Duela hemezortzi bat urteko kontua da. Aizkorritik behera Urbiarantz gindoazen lauzpabost lagun. Hamar bat urteko artzain prestu bat fortunatu zitzaigun bidean eta berriketan lotu ginen harekin. Argi utzi zigun ondo ezagutzen zituela artzainaren zereginak; baita nekez ezagutuko genuela bera baino artzain jakintsu eta trebeagorik ere. Eman behar Txomin Agirreren Garoa eleberriko Joanes berraragitua geneukala aurrean. Hura zen mutila, hura!
Solasa amaitu eta bideari berriro ekinda, lagun taldeko kide batek, Iñaki Segurola idazle ezagun zenak, laineza hitza aipatu zuen solaskide izan berri genuen mutil koxkorraren jarrera deskribatzeko.
Hura izan da laineza hitza entzun dudan aldi bakanetako bat, horretaz kontziente izanda bederen, eta uste dut, neurri batean, horregatik daukadala oraindik ere gogoan pasadizoa. Ordurako irakurria nuen hitza, eta geroago ere agertu izan zait hainbat irakurketatan (Lanartearen Laineza. Kultura haragi bizitan liburu kolektiboaren izenburuan, adibidez). Baina ahoz gutxitan entzun dut, eta erabili inoiz ez.
Harrokeriaren antzekoa da laineza, baina ezin da erabateko sinonimotzat hartu, harrokeria mota bat baita, haurrei eta gaztetxoei lotua gehienetan, ezjakintasunean eta inozotasunean oinarritua, motibo sendorik gabekoa, baina asmo txarrik eta handikeria hutsalik gabekoa. Sinonimorik izatekotan, nire ustez, haixea du, laineza hartuta dabilen haurraz haixetuta dabilela ere esan ohi baita.
«Bernardo Atxagak aspaldi aipatu zuen «erresonantzia kaxa» falta zaio
‘laineza’ hitzari, ondo egokitzen denean, ‘harrotasuna’ hitza paretik kenduta,
berea behar lukeen lekua hartzeko»
Hori guztia esanik —barka aipamen autobiografikoaren eta azalpen sasi-filologikoaren atrebentzia—, gehituko dut laineza hitza izan dugula hizpide, oraindik orain, Euskal Txiosferako hainbat kidek —izenak aipatzeko leku faltan, goraintziak hemendik denei—, eta horri esker jakin ahal izan dudala hitza ez dagoela, antza denez, erabat galdua, badela oraindik ere hitzetik hortzera naturaltasun osoz erabiltzen duenik. Poztekoa da.
Baina iraungo ote du hitz horrek, idatziz jasotako lekukotasunetatik, idazle filologizatu —eta pedante— bat edo besteren testuetatik eta euskararen bizpahiru frikiren solasetatik aparte? Ez dauka erraza. Gaitz erdi beste hitz askoren kasua ez balitz (esate baterako, Ainize Madariagak antzeko gisan du oraindik orain aipatua iharduki hitza BERRIAn). Edo hizkuntzarena berarena. Horrelako hitzak hizkuntzaren myse en abime argiak baitira.
Bernardo Atxagak aspaldi aipatutako «erresonantzia kaxa» falta zaio laineza hitzari, ondo egokitzen denean, harrotasuna hitza paretik kenduta, berea behar lukeen lekua hartzeko. Ez du durundi nahikoa egiten, ez du nahikoa oihartzun, bizirik irauteko. Telebista piztu, zinemara joan, liburu dendetako erakusleihoei begiratu edo tabernetako musikari erreparatzea aski da hutsunea non dagoen jabetzeko.
Euskarak eta euskal kulturak egunero jasaten duten «Gernika kulturala» salatu berri du Jon Maia Soriak. Maiak berak esana da «superpotentzia emozionala» garela, eta halaxe erantzuten diogu —ez laineza gutxirekin batzuetan— eguneroko «Gernika kultural» horri. Baina ez ote liguke beste oilar batek egingo kukurruku «superpotentzia kultural» gisa erantzungo bagenio? Ari al gara horretan? Zer neurritan?
Lainezaz laineza, akabuko apaltasuneraino. Horrela laburbil daiteke gizakiaren bizitza, haurtzarotik heriotzaraino. Euskara eta euskal kultura ere ez ote ditugu, lainezaz laineza, akabuko apaltasun sakonerainoko bidean?