Abandonaturiko haurrari egiten dio erreferentzia haur esposito izendapenak. Kanpora ateratakoa. Horixe esan nahi du latinez esposito hitzak; sasikoak, sasikumeak, kaxakoak, tornuko umeak, bizitzaren une jakin batean atzean utzi beharrekoak… XVI. eta XIX. mendeen artean, Europan milioi bat haur izan ziren abandonatutakoak. Euskal Herrian, ordea, gutxiago izan ziren. Landa guneetan, familien egiturak izango zuen horretan eraginik. Izan ere, XVIII. mendera arte handiak ziren bertan bizi ziren familiak, eta ezkontzatik kanpo jaiotzen ziren haurrak familia handi horietan mantentzen ziren. Gipuzkoan izan zen abandontatutako haur horientzat babesleku bat: Zizurkilgo Fraisoro sehaska etxea. 1903an zabaldu zuten, eta milaka haurren sehaska izan zen 91 urtez. 1994an itxi zuten eraikina, zuen kokapenagatik eta handiegi geratu zela iritzita.
Gipuzkoan XIX. mendean hasi zen espositoen laguntza sarea osatzen. Tolosan, Donostian, Azkoitian, Azpeitian eta Arrasaten tornu bana jarri zuten. Komentuetako atarian haurrak uzteko erabiltzen zen ate birakariari esaten zitzaion tornu. Paretan sartuta zegoen kutxa bat zen, pisua atzematen zuenean kanpaitxoa jotzen zuena. Honela, haurra bertan uztean, kanpaitxoaren soinuak abisua ematen zien mojei. Tornuak ixteak, haurren jatorriaren anonimotasuna deuseztatzeko aukera ekarri zuen, haur horren gurasoak zein ziren identifikatzekoa.
[articles:2118891]
1903ko uztailaren 30ean zabaldu zen Fraisoro sehaska etxea Zizurkilen, Fraisoro izeneko Nekazari Eskolaren lurretan. Urte gutxiren buruan geratu zen txiki etxe hura, eta, 1913ko otsailean, gela berri bat egin zuten, erditzear ziren emakumeentzat eta ama izan berrientzat, harik eta 1921ean ama etxea estreinatu zen arte. Bai Fraisoroko sehaska etxea, bai ama etxea, eredu bihurtu ziren Europan, lan egiteko modua zela eta.
Erdiak, gipuzkoarrak
Orotara, 12.000 bat haurren lehen bizitoki izan zen Zizurkilgo sehaska etxea. Erditzear ziren emakumeei dagokienez, 3.500 inguru ziren Fraisorotik igarotakoak, eta iristen ziren emakumezkoen erdiak ziren gipuzkoarrak. Horietako asko, haurra berehala utzi eta etxera bueltatzen ziren, baina baziren etxera bueltatu ordez Fraisoron geratzeko hautua egiten zutenak ere –hala nahiago zutelako, edota itzultzea ezinezkoa zitzaielako–. Ama ezkongabe horiek, bost urtez inude moduan geratzeko aukera izaten zuten, soldata baten truke. Ondoren, haurrarekin batera, edo haurra bertan utzita, kalera ateratzeko pausoa ematea egokitzen zitzaien.
Haur espositoen sarean, barruko inudeak zein kanpokoak izaten ziren. Barruan zeuden inudeek, Fraisoron bertan bizi ziren esneko haurren edoskitze prozesuan egiten zuten lan, eta kanpoko inudeak, aldiz, euren haurra galdu berria zuten emakumeak izaten ziren batez ere, ezkonduak eta haurra edoskitzeko ondo zeudenak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak haur espositoak etxean hartu eta edoskitze lanengatik soldata ordaintzen zien familia haiei lehen zazpi urteetan. Haurrak 7 urte egindakoan, aldundiak edoskitze lanengatik ematen zuen soldata eten egiten zuen. 1960ko hamarkada amaierara arte, erditzean edo handik gutxira haurra galtzen zuten ama gehienek haur esposito bat hartzen zuten edoskitzeko. Baziren, halaber, bi aldiz abandonatzen ziren haurrak ere. Izan ere, familiak aldundiak ematen zuen soldata jasotzeari uzten zionean, etxeko epela galdu behar izaten zuten haur askok. Umezurztegira itzuli behar izaten ziren horiek.