Ontzigintza tradizionala berreskuratzen

Ontzigintza tradizionala berreskuratzen

Albaola Itsas Kultur Faktoria espazio berritzaile bat da, Pasai San Pedron dagoena eta euskal itsas teknologia berreskuratzeko eta dagokion balioa emateko helburua duena. 26 urte igaro dira Albaola sortu zenetik, eta haren helburu nagusietako bat «itsas ondarea babestu eta ezagutaraztea» dela adierazi du Enara Novillo Albaolako Harreman Publikoetako arduradunak. Horretarako, hainbat ardatz lantzen ditu Albaolak. Aprendiztegi da horietako bat, Nazioarteko Ontzigintza Tradizionaleko Eskola. 2017an abiatu zituzten ontzigintza tradizionaleko ikasketa horiek, eta, ordutik, arotz asko eta asko igaro dira Albaolako tailerretatik. Gaur egun, hamahiru ikasle ari dira bertan ontzigintza tradizionala lantzen.

Aprendiztegiko eskolei Ameriketako Estatu Batuetako giroaren traza hartzen dio Novillok. Izan ere, Albaolako presidente Xabier Agotek Mainen (AEB) ikasi zuen, Lance Lee-ren Apprenticeshop Ontzigintza Tradizionaleko Eskolan. Novillok azaldu du AEBetan bizitako esperientzia «oso garrantzitsua» izan zela Agoterentzat, eta, horregatik, Lance Leeren eskolan dago oinarrituta Aprendiztegi. «Hortik dator ideia», esan du Novillok.

Albaolako ontzigintza tradizionaleko ikasketak doakoak dira, eta bertan aritzeko «motibazioa eta konpromisoa» eskatzen direla nabarmendu du Harreman Publikoetako arduradunak. Hiru urteko ikasketak egiten dituzte Aprendiztegin trebatzen diren arotzek, eta, besteak beste, tamaina ezberdineko ontziak eraikitzen dituzte. Orokorrean, Albaolan bertan aritzen dira lanean, baina badira Pasaiatik kanpo egiten dituzten jarduerak ere; ikasten dutenari lotutakoak, betiere.

Horrez gain, Aprendiztegin «nazioarteko komunitate» moduko bat sortzen dela azaldu du Novillok. Mundu osotik etorritako arotzak biltzen dira Pasaiako tailerretan, eta elkarri transmititzen dizkiote ezagutzak. Izan ere, hirugarren mailako ikasleek bigarren mailakoei irakasten diete, eta bigarren mailakoak, berriz, lehen mailakoez arduratzen dira. Jatorriari dagokionez, Novillok adierazi du askotariko tokietako ikasleak izan direla: suitzarrak, frantziarrak, italiarrak, ipar irlandarrak, brasildarrak, alemaniarrak, greziarrak eta belgikarrak, besteak beste.

Novilloren ustez, Albaola helburua betetzen ari da, denborarekin; ondarea babesten eta proiektua ezagutarazten, alegia. Hark dioenez, Ontziola museoarekin eta babestu eta sortzen dituzten ontziekin elkarlanean bete dituzte helburuok. Hala ere, uste du proiektuaren «hanka bat» falta zitzaiela hasierako helburuei: «Ontzigintza tradizionaleko ogibidea ez galtzea».

Hain zuzen, etorkizunean ogibideak bizirik segituko duela bermatzeko abiatu zuten Aprendiztegiko ontzigintza tradizionaleko eskola. «Behar bat zegoen, premiazko behar bat. Ogibidea galtzear dago, bai hemen eta baita beste leku askotan ere. Belaunaldi berriei ontzigintza tradizionala irakatsi behar genien, ogibidea ez galtzeko. Jardun honetan aritzen diren pertsonak falta dira, eta behar-beharrezkotzat daukagu jendeari ofizioa irakastea, haiek eutsiko baitiote lanbide honi etorkizunean». Horregatik, hain justu, ezinbestekotzat dauka eskola Harreman Publikoetako arduradunak. Dena den, nabarmendu du «zalantzak» izan zituztela ontzigintza eskola abiatu zutenean, ez baitzekiten jendeak eurengana joko ote zuen ikastera. Denboraren poderioz, baina, ikusi dute badagoela jardun horren gaineko interesa duen jendea.

Proiektuak

Novillok kontatu du Albaolak hainbat proiektu dituela esku artean gaur egun. Alde batetik, XIX. mendeko traineru bat egiten ari dira, Orioko Mutiozabal ontziolan aurkitutako plano batzuk eredutzat hartuz. Bestalde, itsas salbamenduko ontzi bat egiten ari dira, Gipuzkoa izendatu dutena. San Juan baleontzia egiten ere jarraitzen dute gaur egun. XVI. mendeko euskal baleontziaren erreplika bat egiten ari dira, 28 metrokoa.

Dohaintza bat ere badute: Lander II izeneko ontziarena. Ontzi hori Cadizen (Espainia) bizi den euskaldun batena dela esan du Novillok. Albaolara jo zuen euskaldun hark, eta kontatu zuen bere aitonaren egurrezko ontzi bat zuela, eta ez zekiela zer egin harekin, ez baitzekien ontziak zaharberritzen. Ontzia Albaolan dago orain, eta Aprendiztegiko ikasleak ari dira lantzen.

Aprendiztegin trebatzen ari diren arotzetako bat da Oibar Olano asteasuarra. Hirugarren mailako ikaslea da, eta abuztuan bukatuko ditu Albaolako ikasketak. Txikitatik egurrarekin ibili dela azaldu du, haurra zenetik gustatu izan baitzaizkio ontziak. Albaolako esperientzia «oso ona» dela aitortu du. «Asko ikasten ari naiz». Zehaztu du ofizioa «berezia» dela, beste lanbide askotan lantzen ez diren gauzak egiten dituztelako. Denbora igaro ahala ikasiz joan direla dio Olanok; praktikatu ahala, batez ere. Oraintxe, XIX. mendeko traineruarekin ari da lanean.