuta daudela. Atarte bakoitzean ordu erdi baino egiten ez dutenez, ez dute elkar ezagutzen».