Lan gatazken jokaleku izan dira aurten Gipuzkoako kiroldegi asko. Urtarrilaren 9tik greban zeuden Urnietakoan, eta, akordioa lortu ostean, martxoaren 8an itzuli ziren lanera; Irunen ere 2023an soldatak %2 eta 2024an beste %2 igotzea adostu zuten, baina negoziatzen jarraitzekotan geratu ziren, 2025etik aurrera urteotan galdutako erosahalmena berreskuratu ahal izateko. Tolosan, berriz, zazpi hilabetez itxita egon zen kiroldegia, langileek greba hasi baitzuten instalazioak kudeatzen zituen enpresak uko egin ziolako haien lan baldintzak hobetzeari. Beste leku batzuetan ere izan dituzte antzeko gatazkak, Donostian eta Zarautzen, esate baterako. Guztietan BPXport enpresakoak dira langileak.
Hain zuzen ere, antz handiak dituzte Urnieta, Irun eta Tolosako gatazkek. Udalek azpikontratatu egin dute zerbitzua: Irunen eta Tolosan, kudeaketa osoa; Urnietan, zerbitzua bakarrik —udalak kudeatzen ditu azpiegiturak—, baina BPXporteko langileek eman ohi dituzte ikastaroak eta abarrak. Hala, langileek azaldu dute negoziazioetan elkar jotzen dutela arduraduntzat udalak eta enpresak: alegia, BPXportek esan ohi duela udalek diru gehiago eman ezean ezin dituela baldintzak hobetu, eta udalak, berriz, dio kontratu bat dagoela sinatuta eta enpresari dagokiola kudeatzea.
Urnieta
Akordioa bai, baina ez orain
Aurrez beste zenbait lanuzte egin ostean, urtarrilaren 9an ekin zioten langileek greba mugagabeari, eta ia bi hilabete egon ziren lanera joan gabe, akordioa lortu zuten arte. 2012tik izoztuak zituzten soldatak, eta hitzarmenaren lorpenik garrantzitsuena izan zen 2021etik aurrerako KPI igoerak ordainsarietan eguneratzea. Datorren urtera arte itxaron beharko dute, ordea. Orduan, udalak berriz ere lehiaketara aterako du zerbitzua, eta sartuko den enpresak errespetatu egin beharko du hitzarmena. Gerta daiteke BPXport izatea berriz ere enpresa, edo ez. Hamalau langile aritzen dira Urnietako kiroldegian, eta horietako batzuek Lasarte-Oriakoan ere lan egiten dute, lanaldi oso bat eduki ahal izateko.
Irun
Soldata igoera, galerekin
Langileek lau eguneko greba egin ondoren, akordioa egin zuten Irunen ere, baina negoziatzen jarraitzekotan geratu ziren. Aurten eta datorren urtean soldatak %2na igoko dizkiete langileei, baina, Joseba Rozalejo kiroldegiko langile eta ELAko ordezkariaren esanetan, horrekin ez dute berreskuratuko urteotan galdutako erosahalmena, 2019tik izoztua izan baitute soldata: %13 inguru galdu dutela kalkulatzen dute. 2025etik aurrera jaso nahi dute zati hori, baldintza berriak indarrean sartzen direnean. Dena den, langileek gogor salatu zuten udalaren erantzukizuna. Izan ere, haien ustez, azpiegitura publikoak diren heinean, udalak izan beharko luke horiek kudeatzeko ardura.
Irungo kiroldegiko langileak, martxoan egindako protesta batean. BIDASOKO HITZA
Tolosa
Greba luzea
Tolosako kasua entzutetsua izan zen: kiroldegiko zerbitzua publikoa izan arren, udalak hura kudeatzeko ardura eman zion enpresari, baina ez hori bakarrik: emakida kontratu bat denez, hamar urtean eraikina kudeatzeko ahalmena ere badauka BPXport enpresa pribatuak, eta langileek grebara jo zutenean, kiroldegia itxi zuen enpresak. Zazpi hilabete iraun zuen gatazkak, eta, azkenean, udalak esku hartu zuen, enpresari baldintza agiri berriak ezarrita. Langileek iritzi zioten beren lan baldintzak duindu eta bermatzeko nahiko baliabide zeudela baldintza agiri berrietan, eta greba bertan behera utzi zuten azaroaren 16an.