Berriz ere gai sozialen kezka

Berriz ere gai sozialen kezka

COVID-19aren arrastoak leunduta, beste gai batzuek hartu dute protagonismoa aurten Gipuzkoan. Urte hasieran, euskalgintzak Euskararen aurkako oldarraldia izendatutako auziak bereganatu zuen euskaltzaleen arreta: Donostiako Uliazpi fundazioak langile berriak kontratatzeko prozesu bat abian jarri zuen, eta epaitegi batek ebatzi zuen prozesu horretan ezin dela euskara baldintza gisa lehenetsi. Bestalde, indarkeria matxistak aurten ere astindu ditu hiriak eta herriak: hainbat sexu eraso salatu dituzte, eta indarra hartu dute horiek arbuiatzeko protestek. Maiatza bereziki beltza izan zen: Orion, Lourdes del Hoyo hil zuen bere bikotekide ohia zen gizonezkoak. Villabona-Amasan gertatu zen eraso LGTBIfobiko larriak ere oihartzuna izan zuen. Udan, eguraldi aldakorrak kezka sortu zuen herrialdean, eta hondartzetan agertu zen karabela portugesaren izurriteari begira jarri ziren hedabideak: bainulariak larritu zituen marmokaren antza daukan animalia agertu izanak, eta hondartza asko itxi behar izan zituzten.

Indarkeria matxista

Urte beltza

Indarkeria matxistak arrasto beltza utzi du aurten ere Gipuzkoan. Maiatzaren 18an, Orion, gizonezko batek Lourdes del Hoyo emakumezkoa eskopeta batekin hil zuen, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Iturri ofizialek baieztatu zutenez, andreak eta gizonak izandako harreman afektiboa etenda zegoen, baina hitzordua zuten egun hartako arratsalderako. Banku batean eserita zegoen emakumea, liburu bat leitzen, gizona noiz azalduko. Andreak ez zuen inoiz gizona salatu; gizonak ez zuen aurrekari penalik indarkeria matxistagatik.

Eraso LGTBIfobikoak dira indarkeria matxistaren beste alde bat. Aurten eraso larri bat pairatu zuen Villabona-Amasan bikote homosexual batek —gizonezkoak—; hura ere, maiatzean izan zen. Biktimek adierazi zutenez, jatorriarengatik eta sexu orientazioagatik egin zieten eraso. Taberna batetik atera zirenean gertatu zen: hamabost gazte inguru oihuka hasi zitzaizkien, eta, gero, jipoitu egin zituzten. Erasoaren ondorioz, biktima batek zauri bat zuen buruaren atzealdean, sudurra berriz osatu behar izan zioten, eskumuturra puskatu zioten, eta ahoan hamabost puntu eman behar izan zizkioten. Haren bikotekideak hematomak eta ebakiak izan zituen. Protesta ugari izan ziren eraso hori ere gaitzesteko.

Karabela portugesa

Udan izurria

Karabela portuges bat, euskal kostaldean, aurtengo udan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Urte askoan Gipuzkoako kostaldean agertu gabe egon ondoren, karabela portugesak kostaldera itzuli dira aurten. Udan zalaparta sortu zuen hidrozoo honen izurriak hainbat hondartzatan. Donostian, Zarautzen eta Getarian izan ziren ziztaden kasurik entzutetsuenak; Hondarribian eta Zumaian ere agertu ziren karabelak. Gipuzkoako hondartza batzuetan bainua debekatu zuten, karabela portuges asko atzeman ondoren. Uztailean hasi ziren hondartzetan asaldura eragiten, eta, kopuru aldetik gorabeherak izan arren, uda osoan gertatu ziren kasuak. Karabela portugesek guztira 44 ziztada egin zituzten, eta hamalau aldiz itxi behar izan zuten hondartzaren bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera. Erregistratutako ziztadetatik, %90 Zarautzen eta Getarian izan ziren, eta zazpi pertsona ospitalera eraman behar izan zituzten. Hondartzetan bandera gorria hamalau aldiz jarri zuten, eta beste hamalautan hondartzak itxi behar izan zituzten. Karabela portugesaren kontrolaz gain, Gipuzkoako lau hondartzatan egiten da ostreopsis alga toxikoaren jarraipena, baina udan ez zen erregistratu algaren agerpenarekin lotutako ondoriorik zuen kasurik.

Bainularien artean kezka piztu zuten karabelek. Donostiako Udalak, kasurako, protokolo bat jarri zuen martxan. Ez da lehenengo aldia: 2010eko eta 2011ko udan hainbat karabela portuges iritsi ziren Gipuzkoako uretara, eta duela bost urte ikusi ziren azken aldiz euskal kostaldean. Marmoka itxura duen espezie hori Ozeano Bareko eta Indiako ozeanoko ur tropikal eta subtropikaletan eta Ozeano Atlantikoko Golkoko itsaslasterrean ibili ohi da. Baina, batzuetan, Euskal Herriko kostan ere agertzen da. Taldeka lekualdatzen da, itsasoaren azaletik mugituz, eta kolonia erara bizi da. Karabela portugesaren garroak perla itxurakoak dira. Perla bakoitzak zelula pikante espezializatuak ditu (nematozistoak), eta ziztada biziki mingarriak egiten dituzte, horien erredura osinarena baino biziagoa baita, eta shock egoera eragin dezake uretan biktimengan.

Karabela agertzeagatik eta eguraldi txarra egin izanagatik, hondartzetan iaz baino %30 herritar gutxiago bildu dira udan. Erakunde ofizialek kalkulatu dute 940.000 pertsona izan direla hondartzetan aurten.

Euskara

Euskararen aurkako «oldarraldia»

Donostiako Uliazpi fundazioko langileak, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko egindako protesta batean, martxoaren 2an, Donostian. BERRIA

Hizkuntza eskubideen aurkako erasoak ere izan dira urte honetan. Donostiako Uliazpi fundazioaren auzia izan da, besteak beste, kasu entzutetsuenetariko bat. Fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko hasitako prozesuaren kontrako ebazpena eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Kontratazio prozesuan erabaki zen 32 zaintzailek euskaraz jakitea. Hain zuzen ere, B2 titulua eskatu zieten; beste bi postuetan, berriz, euskara meritu gisa aintzat hartzea onetsi zen. Epaiak ebatzi zuen ezin zirela «lehenetsi» euskara normalizatzeko planaren bidez ebatzitako neurriak.

Handik gutxira, beste epai bat atera zen argitara, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiarena hori ere: ebatzi zuen «inposizioa» dela eskolako garraio zerbitzuak emateko kontratazio publiko baterako hautatu den enpresa bateko langileei euskaraz jakin dezatela eskatzea administrazioarekiko hartu-emanetarako. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak oso larritzat jo zuten epaia, eta adierazi zuten «botere judizialaren oldarraldiaren» beste urrats bat dela. Euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortari aurre egitea aldarrikatu zuten, eta azaroaren 4rako Bilbon manifestaziora deitu. Kontseiluak deituta, milaka pertsona bildu ziren Bilbon, egoera eta neurriak salatzeko.

Uliazpiko auzia salatzeko, aldundiko, Donostiako Udaleko eta Uliazpi fundazioko langileek protesta egin zuten Donostian, foru aldundiaren egoitzaren aurrean. Nabarmendu zuten euskararen normalizazioaren aurkako epaiek «zuzenean» eragiten dietela udal eta foru langileei; bereziki, hizkuntza eskakizunen alorrean. «Guk, langile moduan, ikusten dugu gure hizkuntza eskubideak ez daudela bermatuta, ez zaigulako aukerarik ematen zeharo inguru euskaldun bat sortzeko. Gainera, herritarrek ez daukate bermatuta administrazioarekin izan dezaketen harremana eta arreta».