Tribunalek nola jo, administrazioak hala dantza. Horrela gabiltza azken bolada luzean Euskal Herrian. Batez ere Hego Euskal Herrian. Iparraldean, dena dela, nahikoa dute dutenarekin. Epaileak enperadore. Izenak ez baimentzen, Hizkuntza Eskakizunak diskriminatzaileak direla ebazten, euskara munduko hizkuntzarik zailena dela esaten… Horrela dihardute Espainiako justiziako langile horiek, oldarraldi hutsean. Izenarenak tontakeria emango du, baina sinbolismo handia dauka, frankismoko kontuak direlako. Demokrazia betean, hizkuntza koofizialean (noizko subofizial izendapena?), ezin nahi den izena jarri alabari, ezin bermatu euskaldunon eskubideak langile publikoekin harremanetan jartzeko. Marka da, gero!
Ia astero daukagu halako sententziaren bat. Azkenak ―artikulu hau idatzi denean―, Donostiako udaltzainen egonkortze prozesuan B2 eskatzea diskriminatzailea dela ebatzi du.
Donostiako Udalaren alde oraingoan, beste epai bat ere izan da. Udaleko digitalizazio kartografiko langile biei 2. Hizkuntza Eskakizuna ezarri zieten. Oraingoan, epaileak ebatzi du behargin bi baino ez izanda, sail horretan beharrezkoa dela biek izatea profila, bakarrik geratuz gero, publikoa artatzeko. Bikain. Baina ez ote da kontu bera gertatzen udaltzainekin? Badakigu, Donostia bezalako hirietan, plantilla zabala dutela udaltzaingoek ―nork asmatu zuen txarto jarritako izen hori?―, eta orduan, epaiaren arabera, inoiz ez dela bakarrik egongo euskarazko eskakizuna ez daukana. Horrek funtziona lezake bulegoan, edo beste lan arlo baten, baina justu polizia munizipalak kalean dabiltzanean, ez dabiltza binaka, edo ez beti, behintzat. Guardia zibilak balira, agian funtzionatuko luke ―hozkirria eragiten dit Guardia Zibilak eta hizkuntza eskakizunak esaldi berean idazteak― beti binaka dabiltzalako. Baina munizipalak? Zelan komunikatu euskaraz isuna jartzen dabilen poliziarekin? Profilduna ote da, ala epaiketa irabazitakoa? Nola bermatu langile publiko horrek, kalean bakarrik dagoenak, euskaraz erantzungo didala? Ezin! Beraz, argudio biak kontrakoa adierazten dute.
«Zelan komunikatu euskaraz isuna jartzen dabilen poliziarekin? Profilduna ote da, ala epaiketa irabazitakoa? Nola bermatu langile publiko horrek euskaraz erantzungo didala? Ezin!»
Ez dakit konturatu zareten, baina oldarraldiko sententzia horietako asko udaltzain lanpostuei dagozkie. Momentu honetan, administrazio publiko guztiak egonkortze prozesuetan sartuta daude, baina beste lanpostuen gaineko sententzia gutxi egon dira konparazioan. Bitxia zait.
Horri guztiari bueltaka nenbilela, udaltzaingoa eta sententzia berbak lotuta zekartzan beste albiste baten berri izan nuen: epaile batek derrigortu du Zarauzko Udala pistolaz hornitzen euren udaltzainak. Aurretik, Eibarko Udala derrigortu zuen beste batek. Pistolen kontu hori aspalditik dator. Antza denez, Espainiako lege batek behartzen du biztanle kopuru jakin batetik gora duten udalerrietako udaltzainak pistola eramatera.
Agenteek eurek jarritako helegitea izan da, itxuraz. Pistola eroan nahi dute, horrek dakarren guztiarekin: istripuak, egoera arriskutsuetan erabili beharra… Ze nezesidade? Eredu estatubatuarra da polizia mota hori, ez munizipal tradizionala. Gero eta poliziago, aguaziletik urrunago. Laguntzeko baino gehiago, inposatzeko.
Hemendik aurrera pistoladun munizipal ez-profildunak patruilatuko dituzte gure kaleak. Ausartuko ote gara eurei euskaraz zuzentzen? Hobeto ez!