Goiburu, berriz ere oholtzan

Goiburu, berriz ere oholtzan

Orain hamabi urte hil zen Florentino Goiburu bertsolaria, 79 urterekin. Oraindik ere gogoan dute askok. Idiazabalgo Bertso Taldeko Oier Irizarrek, esaterako, «Idiazabalen jaio eta bizi izan den bertsolaririk garrantzitsuena» izan zela dio. «Badira kanpoan jaio eta hona etorritakoak, baita hemen jaio eta kanpora joandakoak ere, baina bizitza guztia Idiazabalen egindakoen artean entzutetsuena izan da Florentino». Goiburuk utzi zuen lorratzagatik, hain zuzen ere, bertsopaper lehiaketa bat sortu dute lehen aldiz Idiazabalen, eta Florentino Goiburu jarri diote izena. Urtarrilaren 12an zuten parte hartzaileek bertsoak aurkezteko azken eguna, eta bihar jakinaraziko dute irabazlearen izena, herriko San Blas jaietako azken egunean.

Irizarren arabera, herriko bertsolari maitatuenetako bat zenez gero, hura ezagutarazteko baliatu nahi dute lehiaketa. Lanbidez, artzaina eta gaztagilea izan zen, eta Idiazabal jatorri izenaren aitortza jaso zuen 2007an, herrian bertan. «Batik bat, Goierrin aritu zen bertsotan, inguruko bertsolariekin. Horregatik, uste dut ez dela horren ezaguna hemendik kanpo. Idiazabalen bertan bai, baina Goierrin bertso munduko jendeaz aparte, ez horrenbeste. Eta are urrutiago, zer esanik ez». Irizarrek «errima bizi-biziko eta oso oneko» bertsolari gisa definitu du Goiburu.

Florentino Goiburu, 2007ko Idiazabalgo Gazta Egunean bertso bat kantatzen, Idiazabal jatorri izenaren aitortza jaso ondotik. HITZA

Irizarrek kontatu du Idiazabalen «oso jende gutxi» dabilela bertso munduan. Horregatik, bertsolaritza sustatzeko helburuarekin, hainbat ekintza antolatu izan dituzte azken urteetan: bertso saioak eta, festetan, bertsolariek girotutako hamaiketakoa, adibidez. Segidan, bazkaria ere egiten zuten, baina aurten ez egitea erabaki zuten. Horren ordez, bertsopaper txapelketa antolatu dute.

Lehiaketaren oinarriak

Bi kategoriatan banatu dute lehiaketa: A maila –2008 eta 2011 bitartean jaiotakoena– eta B maila –2007tik gorakoena–. Gazteenek lau bertsoko sorta aurkeztu behar zuten, eta helduek, seikoa. Antolatzaileek esan dute ez dutela A mailako lanik jaso; B mailan, 11 sorta jaso dituzte. Irizarrek zehaztu duenez, 11 sorta horietatik lau idiazabaldarrek egindakoak dira. «Herri honetan ez dago jakiterik. Batzuetan ez du inork parte hartzen, eta besteetan, denek». Bi kategoria horiez gain, Idiazabalgo eskolako haurrekin beste multzo bat osatu dute txapelketatik kanpo. Eskolan bertsolaritza lantzen duten ikasle guztien lanak jaso dituzte horretarako.

«Batik bat, Goierrin aritu zen bertsotan, inguruko bertsolariekin. Horregatik, uste dut ez dela horren ezaguna hemendik kanpo». OIER IRIZAR Idiazabalgo Bertso Taldeko kidea

Antolatzaileak «konforme» daude jasotako bertso sorta kopuruarekin. Irizarrek esan duenez, antolatu duten lehen aldia izanda, lehiaketaren oinarriak ondo zehaztean jarri dute arreta. «Datozen urteetarako lan handi bat aurreratuta dugu dagoeneko. Aurrerago hasiko gara lehiaketari publizitate gehiago egiten».

Luzaroan jarraipena eman nahiko liokete aurten aurrenekoz antolatu duten Florentino Goiburu bertsopaper lehiaketari. Nolanahi ere, lrizarren arabera, San Blas jaietatik aparte egin nahiko lukete sari banaketa, merezi duen garrantzia emateko. «Euskararen Egunaren inguruan [abenduaren 3a] egin nahi genuen txapelketa, baina denboraz larri genbiltzan, eta San Blas jaietara atzeratzea erabaki genuen. Ikusiko dugu datorren urtean noiz egingo dugun».