Azkoititik eta Zumarragara zuzenean hamar kilometro daude, gutxi gorabehera. Errepidez joanda, baina, Urola ibaiaren ibilgu sigi-sagatsuari jarraituz gero, hemezortzi dira. Izan ere, bide horretan, bihurguneak daude nonahi. Hain zuzen ere, GI-631 errepideak lotzen ditu bi herriak. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, «komunikazio bide nagusietako bat» da errepide hori; «funtsezko azpiegitura Urola ibarraren garapen sozioekonomikorako». Errepidea hobetzeko lanetan dabiltza, eta 21 milioi euro baino gehiago bideratu ditu aldundiak azken urteetan.
2020an autoen eta oinezkoen bideak bereizi zituzten Aizpurutxon (Azkoitia); iaz, hirugarren erreia zabaldu zuten 27. kilometroan, Aizpurutxo eta Urretxu artean. 1,3 kilometroko tartea da batetik bestera dagoena. Autoak aurreratu ahal izateko, laurehun metroko bi tarte ditu bide horrek; noranzko bakoitzean, bana. Orain pare bat aste, Gobernu Kontseiluak beste zabalgune bat egiteko eraikuntza proiektua onartu zuen, 13 milioi euro baino gehiagokoa. Horrek ere 1,3 kilometro izango ditu, eta 23. kilometroan egingo dute, Azkoitia eta Aizpurutxo artean. Egitasmoa orain atera da lizitaziora, 31 hilabeteko gauzatze epearekin. Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuaren nahia da lanak aurten bertan hastea, hiru lerroko hirugarren tartea ere egin nahi baitute aurrerago.
Erabiltzaileek begi onez hartu dute albistea, beharrezkoa dela uste dute eta. Halere, gidarientzat konponketak ez dira nahikoak, aurreratzeko zatiak oso txikiak eta motzak direla jota. Kexu dira, asfaltoan zuloak daudela eta lerroak estuak direla uste baitute.
3.300
GI-631 ERREPIDEA EGUNERO ZENBAT ERABILTZAILEK ERABILTZEN DUTEN. Gutxi gorabehera, 3.300 erabiltzaile baino gehiago igarotzen dira egunero GI-631 errepidetik. Ibilgailu horien %10 baino gehiago ibilgailu astunak dira.
Istripuak ere izan dira. Larriak, batzuk. Azaroan, esaterako, 52 urteko motor gidari bat hil zen, bihurgune batean erori, eta auto batek harrapatuta. Aste batzuk lehenago, kamioi bat Urola ibaira erori zen. Kasu horretan, ez zen hildakorik izan, baina errepidea itxita egon zen hainbat orduz, kamioia berreskuratzeko garabiak errepide osoa okupatzen zuelako eta gainerako ibilgailuek nondik pasa ez zutelako.
Industriarentzat, funtsezkoa
Irune Berasaluze foru aldundiko bozeramaileak proiektuaren nondik norakoak aletzerakoan argitu zuen hirugarren lerroak ez direla abiadura handian gidatzeko, baizik eta era seguruan aurreratu ahal izateko. Hala, segurtasuna eta erosotasuna «nabarmen» hobetuko direla esan zuen: «Urolako eskualdeetan eta, bereziki, Azkoitiko eta Urretxuko udalerrietan, erabat hobetutako errepidea izango dute». Diputazioak «konpromisoa» duela ere gaineratu zuen: «Eskualdearentzat eta lurraldearentzat lehentasunezko zerbait da». Izan ere, bozeramailearen arabera, eskualdeko erreferentziazko ospitalerako —Zumarragakoa— bidea da errepidea, eta baita hainbat zerbitzutarako lotura eta Iraurgi bailarako industriarentzako sarrera eta irteera ere.
«Urolako eskualdeetan, eta, bereziki, Azkoitian eta Urretxun, erabat hobetutako errepidea izango dute».IRUNE BERASALUZE Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea
Aurreikuspenen arabera, bigarren zabalgunea 2026rako egongo da prest. Berasaluzeren hitzetan, bi urte baino gehiago beharko dituzte lanak amaitzeko. «Prozesu luzea» izango dela dio, eta «pazientzia eta ulermena» eskatu ditu horretarako. Emaitzak «hobekuntza itzela» eragingo duela iritzita, mereziko duela esan du. Hirugarren lerroa egiteaz gain, hainbat baserritara sartzeko segurtasun baldintzak hobetuko dira, ezkerrera biratzeko eta galtzada gurutzatzeko itxaroteko erdiko lerro bat gaituta.