Euskal Herriko Argazkilaritza Federazioak antolatutako liga bukatu berri da, eta, taldekako sailkapenean, lehen postua lortu du Beasaingo Argizpi elkarteak, 550 punturekin. Atzetik geratu dira Sopelako (Bizkaia) UK Foto elkartea eta Gipuzkoako Argazkilari Elkartea. Laugarren aldia du Euskal Herriko Argazkilaritza Ligak, eta hiru bider irabazi dute beasaindarrek.
Argizpiko kide eta ligaren sortzaileetako Manu Barreirok esan duenez, Espainiako Federaziotik hartu zuten argazkilaritza liga egitearen ideia: «Espainiako Federazioa duela hamar bat urte hasi zen liga bat egiten. Hemen ere arrakasta izan zezakeela pentsatuta, 2020an gure liga egitea erabaki genuen». Martxoan hasi eta azarora bitarte, argazkilari bakoitzak lan bat aurkezten du hilabetero. Epaile talde batek puntuazioa jartzen die lanoi, eta abenduan erabakitzen da garailea nor den. Argazkilari bakoitzak elkarte baten izenean parte hartu behar du, eta taldekako puntuak batuta egiten da sailkapena. Dena dela, elkarte handien eta txikien arteko orekak bermatzeko, hilabeteroko hiru argazkilari onenen puntuazioa soilik hartzen dute aintzat.
Argizpiko lehendakari Javier Quirosek badaki non dagoen garaikurra lortzeko gakoa. Hark dioenez, «argazkilari ona» izan behar da horretarako. Berrogei bat bazkide direla azaldu du, Beasaingoak eta inguruko herrietakoak batuta. «Onenak izateko bidean, fitxaketak ere egin behar izan ditugu». Izan ere, ez du ezkutatu irabaztea dutela helburu. «Aurreneko postuan bukatzea beti da polita, eta prestigioa ematen du».
Jose Agustin Gurrutxaga Argizpiko kidearen Mirada profunda argazkia.
Euskal Herrian argazkizale «asko» daudela diote Barreirok eta Quirosek, eta horrek, ezinbestean, ligaren maila igotzen duela. Federazioaren barruan, hegoaldeko lau lurraldeetako 25 elkarte daude, ligan hemeretzik hartu dute parte, eta banaka, berriz, 155ek. «Argazkizale asko ez dira lehiaketa egin zaleak», esan du Barreirok. «Argazkilaritza beste era batera ikusten dute horiek, eta ez dute horrelakoetan parte hartzen».
Quirosek azaldu du, halaber, argazkilaritza artea izanik modalitate subjektiboa dela, eta, horrenbestez, argazkilariez harago, epaileen iritziaren arabera osatzen dela sailkapena: «Kiroletan argi dago nork irabazten duen: azkarrena denak, gol edo puntu gehien sartzen duenak… Baina argazkilaritzan, batzuetan, gertatzen da zure ustez oso argazki ona aurkeztu duzula eta oso puntuazio baxua lortzea, epaileei ez zaielako gustatu». Barreiro bat dator Quirosekin: «Kiroletan, tituluak irabazi egiten dituzu. Argazkilaritzan, eman egiten dizkizute». Epaileak urte hasieran zehazten dituzte, baina txandakatuz joaten dira, argazkilariek ez dezaten jakin epaileek zer gustu dituzten.
«Argazkilaritzan, batzuetan, gertatzen da zure ustez oso argazki ona aurkeztea eta oso puntuazio baxua lortzea, epaileei ez zaielako gustatu».JAVIER QUIROS Argizpi elkarteko lehendakaria
Ligara aurkeztu beharreko argazkiak libreak dira, ez dira gai batera mugatzen. Hala, Barreirok adierazi du askotariko argazkiak ikusten direla: paisaiak, erretratuak, kirol argazkiak, arkitekturazkoak…
Quirosek esan du argazki bat aurkezteko garaian «ahaztu» egin behar dela argazkilaria epaileez. «Aurkezten den argazkia norberari gustatu behar zaio». Banakako sailkapena irabazi duen Pedro Luis Ajuriagerra bizkaitarraren argazkia jarri du horren adibidetzat, zomorroei egindako lehen planoekin osatutako argazki multzo bat aurkeztu baitu hark. Bakarkako sailkapen horretan, lehen hamarren artean hiru dira Argizpikoak.
Taldean, hobeto
Quirosek kontatu du 1980ko hamarkadaren hasieran erosi zuela lehen kamera, Hendaian (Lapurdi). «Soldaduska bukatu eta segidan erosi nuen». Argazkilaritza «betidanik» gustatu izan zaiola dio: «Jakin nuen Ordizian argazkizale elkarte bat sortzekoak zirela, eta horrela animatu nintzen lehiaketetara». Gerora sortu zuten Argizpi. Besaingo elkarteko lehendakariaren arabera, afizioa partekatzen dutenen arteko sareak sortzeko aproposak dira halako taldeak. «Igandero elkartzen gara taldetxo bat argazkiak ateratzeko. Guri kirola gustatzen zaigu, eta kirol ekitaldietara joaten gara. Baina bada paisaiak erretratatzea gehiago gustatzen zaionik, eta haiek naturaguneetara joaten dira».
Bidaia argazkiak dituzte gustuko biek ala biek, eta horretarako tarteak ere hartzen dituztela jakinarazi du Barreirok: «Badugu elkarte desberdinetako argazkilariz osatutako beste talde bat, eta urtero antolatzen dugu bidaia bat argazkiak ateratzeko helburuarekin». Nolanahi ere, «estudioko lana» ere gustuko duela esan du, nahiz eta, haren ustez, «bakartiagoa» den modalitate hori.
«Txapelketek arrisku puntu bat ere izan dezakete: irabazi nahi baduzu eta ez baduzu lortzen, baliteke uztea, etsita». MANU BARREIRO Argizpiko kidea
Haien ustez, txapelketek ere balio dute elkarren arteko harremanak estutzeko. Ligaz gain, esaterako, Herriz herri izeneko rally txapelketa egiten da. Egun eta toki jakin batean jokatzen diren txapelketak dira horiek; gai jakin baten arabera, denbora eta toki mugatu batean ateratako argazki sorta bat aurkeztu behar izaten dute parte hartzaileek. Beasainen ere antolatu ohi du Argizpik halako lehiaketa bat, eta baita Beasain Hiria eta Igartza Saria argazki lehiaketak ere. «Txapelketek arrisku puntu bat ere izan dezakete», uste du Barreirok. «Irabazi nagi baduzu eta ez baduzu lortzen, baliteke uztea, etsita».
Askotan garaile
Sari mordoa irabazitakoak dira Argizpikoak. Gipuzkoa Plazako Urbieta zentroan dute egoitza. Fokuz, oihalez eta atrezzoz dute josita gela, eta bertan dituzte urte askoan jasotako sari gehienak. Euskal Herriko Argazkilaritza Ligako bi diplomak ere han dira, eta hirugarrenari ere egin diote tokia dagoeneko. Federazioaren urteroko galan egingo dute sari banaketa, 2024. urte hasieran. Diploma horien alboan beste domina bat ere badute, «harro» erakusten dutena: 2019an Espainiako Ligan hirugarren amaitu zutenekoa. «Beasaingo beste kultur elkarte batzuekin partekatzen dugu espazioa: antzerki taldearekin, zeramika taldearekin, pintura taldearekin…», jakinarazi du Quirosek. «Beasaingo Udalari eskerrak eman beharrean gaude. Txapelketak antolatzeko eta aurkezteko laguntza handia jasotzen dugu eurengandik».
Era berean, herriko beste elkarteekin ere badituzte sinergiak: urtarrilean, kasu baterako, Lemniskata zientzia elkartearekin matematikaren inguruko argazki lehiaketa bat antolatuko dute, eta azaroan, Odolki Kofradiarekin batera, odolkiaren inguruko argazki rallya.
Hurrengo helburua ere argi du Quirosek: gazteak erakartzea. «Gaur egun, edonork du eskura argazki kamera bat eta hura erabiltzen ikasteko aukera, baina gazteak ez dira etortzen. Argazki taldeetako eta txapelketetako bataz besteko adina, orokorrean, altua izaten da».