Harrera beroa familiara

Harrera beroa familiara

Familia edo ingurune ezegonkor bat duten haurrei leku seguru eta egonkor bat ematea. Hori da harrera familiek daukaten helburu nagusietako bat. Geroz eta gehiago daude, baina, hala ere, beti dago aterpe egokia behar duen haurrik. Gaur egun, Gipuzkoan 325 ume daude harreran, 271 familiatan. Beste 70 ume, ordea, harrera beharrean daude oraindik. «Askotan, hori da falta dena: harrera egingo dieten familiak. Nik familiak animatuko nituzke gutxienez informatzera. Askotan, beldurrak paralizatu egiten gaitu horrelako kasuetan, eta ez dugu behar bezalako informazioa eskatzen, gero erabaki ahal izateko», dio Virginia Peñak (Hernani, 1968). Beroa Gipuzkoako harrera familien elkarteko kidea da, eta baita harrerako ama ere.

Askotarikoak izan daitezke harrera familiak. Hain zuzen, Peñak azaldu du ume bakoitzarentzat egokia izan daitekeen familia bat aurkitzea dela helburua: «Familia batzuk hobeto egokituko dira ume nagusiagoetara edo txikiagoetara, beste batzuek seme-alabak izango dituzte, eta egongo dira guraso bakar batez osatutakoak ere. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu».

Horrez gain, zenbait harrera mota daude. Batetik, larrialdikoak daude. Izan ere, instituzioen tutoretzapean dauden 3 urtetik beherako haurren kasuan, legeak zehazten du instituzioen tutoretzapeko bihurtzen direnean harrera familia batera joan behar dutela, harrera zentro batera beharrean. Behar horiei erantzuteko, ume horiek hartzeko prest dauden familien «larrialdi poltsa bat» izan ohi dute, Peñak azaldu duenez.

[articles:2118973]

3 urtetik gorako haurrak, normalean, harrera zentroetara edo tutoretzapeko etxebizitzetara joaten dira, eta, handik, harrerako behin-behineko familietara zein behin betiko familietara joan daitezke. Horrez gain, badaude «familia zabalak» izeneko harrerak: «Hau da, umearen familia biologikoaren senideek egiten dute harrera: amona-aitonek, osaba-izebek, lehengusuren batek…». Badago beste harrera mota berezi bat ere: familia espezializatua. Normalean, behar bereziak dituzten umeak bidaltzen dituzte familia mota horietara, eta, harrera mota hori egiteko, familiako kide batek gutxienez prestakuntza espezializatua edo profesionala izan behar du. Dena den, Peñak azaldu duenez, familia guztiei ematen zaie babes profesionala. 

Virginia Peña, Beroa Gipuzkoako harrera familien elkarteko kidea, Hernanin, asteartean. JON URBE/FOKU

Beroa elkarteko kideak nabarmendu du «interesgarria» dela harrera familia horretako kideek beren burua formatzen jarraitzea: «Batez ere, jakiteko haurrak zer zailtasun dituen. Esaterako, zergatik izan duen kasketaldi bat momentu jakin batean, zergatik ez duen helduekin egon nahi batzuetan… Alde horretatik, umea ulertzeak dakar emozioak hobeto kudeatzea. Kontuan izan behar dugu ume horiek min emozional bat daukatela hona etortzen direnean. Izan ere, harreran interesa daukaten familiei oinarrizko formakuntza bat eman ohi diete lehenengo. Prestakuntza hori jaso ondoren, familiak erabakiko du harrera familia izateko eskaera aurkeztu nahi duen, eta, horren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuek familiaren ebaluazio bat egingo dute, egokia den edo ez erabakitzeko.

Bi familia

Aldundiaren balorazioa positiboa bada, prozesua modu gradualean doa aurrera. Normalean, lehenik, umeak familia ezagutzen du; gero, pixkanaka, familia haren etxean egun batzuk igarotzen hasten da, denak batera bizi arte. 

Haurrek, beraz, bi familia izaten dituzte: biologikoa eta harrerakoa. Umearen osasun emozionala kontuan hartuta, garrantzitsua izan ohi da ezohiko egoera modu egokian kudeatzea, baina Peñak esan du normalean umeak izaten direla egoera horrekin arazo gutxien eduki ohi dituztenak: «Batzuetan, naturalenak umeak beraiek izaten dira. Zerikusi handia du helduok ematen dizkiegun mezuekin. Bi familiek egoera onartzen badute eta errespetuz jokatzen badute, kudeaketa errazagoa izango da. Arazoak helduon aldetik etortzen dira normalean, egoera ulertu edo onartzen ez dugunean». Hain zuzen, Peñak adierazi zu profesional batek ikuskatzen dituela familia biologikoekin eduki ohi dituzten bisitak, umeei mezu nahasgarriak ez emateko.

«Arazoak helduon aldetik etortzen dira normalean, egoera ulertu edo onartzen ez dugunean».
VIRGINIA PEÑA Beroa elkarteko kidea eta harrerako ama

Agur esateko ordua izaten da harrera familia askoren beldur handienetariko bat. Peñak, ordea, esan du esperientzia ez dela «beldurrez» bizi behar. Seme-alaba biologikoekin gertatu ohi denaren antzekoa gertatzen dela uste du: «Seme-alaba guztiek, harrerakoek zein biologikoek, habia uzten dute. Batzuek lehenago, eta beste batzuek geroago. Egia da harrerakoek batzuetan lehenago alde egiten dutela, baina horrek ez du beti esan nahi harremana hor apurtuko denik. Beste senide bat bihurtzen zara askotan».

Tabuak, oraindik ere

Oraindik ere harrera prozesuen inguruan «ezezagutza handia» dagoela azpimarratu du Peñak. Hura 2012. urtean egin zen harrerako ama, eta, nabarmendu duenez, garai hartan ere ikastetxean ez zekiten harrera «zer zen ere» harrerako alaba eskolara eraman zuenean: «Gure bidez ezagutu zuten». Gaur egun kontzeptua ezagunagoa den arren, oraindik «tabu gisa» hartzen dela dio: «Beroak zein aldundiak kanpaina asko egiten dituzte gaiaren inguruan, saiatzen gara gaia zabaltzen, baina jendartean oraindik ez da normalizatu».

Dena den, harrerako guraso izatea, oro har, «atsegingarria eta interesgarria» da Peñarentzat: «Umea heztea, eta hari heziketa eta afektua ematen diozun heinean modu osasuntsu batean hazten dela ikustea oso aberasgarria da. Erakustea zu hor egongo zarela, baldintzarik gabe, eta itzela dela ikustea zure laguntasunaren bidez bizitzan dituen arazoak nola ebazten dituen». Kontrako norabidean, umeek harrerako familiari «asko» erakusten diotela ere nabarmendu du, eta gauza «oso politak» ekartzen dituztela: «Barnean sentimendu oso handi bat sentitzen duzu».