Orioko bizilagun diren Jesica Bordoni (Buenos Aires, Argentina, 1979) eta Daniele Amalfitano (Genova, Italia, 1975) senar-emazteek Bartzelonan ezagutu zuten elkar, eta bien arteko harremana eraiki ahala, Apuka sortzen hasi ziren, eskuz egindako kortxozko liburutxoen argitaletxea. «Apuka, maitasun istorio bat dela esaten dugu», esan du Amalfitanok. «Geure arteko solasaldietan beti agertzen ziren liburuak, gure bidaide zirelako, baita artisautzaren gaia ere. Era berean, ekologia faktore garrantzitsua zen guretzat. Osagai horiekin sortu zen liburutxoak egiteko ideia, liburuekiko maitasun sinbolo gisa».
Biek kontatu dute orain hamabost urte inguru erabaki zutela bizi eta lan proiektu bat abian jartzea. Bartzelona atzean utzi, eta Donostiatik Fisterraraino (Coruña, Galizia) bidaiatu zuten trenez, motxilak bizkarrean hartuta, bizileku baten bila. Hain zuzen ere, bidaia iniziatiko horretan finkatu zituzten Apukaren oinarriak. «Artisau piezak egiten ditugu Apukakan», azaldu du Bordonik. Eskuz koadernatzen ditugu kortxo naturalean, paper zuntz birziklatuak eta material ekologikoak erabiliz. Eskuan kabi daitezkeen liburuak dira, baina askotariko balioz eta emozioz beterikoak».
«Asko gustatu zitzaigun [Apukak] atzean zuen mezua, egiten dugunarekin horixe eragin nahi baitiogu jendeari».JESICA BORDONI Apuka argitaletxeko kidea
Irri egin. Horixe esan nahi du Apuka hitzak guaranieraz. «Bartzelonan bizi ginela jarri genion izena gure proiektuari. Asko gustatu zitzaigun atzean duen mezua, egiten dugunarekin horixe eragin nahi baitiogu jendeari».
Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia) landu eta garatu zuten proiektua, eta bertan ekin zioten miniliburuen denda ibiltariari. Orgatxo vintage baten bidez ateratzen zituzten lanak kalera, eta pixkanaka ekarri zuten proiektua Euskal Herrira. Aurrena, Bilbora, eta, ondoren, Donostiara. Bordonik dio «askorik eskatu gabe» murgildu zirela «amets» horretan: «Jendeak esaten zigun ez zutela bideragarri ikusten, baina guk beti baikor eutsi diogu, eta orgatxoa izan da gure orain arteko salbidea». Orgatxoa alde batera utzita, baina, beste pauso bat eman dute oraintsu. Izan ere, kaxa txiki eta «dotore» baten barruan sartu dituzte lanok, askotariko lekuetan saltzeko asmoz.
Euskaraz estreinakoz
Betidanik izan dituzte gustuko Euskal Herria, euskal kultura eta identitatea, eta, batetik bestera ibili ondotik, Orio dute bizileku orain lauzpabost urtetik. Estudioa ere bertan dute. Berritasun ugari argitaratu dituzte aurten; besteak beste, orain arte argitaratu duten euskarazko lehen liburua: Printze Txikia. Hainbat hizkuntzatan kaleratu dute lana, eta euskarazko bertsioa «zoriontasun handiz» egin dutela nabarmendu du Amalfitanok.
Lotura estua dute hizkuntza desberdinekin. Izan ere, Amalfitanok kontatu du eurak euskaldunak ez badira ere, alabak euskaraz ikasten duela. Gainera, Amalfitanok gaelikoz idatzitako esaldi bat darama besoan tatuatuta 18 urte zituenetik. «Beraz, guaranierarekin, gaelikoarekin eta, orain, euskararekin gaude lotuta… Ikur asko dira bat-batean, aurrez planteatu gabe elkar lotzen ditugunak. Orain, gainera, liburutxoak Euskal Herrian ekoizten ditugula sentitzea ere handia eta sinbolikoa da guretzat».
Apuka argitaletxeak argitaratu berri duen lehen euskarazko lana: Printze Txikia.
Argitaratu duten azken lana «artisau pieza» gisa deskribatu duten arren, Bordonik azaldu du aurrerantzean ere liburu izan dadila desio dutela. «Maneiagarria da liburua, eta hizkien tamaina, berriz, irakurgarria. Ez du soilik hor nonbait jartzen den fetitxe edo objektu izan nahi. Bere buruaz harro sentitzen den liburua da, bere izaerak eta edukiak egiten baitu eder». Miniaturan kaleratu arren, liburuak bere osotasunean argitaratzen dituzte, eta jatorrizko marrazkiak txertatzen ahalegintzen dira, gainera.
Hala ere, jakin badakite bildumazale asko dagoela «liburutxoen» alorrean, eta bikotearen argitalpenak mundu zabalera heldu direla. «Honek guztiak ahoz aho funtzionatzen du. Jada ezagunak gara liburu txikien esparruan, eta nobedaderen bat dugunean gurekin jartzen dira harremanetan», esan du Bordonik. Beraz, azaldu dutenez, euskarazko liburutxoak ere lurraldez lurralde bidaiatuko dira aurrerantzean, Printze Txikia bezala.