Zer esana ematen ari da berriro ere Athleticen «filosofia», taldeko jokalari guztiak aldez edo moldez, neurri batean behintzat, euskal herritarrak izatea eskatzen duen hori. Muga lausoak dituzte «aldez edo moldez» eta «neurri batean behintzat» delako horiek, eta pentsatzekoa da, orain arte bezala, etorkizunean ere sortuko dela eztabaidarik horien inguruan.
Munduak daraman martxa globalizatzailean, Athleticen filosofia zaharkituta geratzeko arriskuan ikusten dut. Gure artera etorritako edonori aitortzen badiogu, hemen bizitze hutsarekin, euskal herritartasuna edo euskaltasuna, zergatik ukatu halakorik Athleticek fitxatutako edozein atzerritarri? Baina atzerritar oro izan badaiteke euskal herritarra Bilbon bizitzen haste hutsarekin, non geratzen da Athleticen filosofia?
Gaurko munduan, jatorria, abizena, ezaugarri etnikoak, bizilekua eta gisako adierazleak gero eta aldakorragoak dira eta haiekiko lotura gero eta arinagoa eta lausoagoa. Euskara da, panorama horretan, euskaltasunaren ezaugarri sendo, ziur eta eztabaidaezin bakarra, gero eta sendo, ziur eta eztabaidaezinagoa.
Zer egin, hortaz? Erraza: euskaraz dakitenak, barrura zuzenean; eta ez dakitenei konpromiso txiki baina sendo eta esanguratsua eskatu euskararekiko, euskaltasunaren ezaugarri eztabaidaezinenarekiko: astean hiru ordu euskara ikasten, eta jendaurreko agerpenetan ahalegintxo batzuk egin.
Zer egin, hortaz? Erraza: euskaraz dakitenak, barrura zuzenean; eta ez dakitenei konpromiso txiki baina sendo eta esanguratsua eskatu euskararekiko
Horrela, mundu osoko jokalariak fitxatu ahal izango lituzke Athleticek, euskararekiko borondate pixka bat izatea beste eskakizunik gabe, euskaltasunari hain estu lotutako bere filosofiari eutsita. Eta inor nagi agertuz gero euskararen kontuarekin, nahikoa litzateke ondo esplikatzea zer pribilegio izan ditzakeen, euskara ikasiz gero, Euskal Herriko ludoteketan (Orkoiengo alkate Alejandro Lopezen adierazpenak erakutsita), edo, zaletasun jantziagoak izanez gero, zein plazer handia den gure sukaldari onenen literatura jatorrizko hizkuntzan dastatzea (Soledad Cruz-Guzmán PPko parlamentarioaren adierazpenak erakutsita).
Alavesek, Osasunak eta Realak ere egin dezakete hori. Zergatik ez? Eta, eskatzen hasita, horrez gain, eskatuko nieke entrenatzaileen eta jokalarien adierazpen publikoetan euskara zaintzeko norbait izatea, ez dakitenei lehen urratsak ematen laguntzeaz gain, euskaraz ondoen hitz egiten dutenak are hobeto aritzera behartuko dituena (eta ez derrigor batuan), behin eta berriz errepikatzen dituzten akatsak zuzenduz, esate baterako, ea behingoz eta betiko jolasteari uzten dioten jokatzen hasteko, kobratzen dutenarekin zelaira jolastera ateratzea iraingarria baita zaleentzat.
Ez naiz eskatzen ari Espainiako Liga utzi eta Euskal Herrikoa sortzea, euskara hutsezkoa, ezta Galeusca Liga bat eratzea ere, Galiziako eta Kataluniako taldeekin, hori ameskeria hutsa baita, utopia baino gehiago. Izenen aldaketa ere ez litzateke erabaki txarra, Osasunaren kasuan izan ezik, jakina. Baina ulertzekoa da horretan ere ez ausartzea, izena izanaren parte egina dutelako.
Halako erabaki gogor eta polemikorik hartu gabe ere, futbol talde handi eta aberats horiek aukera ugari dituzte «euskararekin bat» egiteko, batzuek beren elastikoetan inoiz erakutsi izan duten lelotik harago. Horretarako proposamen xume batzuk baino ez dira nire hauek.
Goi mailako futbolean, euskara, jokalariak bezala, jokatzen ikusi nahi baitugu zaleok.