Kalean bizi diren pertsonak artatzeko psikologia kontsulta bat, gurpil gainean. Hori da Lotura Giza Garapena Donostiako kooperatibak martxan jarri duen KAM unitatea. Furgoneta batean dauka kontsulta Josema Gomez psikologoak (Errenteria, 1972), eta Donostian, Irunen eta Errenterian egiten ditu hitzorduak etxerik ez daukaten pazienteekin, doan. Etxegabekoek dauzkaten buru osasuneko arazoei erantzuteko asmoz sortu zen proiektua, kooperatibako sortzaile Nadia Fabok (Donostia, 1975) azaldu duenez. Gizarte hezitzailea da, eta esan du Bartzelonan martxan jarri zuten egitasmo batetik hartu zutela ideia: «Furgoneta bat erosi genuen, Josema kontratatu, eta martxan hasi ginen». Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu zuen hasieran, eta orain Eusko Jaurlaritzak eta La Caixa fundazioak bultzatzen dute egitasmoa.
«Proiektuaren indargune garrantzitsuenetako bat mugikortasuna da. Pazienteak ez doaz bulego batera; kontsulta mugitzen da hitzartutako lekura», azaldu du Gomezek. Izan ere, esan du proiektua etxerik ez duten pertsonen egoerara egokituta dagoela, bai mugikortasunaren aldetik, bai bestelako oztopoak gainditzera begira: «Bazterkeria soziala pairatzen dute kalean bizi diren pertsonek, eta, normalean, bulego batera edo erakunderen batera joateko orduan oztopo batzuk gainditu behar izaten dituzte. Ohikoa da horrelako lekuetan segurtasun zaindari baten aurretik pasatu behar izatea, eta, gainera, arreta askoz instituzionalizatuagoa da». Kontrara, Gomezek azaldu du arreta psikologikoa kalean emanda, «erresistentzia txikiagoa» erakusten dutela pazienteek.
Soslaiak, aldatzen
2021. urtean unitatea martxan jarri zutenetik, 65 pertsonari eman diete arreta. Kontsultara joaten direnek, batez beste, 35,6 urte dituzte, baina Gomezek esan du lagin hori oso «polarizatuta» dagoela. Bi soslai bereizi ditu nagusiki: batetik, 20 eta 25 urte bitarteko gizonezko migratzaileak, eta, bestetik, 50 urtetik gorako gizonezkoak, bertan jaiotakoak eta urte asko kalean daramatzatenak. Zailtasun «larriagoak» dituzte horiek, Gomezen arabera. Sexuari dagokionez, alde handia dago: artatu dituzten paziente guztietatik soilik sei dira emakumezkoak. Hala ere, Gomezek ohartarazi du badaudela «etxegabe ikusezinak» ere: «Etxeko langile egoiliar gisa lan egiten duten andreak dira; batez ere, hegoamerikarrak». Kooperatibako kide Fabok gehitu du kalean bizi direnen artean geroz eta gehiago direla etorkinak.
«Proiektuaren indargune garrantzitsuenetako bat mugikortasuna da. Pazienteak ez doaz bulego batera».
JOSEMA GOMEZ KAM unitateko psikologoa
Artatzen dituzten pertsonek egoera ezberdinak dituzte: batzuk kalean bizi dira; beste batzuek aterpe batean lo egiten dute, baina eguna kalean igaro; eta bestetzuk infraetxeetan bizi dira. «Ez dago arrazoi bat bakarra; kalean bizitzera bultzatzen zaituzten arrazoi ugari dago; egoera multifaktorialak izan ohi dira, eta guztiok daukagu aukera egunen batean kalean bukatzeko», adierazi du Fabok. Hark esan duenez, krisi egoera batzuen segidak eragiten du askotan etxerik gabe geratzea. Olatu artean egotearen adibidea jarri du: «Olatu erraldoi batek harrapatzen bazaitu baina gero itsasoa baretzen bada, badaukazu burua atera eta arnasa hartzeko astia. Olatu bat bestearen atzetik badator eta ezin baduzu burua atera, ordea, oso zaila da arnasa hartzea. Jende asko harrapatzen dute olatu horiek: krisi profesionalak, bikotekidearekin gertatzen direnak, existentzialak, gertuko norbaiten heriotzak…».
Faboren arabera, krisi horiek lanpostua galtzea ekar dezakete, esaterako: «Egoera horiek denboran luzatzen direnean, zure inguruko harreman sareak ere ahulduz joaten dira, eta egun batetik bestera ohartzen zara ordaindu ezin dituzun gauzak geroz eta gehiago direla. Horrek emozionalki ere eragiten dizu. Azkenean, bazterkeriaren zurrunbiloan sartzen zara, eta gizarte zerbitzuetara jo beharrean ikusten duzu zeure burua».
Aterperik gabe
Baina nola eragiten du buru osasunean etxerik gabe geratzeak? «Ez die berdin eragiten pertsona guztiei», dio Gomezek, «baina zenbat eta denbora gehiago igaro kalean, orduan eta handiagoa izango da kaltea, eta behin puntu batera helduta, oso zaila da atzera bueltatzea». KAM unitateko psikologoak gehitu du kaleak «kalte handia» eragiten diola pertsonen autoestimuari, eta gehienek babesgabetasun ikasia garatzen dutela. Etxe bat izatea lortu arren, kalean bizitzearen ondorioak sakonak dira, Gomezek azaldu duenez: «25 urteren ondoren kaletik atera zen paziente bat daukat, eta beti gauza bera esaten dit: ‘Buru gainean badaukat aterpe bat, baina nire bihotza oraindik ere etxegabe batena da’».
Josema Gomez KAM unitateko psikologoa, Donostian, paziente batekin terapia saio batean. LOTURA GIZA GARAPENA
Egoera horrek buruko gaixotasunen bat ekartzen die askotan etxegabeei. Hain zuzen, KAM unitateko furgonetako kontsultara joaten diren gehienek depresioa izan ohi dute, edota antsietate krisiak eta alkoholari zein drogei lotutako kontsumoak. Gehienak gizarte zerbitzuek, udalek edo Osakidetzak bideratutako pazienteak dira, Gomezen arabera. Erakunde horietako profesionalek deitu ohi dute kontsultara, edo, bestela, unitateko telefonoa ematen diete kalean bizi direnei. Gero, hitzordu bat finkatzen dute adostutako leku batean, eta furgoneta joaten da hara.
Furgonetan, nola?
Hiru fasetan banatzen da KAM unitatearen lana: elkarrizketa motibazionala, aholkularitza psikologikoa eta psikoterapia. Garrantzi berezia hartzen du etxegabeen kasuan lehenengo faseak, Gomezek dioenez. «Kalean bizi diren pertsonek psikologoarengana joatea baino oinarrizkoagoak diren beharrizanak dituzte: non lo egingo duten, edo janaria nondik aterako duten pentsatzea, esaterako. Horregatik, saio bakoitzean garrantzitsua da pazienteak sentitzea hurrengo saiora itzuli behar duela, onuragarria dela beretzat». Aholkularitza psikologikoaren helburua, berriz, ez da klinikoki pazienteak osatzea, baizik eta laguntzea erabaki egokiak hartzen gizarteratzeko bidean pausoak emateko; pertsona hori gizarte langilearekin daukan hitzordura joatea, edo alkoholaren kontsumoa murriztea, adibidez.
«Bazterkeriaren zurrunbiloan sartzen zara, eta gizarte zerbitzuetara jo beharrean ikusten duzu zeure burua».
NADIA FABO Lotura Giza Garapena kooperatibako kidea
Lehenengo saio bat egiteko konpromisoa hartu ohi du Gomezek, eta lehendabiziko kontaktu horretan pazienteari buruzko informazioa bildu ondoren, terapian jarraitu beharreko bide orria proposatzen dio hari. Batzuetan, saio bateko aholkularitza izaten da, eta, beste batzuetan, epe luzerako terapia. Lau saio egiten ditu paziente bakoitzarekin, batez beste.
Proiektu berritzaileak
KAM unitateak hiru urte daramatza martxan, baina 2019an sortu zen kooperatiba, etxegabekoei zuzendutako proiektu «berritzaileekin». Mariajo Blanco psikologoak eta Fabok sortu zuten, gizarte zerbitzuetan kalean bizi diren pertsonekin 25 urtez lan egin ondoren. «Gure esku hartzeko moduak ez dauka zerikusirik modu paternalista edo asistentzialista batekin», esan du Fabok. «Beharrezkoa da hori ere, baina ikusten genuen oinarrizko beharrizanak asetzearekin ez zela nahikoa, eta erakunde publikoek ez dituztela kalean bizi diren pertsonen beharrizan guztiak asetzen». Argi zuten proiektu «berritzaileak» jarriko zituztela martxan, eta horren adibide da KAM unitatea.
Dena den, badauzkate bestelako proiektu batzuk ere abian. Betilagun programa sortu dute, kalean bizi direnengana haien animalien bidez hurbiltzeko, esaterako. Gipuzkoako Albaitarien Legezko Elkarte Gorenarekin akordio bat dauka kooperatibak, eta, horren bidez, hamabost albaitari zentroko sarea osatu dute Gipuzkoan, etxerik ez dutenen animaliak doan artatzeko, Fabok jakinarazi duenez. «Albaitariarengana joatea aitzakiatzat hartuta, esku hartzeak egiten dira, eta pertsona horrekin elkar eragina sortzen da. Aitzindaria da ekimen hau, eta oso ondo funtzionatu du. Batzuetan, administrazioak identifikatu gabe zeuzkan kasuetara iritsi gara animalien bidez». Aurtengo erronketako bat da programa horiekin jarraitzea, eta KAM unitatearen proiektua hedatzea. «Beste furgoneta bat erosi dugu, bigarrena, zerbitzua beste herrialde batzuetara zabaltzeko».