Maritxu Amenabarro (Anoeta, 1999) 8 urte zituela hartu zuten harreran, 14 urteko ahizparekin batera. Guraso biologikoekin izandako bisitak izan ohi ziren harentzat momentu zailenetariko batzuk, eta horiei buruzko Ez nago bakarrik liburua idatzi du orain, umeentzat egokituta.
8 urte zenituela hartu zintuzteten harreran ahizpa eta biok. Nolakoa izan zen prozesua?
Harrera familiak hartu baino lehen, bi urtez egon ginen harrera etxe batean. Itxoin egin behar duzu familia batek zu hartzeko. Garai horiek gogorrak dira, eta, esaten dizutenean familia bat prest dagoela zu hartzeko, itzelezko poza da. Azkenean, harrera etxean zaintzaileak dituzu, baina egunero pertsona ezberdinak dira. Kaotikoa da, ez baitaukazu erreferente finkorik.
Bisitetan zentratu duzu liburua. Nolakoak izaten dira?
Momentu polit bat izan daiteke, baina oso urduri joaten zara. Ez dakizu inoiz zer pasatuko den. Gure kasuan, esaterako, nire gurasoek ez zekiten non bizi ginen, ez zeinekin. Hiru astetik behin ikusten nituen gurasoak, bi orduz, gela batean itxita. Ezin genuen kalera atera, eta ikuskatzaile bat zegoen gurekin. Sartu baino lehenago esaten zidaten ezin niela gurasoei esan norekin bizi nintzen, ezta non ere. Beraz, etengabe kontrolatzen zabiltza zer esan dezakezun edo ez. Eta isilik geratzen zara, hanka sar dezakezu eta. 8 urtetik 17ra arte isilik egoten nintzen bisita guztietan, eta aita haserretu egiten zen, normala den bezala, jakin nahi baitzuen non eta norekin bizi ginen.
«Banaketa horrela egiten dut: gurasoei aita eta ama deitzen diet, eta harrerako aitari, Aitor. Jendeak ez du ulertzen, baina hala da. Ez da ezer ulertu behar; nik hala sentitzen dut, eta kito»
Liburuko protagonistak, Ametsek, nola egiten die aurre egoera horiei?
Istorioan, Ametsek esaten du zerbait daukala barruan, pisu handia daukala; eskolan gaizki dago, ez du ondo jaten, ez du ondo lo egiten… Harrerako tutoreak azkenean esaten dio lasai kontatzeko zer pasatzen zaion. Sentitzen duena kanporatzen duenean eta negar egiten duenean, askoz hobeto sentitzen da.
Esan izan duzu zure esperientzian oinarritu zarela.
Bai. Nik sentitu izan dut hori. Leialtasun gatazka bat duzu. Zu gustura zaude harrera familiarekin, baina ez diezu esan nahi zure gurasoekin ondo moldatzen zarela. Edo gurasoei ez diezu esan nahi oso ondo zaudela harrera familiarekin. Barruan gordetzen duzu dena.
Zer harrera izan du liburuak?
Aurkezpenean, oso harrera ona izan zuen. 8 urteko bi ume etorri ziren, eskerrak ematera. Ametsekin identifikatuta sentitzen ziren, eta esan zidaten gauza bera pasatzen zitzaiela. Emozionatu egin nintzen. Helduak ere etorri ziren eskerrak ematera. Esan zidaten tresna bat eman niela, harrera guraso gisa zaila egiten baitzaie haurrekin hitz egitea.
Gaur egun harrera familiarekin jarraitzen duzu?
Bai. Hemen familiakoa sentitzen naiz; bi familia ditut. Banaketa horrela egiten dut: gurasoei aita eta ama deitzen diet, eta harrerako aitari, Aitor. Jendeak ez du ulertzen, baina hala da. Ez da ezer ulertu behar; nik hala sentitzen dut, eta kito.
Haur txiki bat ere hartu duzue harreran etxean. Nolako esperientzia izan da?
Larrialdiko harrera egin diogu, lau hilabete zituenetik hamar hilabete bete arte. Agur esatea gogorra da, baina zuk umearengandik jasotzen duzuna eta zuk umeari ematen diozuna beste maitasun mota bat da, oso polita.