Gorputz Hezkuntzako irakaslea da Itziar Aldezabal Roteta, Errenteriako Koldo Mitxelena ikastetxean. 21 urte zituenean sartu zen irakaskuntzan. Areto futbolean aritu zen hemezortzi urtez, eta goi mailara iritsi zen kirol horretan: Espainiako Lehen Mailan lehiatu zen, eta bi aldiz izan zen Espainiako Kopako txapeldunorde. Areto futbolean, taldean egin zuen lan, eta taldean aritzearen garrantziaz ohartu zen. Irakurzale amorratua ere bada, eta betidanik izan du idazteko zaletasuna. Orain, Aldezabalek beste urrats bat egin du zaletasun horretan, eta bere bizitzan ikasitako guztia eta bere bizipenak eta esperientziak «haurren mesedetarako» bildu ditu; haiei begirako trilogia bat idatzi berri baitu: Supertxikiak.
Aldezabalek «haurren ahalduntzean» jarri du arreta trilogia ontzeko garaian. Izan ere, egilearentzat, berebiziko garrantzia du haurrek pentsamendua baliatzeak «bizitza hobe bat eraikitzeko» eta «emozioak ondo kudeatzeko». Idazlearentzat garrantzitsua da «hasiera-hasieratik» kontziente izatea pentsamenduek eragina dutela egunerokoan. Egilea sinetsita dago txikitatik hori ikasteak «barne lanean asko aurreratzen» laguntzen duela, eta lanketa hori eskura izatea funtsezkoa da harentzat. «Haurrei hasieratik erakutsi behar diegu beren bizitzaren ardura izaten; sekulako aurrerapena litzateke hori», esan du.
Aldezabalek kontatu du, halaber, trilogiak ikasle eta pertsona guztien «bertsio onena» ateratzea ere baduela helburu; «bai etxean, baita ikastetxean ere». Baina, era berean, uste du gaur egungo gizartearen egoerak eta bizitzeko erritmoak ikasleek duten onena lortzea oztopatzen duela: «Iruditzen zait irakaskuntzak abiadura handia hartu duela azken urteetan, eta ikasleen bertsiorik onena ateratzeko askotan denbora falta dugu, korrika gabiltza, eta goitik gauza asko eskatzen dizkigute».
«Iruditzen zait irakaskuntzak abiadura handia hartu duela azken urteetan, eta ikasleen bertsio onena ateratzeko denbora falta dugu».
ITZIAR ALDEZABAL Idazlea
Haren liburuek gizartearen erritmoari eta horrek sortutako gabeziei aurre egin nahi diete. Bere mezua gorpuzteko, superheroi baten figura darabil: «Gure botereak ezagutzen baditugu eta jakitun bagaude gai garela gure bizitzaren ardura izateko, hori superboteretzat hartzen dut. Haurrek eta helduek lortzen dutenean pentsamenduaren tresna dominatzea, eta gero besteei laguntzea, hor dago superheroiaren istorioa».
Helduak aktibatzen
Haurrei begirako trilogiak helduak eta familiak «aktibatzeko» asmoa ere baduela jakinarazi du Aldezabalek. Izan ere, nabarmendu du haurrek helduengandik ikasten dutela, helduak haien eredu direla. Horregatik uste du helduek ere «beren burua landu» beharko luketela, haurrek 7 urte bete arte irakasleengandik, gurasoengandik eta gertuko helduengandik jasotzen baitituzte bizipen guztiak. «Gurasoek eta irakasleek ere ahaldunduta egon behar dugu haiei ahalduntzeko tresna egokiak emateko, 7 urte betetzen dituzten arte gugandik jasotzen baitituzte bizipen guztiak». Hori dela eta, zazpi urte horietan jasotzen dutena «egokia» izan beharko litzatekeela dio.
Barneko munduaren konkista, Munduaren konkista eta Unibertsoaren konkista dira Aldezabalek trilogian bildu dituen hiru lanak. Lehen liburua helduei begirakoa dela azaldu du. Oinarri batzuk jaso ditu bertan, helduek ere jakin dezaten nola kudea ditzaketen pentsamenduak eta komunikazioa. Sei ipuin bildu ditu lan horretan, helduek txikiei kontatu eta bertatik ikaskuntzak atera ditzaten.
«Gurasoek eta irakasleek ere ahaldunduta egon behar dugu haiei ahalduntzeko tresna egokiak emateko». ITZIAR ALDEZABAL Idazlea
Bigarren eta hirugarren aleak, berriz, «irakurketa autonomora bideratuta» daudela aurreratu du. Bigarrenean, aurretik ikasitako tresnak abenturen bidez ezagutarazten ditu. Eta hirugarrenean, erronkak proposatu ditu, ikasitako guztia praktikara eraman ahal izateko. Atal bakoitzaren bukaeran, gainera, etxean egiteko erronkak erantsi ditu.
Webgunea eskuragarri
Bere bizipenak eta proposamenak liburuetan jasotzeaz gain, Aldezabalek Supertxiki.com izeneko webgune bat sortu du, Supertxikiak trilogian erabilitako edukiak lantzen dituena. Haren asmoa da bideoen bidez familiei eduki gehigarriak doan eskaintzea eta ezagutaraztea, lanketarekin jarraitu ahal izateko. Egileak argi du gaur egungo gizartea sare sozialetan eta teknologia berrietan murgilduta bizi dela, eta gailu eta plataforma horiek pisu handia dutela egunerokoan. Egoera hori abiapuntutzat hartuta jarri ditu martxan webgunea eta sare sozialak. «Trilogia bat idaztea oso ondo dago, baina, ez badakizu helarazten edo ezagutarazten, hor geratzen da».
«Pozik eta asebeteta». Hala sentitzen da Aldezabal azken emaitzarekin. Otsailaren 2an Errenteria-Oreretako Noski liburu dendan aurkeztu zituen hiru aleak, eta jende mordoa agertu zen. Orain, haren nahia da ahalik eta familia gehienengana iristea, ahalik eta haur gehienek tresna hori txikitatik izan dezaten. «Horixe da nire ilusioa», esan du. Liburuak Supertxiki.com webgunean, eta Errenteria-Oreretako Mirentxu eta Noski liburu dendetan daude eskuragarri.