Asko masturbatzeak itsu gelditzea ekar zezakeela, tanpoi bat janzteak birjintasuna galtzea esan nahi duela… Askoren buruan iltzatuta zeuden uste horiek duela bizpahiru hamarkada. Sexologian eta genero gaietan aditua den Ainhoa Airaren arabera, asko dira gisa horretako usteak, baina ez dute «ez hanka eta ez buru». Airak gaineratu du, halaber, gaur egun orain urte batzuk baino «errazago» eta «lasaiago» hitz egiten duela jendeak sexuaz, baina «erabateko askatasunik gabe» oraindik ere. Hain zuzen, horregatik, Azpeitiko Udalak martxan jarri zuen Lardaxka sexu, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua. Aira da zerbitzuaren arduradun, eta arlo horien gaineko jakin-mina, zalantzak edo kezkak dituzten norbanakoei, bikoteei zein taldeei «aholku emateko prest» dago.
«Lehen, sexualitatea tabua zen, eta araua zen horri buruz ez hitz egitea. Orain, iruditzen zait sexualitatearekiko ikuspegia aldatzen ari dela», azaldu du Airak. «Dagoeneko sexualitatea ez da tabua; gauzak azaleratzen ari dira, baina, hala ere, uste dut marko oso itxian mugitzen garela. Lehengo mito batzuek, koitozentrismoak, genitaletan fokua jartzeak, ugalketarekin lotutako ideiek… oraindik hor jarraitzen dute, lehengo sinesmen askok oraindik indarra dute, eta beste gauza batzuetan, beste muturreraino joan gara». Horren adibide gisa, adierazi du, gaur egun gazteen artean «arrarotzat» daukatela sexualitateaz hitz egiten ez duena edota «sexualki aktiboa» ez dena.
Herritarren harrera
Dagoeneko hainbat herritar baliatu dira zerbitzu berriaz. «Oraingoz, etorri diren guztiak emakumeak izan dira», azpimarratu du Airak. «16 urtetik gorako herritar ororentzat zabalik dago zerbitzua, baina orain arte emakumeak bakarrik ausartu dira, 20 urtetik 60ra artekoak, eta bikote harremanaren barruan dituzten gatazkak eta sexu harremanen inguruan dituzten zalantzak argitzeko asmoz etorri dira». Baina argitu du askoz gehiagorako espazio bat izan nahi duela Lardaxkak. «Gorputzaren ezagutza eta bizitzako etapa desberdinetan ematen diren aldaketa eta gogo berriei eman beharreko erantzunak landuko ditugu. Besteak beste, bikote eztabaidak, sarketarekin izan daitezkeen zailtasunak, praktika erotiko desberdinak, ohiko errutinatik irteteko aukerak, seme-alabak edukitzeko prozesuan edo erditze ondorengoan erotismoari eusteko bideak, sexu identitateari dagozkion zalantzak, desiraren orientazioaren ingurukoak, pornografia eta sare sozialen bitarteko gertakariei buruzkoak, eta jeloskortasunak eta elkar ez ulertzeak sortutako gatazkak».
«Lehengo sinesmen askok oraindik indarra dute, eta, beste gauza batzuetan, beste muturreraino joan gara».
AINHOA AIRA Azpeitiko sexu eta bikote aholkularia
Zerbitzuak Azpeitian izan duen harrerarekin «gustura» dago Aira, eta animatzeko deia egin die gainontzeko herritarrei. «Doako zerbitzua izanik, aukera baliatzeko esango nieke, probatzeko, eta nabarmenduko nuke, sexualitateaz ez ezik, generoaz eta identitateaz hitz egiteko espazioa ere badela hau». Gainera, azpimarratu du zerbitzua ez dela norbanakoentzako eta bikoteentzako. «Kolektiboei edo taldeei ere eskainiko diegu zerbitzua, eta zalantzak izan ditzaketen herriko eragileekin ere egingo dugu lan, baita beste sail eta zerbitzuekin koordinatuta ere».
Azpeitiko Emakumeen Txokoan eskaintzen dute zerbitzua, astearteetan, bi astean behin, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Beharrezkoa da, ordea, hitzordua aurrez hartzea; Emakumeen Txokoan bertan edo bi telefono zenbaki hauetakoren batera deituta: 943-15 70 55 edo 688 75 10 00. Aurrez aurreko zerbitzua lehenesten duten arren, telefono bidezko arreta ere eskaintzen dute.